Albisteak

Atzealdea Astigarragako taxilaria Radio Taxi Donostiren irrati-taxi zerbitzuan sartu ostean, 274 zerbitzu eman dira Astigarragan urrian

Radio Taxi Donostiko telefonora deituta (943 46 46 46) Astigarragako taxilariak lehentasunez jasotzen du eskaria eta ezin badio erantzun sareko beste taxilari batek ematen du zerbitzua.

2025·11·14


2024ko abenduan Donostialdeko Taxiaren Araubide Bereziko Eremua sortu zuten Donostialdeko 11 udalek, tartean Astigarragakoak. Akordio eta hitzarmen horren ondorioz, atxikitako herrietako (Donostia, Buruntzaldea eskualdea eta Oarsoaldea) taxilariak beste herrietara joan daitezke lan egitera bertako taxilarien baldintza berberekin (geltokiko txandak, tarifak...) herriak zehazten duen egutegiko egun eta orduetan.

Astigarragaren kasuan, Udalak erabaki zuen eremu berezia urteko egun guztietan eta 24 orduetan aplikatzea. Ondorioz, eremuko beste herrietako taxilariek Astigarragatik hasitako zerbitzuak urte osoan zehar egin ditzakete, egutegi eta ordutegi mugarik gabe. Herritarrek taxi-geltokian edo telefono bidez eska ditzakete zerbitzu horiek.

Eremu berezia sortu ondoren, Fernando Pereira Astigarragako taxilariak eta Radio Taxi Donostik akordio bat sinatu zuen joan den udan, herriko taxilaria konpainia horren irrati zerbitzuan sartzeko. Horren helburua astigartarrei zerbitzua hobetzea eta batez ere kudeaketa erraztea izan da, izan ere sistema horren bidez Radio Taxi Donostiako telefono-zenbakira deituta, herriko taxilariak lehentasunez ematen ditu Astigarragako zerbitzuak, eta, berak ezin badu, Radio Taxi Donostiko sarean dauden beste taxilariei esleitzen zaie. Horrela, bermatuta geratzen da deitu duen astigartarrak zerbitzua jasoko duela.

Lau hilabete igaro dira hitzarmen hau martxan jarri zenetik, eta lehen hilabete hauetako balorazioa positiboa da. Uztailean, abuztuan eta irailean Astigarragako 211 eskariri erantzun zitzaien Radio Taxi zerbitzutik. Horietako batzuk bertako taxilariak egin zituen, eta gainerakoak konpainiako beste kideek. Urrian deien kopurua nabarmen handitu da eta orotara 274 izan dira irrati-taxiaren bidez Astigarragatik eskatuta egin diren zerbitzuak. Zenbaki hauetan ez dira zenbatu herriko sagardotegietatik jaso diren deiak. Sagardotegietatik beste 732 dei jaso dituzte uztaila eta urria bitartean: Petritegi, Malum Rex, Alorrenea, Ipintza, Astarbe, Bereziartua, Irigoien, Rezola eta Oialume-Zar izan dira zerbitzua erabili duten sagardotegiak.

Datuek erakusten dutenez, zerbitzuaren erabilerak gora egin du, astigartarrak zerbitzua barneratzen ari dira eta modu egokian ari da funtzionatzen.

Udalaren iritziz azpimarratzekoa da herriko taxilaria eta Radio Taxi Donosti egiten ari diren ahalegina.

Zerbitzua jasotzeko bi zenbaki hauetara deitu daiteke:

  • Astigarragako taxi zerbitzua: 622 222 343
  • Radio Taxi Donosti: 943 46 46 46