Astigarragako terrazen ordenantza berrikusteko herritarrekin eta ostalariekin hausnarketa saioak egingo dira
2022·10·13
Astigarragako Udalak terrazen ordenantza berrikusteko prozesua jarri zuen martxan uztailean. Prozesu horren helburua terrazen erabilerari eta ezaugarriei dagokienez elkarbizitzarako gakoak identifikatzea eta herritarrekin eta ostalariekin batera gako horien inguruko adostasunak lantzea da. Horretarako egun indarrean dagoen Udalaren araudia aztertuko da eta bizikidetza hobetzeko neurriei buruzko gogoeta egingo da.
Dagoeneko prozesu horretan hainbat urrats eman ditu Udalak eta uztailetik irailera bitartean egungo egoeraren diagnosia landu da, hainbat lagunen testigantzak eta inguruko udalerrietan dauden araudien azterketa oinarri hartuta.
Hurrengo urratsa herritarrekin eta ostalariekin gogoeta egitea da urrirako eta azarorako antolatu diren herritar orori irekitako hiru saioen bidez. Saioek ordu eta erdiko iraupena eta Aztiker Aholkularitza enpresaren gidaritza izango dute. Jarraian saio bakoitzaren data, ordutegia eta helburua:
- Lehen saioa: Urriaren 19an, asteazkena, 16:00etan, Kultur Etxe Zaharreko aretoan: sortutako diagnostikoa partekatzea, balorazioak jasotzea eta hausnarketarako proposatzen diren gaiei buruzko proposamenak jasotzea.
- Bigarren saioa: Azaroaren 9an, asteazkena, 16:00etan, Kultur Etxe Zaharreko aretoan: terrazei buruzko ordenantza egiteko/aldatzeko proposamenetan aurreko saioan identifikatu diren desadostasunak aztertzea eta adostasunak lantzea.
- Hirugarren saioa: Azaroaren 30an, asteazkena, 16:00etan, Kultur Etxe Zaharreko aretoan: prozesuan zehar landutakoaren ondorioak eta terrazen gaia kudeatzeko jarraibideak.
Bizilagunak eta ostalariak saio horietara deituta daude euren proposamenak eta hobetzeko aukerak helarazteko eta kontrastatzeko. Bi aldeen parte-hartzea ezinbestekoa izango da guztien beharrak aintzat hartzeko eta herriko elkarbizitza hobetzeko.
Saio irekietarako izen-ematea
Saioen antolaketa errazteko, saioetara etorri nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute (beranduenez, saioaren data baino bi egun lehenago). Horretarako hiru kanal izango dituzte:
- E-mail bidez: berdintasuna@astigarraga.eus
- Telefonoz edo Whatsapp bidez: 638206586
- Izen emate formularioa betez udal webgunean.