Albisteak
Atzealdea Astigarragako Udalak egina du bere euskarazko jarduna indartzeko apustu irmoa, eta horretarako neurriak hartzen jarraitzen du
2026·10·01

Astigarragako Udalean, tarteka, gaztelania hutsean jaso izan ditugu hainbat idatzi beste erakunde publiko batzuengandik.
Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 6.1 artikuluak berariaz xedatzen du:
«Euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza da eta, gaztelania bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeen hizkuntza ofiziala, eta, alde horretatik, erakundeon jardueretan erabilera normal eta orokorreko zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza izango da.»
Gainera, Astigarragako Udalak 2025ko irailaren 30ean Tokiko Gobernu Batzordean onartutako hizkuntza-irizpideetan jasotzen da euskara dela udalaren ohiko lan-hizkuntza eta administrazio-jardueraren hizkuntza nagusia.
Hori dela eta, alkatearen izenean gutuna bidali zaie honako erakunde publikoei:
- Eusko Jaurlaritza
- Gipuzkoako Foru Aldundia
- Bizkaiko Foru Aldundia
- Arabako Foru Aldundia
- Eskualdeko Udalak: Hernani, Urnieta, Andoain, Lasarte-Oria eta Usurbil
- Lanbide
- Osakidetza
- Epaitegiak
Xabier Urdangarin Lasa alkateak adierazi duenez, “Gutun horren bidez berretsi da Astigarragako Udalarekin ahozko eta idatzizko harremanak euskara hutsez bideratzeko eskaera, eta erakundeei dagozkien neurriak hartzeko eskatu.”
Administrazio publiko guztiei dagokien lankidetza instituzionalaren eta hizkuntza-normalizazioaren printzipioekin bat etorriz, eskatu diegu Astigarragako Udalari zuzendutako komunikazioak, ofizioak, txostenak, ebazpenak, jakinarazpenak eta gainerako dokumentazioa aurrerantzean gutxienez euskaraz igortzeko.
