Albisteak
Atzealdea Astigarragako Udalak abiatutako bi prozesu parte-hartzaileren azken saio irekiak egingo dira abenduaren 12ko astean
2022·12·05
Astigarragako Udalak une honetan hainbat prozesu parte-hartzaile ditu martxan eta horietako biren, Kultur Etxe Zaharraren etorkizuna definitzekoa eta terrazen ordenantza berrikustekoa, azken saioak egingo dira abenduaren 12ko astean. Udalak azken saio irekietan parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi die herritarrie.
Kultur Etxe Zaharraren etorkizuna definitzeko prozesua
Prozesu hau maiatzean jarri zuen martxan Udalak. Ordutik gaur arte eraikinaren erabileraren, funtzionamenduaren eta espazioen antolaketaren gaineko iritziak eta ekarpenak jaso dira. Helburu horrekin udan hainbat eragile eta pertsona elkarrizketatuak izan ziren eta irailean herritarrei zuzendutako galdetegia zabaldu zen. Iritzi-bilketa horren ondoren, urriaren 26an herritarrekin saio ireki bat egin zen. Saio horretan jasotako iritziak eta galdetegiko erantzunak konpartitzeaz gain, espazioaren antolaketari buruzko gogoeta egin zen. Azken saio irekian hiru gai nagusi landuko dira:
- aurreko saioan espazioaren antolaketari buruzko lanketa konpartituko da
- funtzionamenduari buruzko gogoeta egingo da
- prozesuaren ondorio nagusiak helaraziko dira.
Azken saioa abenduaren 13an, asteartean, 18:30ean, Kultur Etxe Zaharreko aretoan izango da. Herritar orori zuzendutako saioa izango da eta ordu eta erdiko iraupena izango du.
Terrazen ordenantza berrikusteko prozesua
Astigarragako Udalak terrazen ordenantza berrikusteko prozesua jarri zuen martxan uztailean. Prozesuaren helburua terrazen erabilerari eta ezaugarriei dagokienez elkarbizitzarako gakoak identifikatzea eta herritarrekin eta ostalariekin batera gako horien inguruko adostasunak lantzea da. Horretarako egun indarrean dagoen Udalaren araudia aztertzen dihardugu eta bizikidetza hobetzeko neurriei buruzko gogoeta egiten.
Uztailetik irailera bitartean egungo egoeraren diagnosia landu genuen, hainbat lagunen testigantzak eta inguruko udalerrietan dauden araudien azterketa oinarri hartuta. Ondoren, herritarrekin eta ostalariekin gogoeta egiteko xedearekin herritar eta ostalari orori irekitako bi saio egin ziren (urriaren 19an eta azaroaren 9an). Saio horietan diagnosia konpartitu zen eta bertaratutako herritar eta ostalarien gogoeta egin ostean, hainbat eskaerak edo proposamen jaso ziren.
Eskaera eta proposamen horiek aztertu ditu Udalak eta azken saio irekian Udalak burututako lanketaren deboluzioa egingo da eta prozesuaren ondorioak aurkeztuko dira.
Azken saioa abenduaren 15ean, ostegunean, 16:00etan, Kultur Etxe Zaharreko aretoan izango da. Herritar eta ostalari orori zuzendutako saioa izango da eta ordu eta erdiko iraupena izango du.
Izena emateko bete formularioa, idatzi berdintasuna@astigarraga.eus helbidera, deitu edo whatsapp-a idatzi 638206586 telefonora.