Albisteak
Atzealdea Astigarragako Udalak Donostialdeko Taxiaren Araubide Bereziko Eremua sortzeko akordioa onartu du
2024·06·12

Astigarragako Udalak, ekainaren 11n egindako Osoko Bilkuran, Donostialdeko Taxiaren Araubide Bereziko Eremua sortzea eta horretarako hitzarmena onartzea erabaki du.
Hainbat hilabete gaia lantzen igaro dituzte Astigarragako Udalarekin batera Buruntzaldeko, Oarsoaldeko eta Donostiako udalek eta taxilariek.
Araubide bereziko eremuak
Taxi zerbitzuak arautzen dituzten lege eta ordenantzen arabera, herri batetik abiatzen diren zerbitzuak herri horretako taxilarienak dira eta, beraz, ondoko herrietako taxilariek ezin dituzte egin. Horrek arazo ugari sortzen ditu, batez ere taxilari gutxi dituzten herrietan, esate baterako Astigarragan. Arazo hori konpontzeko eta taxilari batek alboko herriko zerbitzuak egin ahal izateko (lan eskari handia dagoenean, gauetan eta abar), araubide bereziko eremuak sor daitezke.
Donostialdeko Araubide Bereziko Eremua
Araubide bereziko eremua horretan 11 udalerri sartzea aurreikusten da: Andoain, Urnieta, Lasarte-Oria, Hernani, Usurbil, Pasaia, Lezo, Errenteria, Oiartzun, Donostia eta Astigarraga.
Akordio eta hitzarmenaren ondorioz, herri horietako taxilariek beste herrietan lan egin ahal izango dute bertako taxilarien baldintza berberekin (geltokiko txandak, tarifa berberak…) herri bakokitzak erabakitzen duen egutegiko egun eta orduetan. Horren bidez, herri bateko une jakin batzuetako eskari igoerari (jaietan, gauetan, urte sasoi jakin batzuetan…) inguruko taxilarien laguntzarekin erantzun ahal izango zaio.
Astigarragaren kasuan, Udalak erabaki du araubide bereziko eremua urteko egun guztietan eta 24 orduetan aplikatzea eta, beraz, beste herrietako taxilariek Astigarragatik hasitako zerbitzuak egin ahal izango dituzte urte osoan zehar, egutegi eta ordutegi mugarik gabe. Herritarrek zerbitzu horiek jaso ahal izango dituzte taxi geltokian hasita edota zerbitzua telefonoz eskatuta.
Udalaren ustez, araubide bereziko eremua lorpen eta aurrerapauso handia da Astigarragarentzat, taxi zerbitzua hobetu eta zerbitzurik gabe geratzen ziren epealdiak beste herrietako taxilariekin osatu ahal izango direlako.
Noiz indarrean
Araubide berezian sartzeko akordioak hartzen ari dira aipatutako udalak ekainean zehar. Ondoren, eremua sortzeko espedientea Aldundiari igorri behar zaio, baimena eman dezan. Aurreikusten dugu eremua udan martxan jarriko dela.
Martxan jarri aurretik, Udalak herritarrei informazioa helaraziko die ohiko bideetatik, martxan jartzera doala adierazteko eta eskura izango dituzten taxi zerbizuen telefono eta datuak eskura jartzeko.
