Albisteak
Atzealdea

Astigarragako Udala ostalariekin bildu da sektoreak bizi duen egoera aztertu eta martxan jarriko diren laguntzen berri emateko

Astigarragako Udala azaroaren 20an bildu zen herriko ostalariekin. Bilkura horren helburua ostalariek itxieraren ondorioz bizi duten egoera ezagutzea da eta Udalak eskainiko dituen laguntzen berri ematea izan da.

2020·11·27


Hauek dira Udalak ostalarientzat martxan jarriko dituen neurri eta dirulaguntza berriak:

  1. Dirulaguntza zuzenak: 1.000 euroko dirulaguntza finkoa emango die ostalariei jarduera geldiarazi behar izan dutelako. Horretarako, 50.000 euro bideratuko ditu Udalak.
  2. Deskontu-bonuen ekimenaren bigarren edizioa: Deaialdia martxan da dagoeneko. Aurreko edizioaren parekoa izango da, bi aldaketa nagusi izango ditu: %30eko deskontua izango dute bonuek oraingoan, eta komertzio zein ostalari guztiek izango dute parte hartzeko aukera. Abendutik martxora bitartean egongo da kanpaina martxan eta horretarako Udalak 30,000 euro bideratuko ditu.
  3.  Inbertsioetarako laguntzak: Covid-19ari aurre egiteko beharrezkoak diren segurtasun eta babes neurriak bermatu ahal izateko, jarduera ekonomikoa prestatu edota egokitzeko egiten diren inbertsioetarako laguntzak. Horretarako Udalak 24.435 euroko aurrekontua du.
  4. Guztion Azoka, otarren zozketa: Udalak Astiko elkartearekin hitzarmena sinatu du otarren kanpaina abiatzeko. Abenduan gauzatuko da kanpaina. Horretarako, Udalak 10.000 euro jarriko ditu eta Astikok 3.000.
  5. 2021eko terrazen tasak: Udalak ez die herriko ostalariei 2021. urteko terrazen tasa kobratuko. Beraz, 19.541,78 euroko laguntza emango die kontzeptu honetan ostalariei.

Azaro-abenduan martxan dauden eta jarriko diren neurri eta dirulaguntza horien bitartez Udalak 109.541,78 eurotan lagunduko ditu ostalariak.

Hauek ez dira 2020an emandako laguntza bakarrak. Izan ere, ekaina eta iraila artean beste zenbait laguntza bideratu zituen Udalak, orduan ere, ostalaritza establezimenduek izandako itxierak eragindako kalteak gutxitzearren eman ziren.

Epealdi horretan Udalak ostalariei emandako dirulaguntzen kopurua 84.654,88 eurokoa izan zen guztira.

Hauek dira ekain eta iraila bitartean Udalak martxan jarri zituen laguntzak:

  1. Dirulaguntza zuzenak: 60.345,00 euro eman zituen laguntzetan Udalak. 34 ostalarik jaso zituzten laguntza hauek. Laguntzak 1.500-2.400 euro ingurukoak izan ziren.
  2. Deskontu-bonuen ekimenaren lehenengo edizioa: Kanpaina honetan 25 ostalaritza establezimendu izan ziren onuradun eta sektore honi bideratutako dirulaguntza 4.768,10 eurokoa izan zen.
  3. 2020ko terrazen tasak: 16 ostalaritza establezimenduri eman zion Udalak laguntza. Guztira, 19.541,78 euro bideratu ziren horretarako. Ostalaritza-establezimendu bakoitzak 244,80-3.011,04 euro bitarteko laguntza jaso zuen, ordaintzen duten terrazaren kuotaren araberakoa.

Pandemia hasi zenetik Udalak 194.196,66 euro bideratu ditu ostalaritza-establezimenduentzat, Covid-19ak eragin dituen kalteak gutxitzen laguntzeko. Ostalaritza establezimenduek 3.000,00 euro eta 10.000,00 euro arteko laguntzak jaso dituzte.

Aurrerantzean ere Udalak ostalaritza sektorearekin lankidetzan jarraituko du, bere laguntza eta babesa emateko.