Albisteak
Atzealdea Astigarragako Sagardun partzuergoan gerente lanpostua betetzeko oposizioa-lehiaketa martxan da
2025·04·02

Sagardun partzuergoak Sagardoetxea kudeatzen du, Astigarragako sagardoaren museoa. Gerente-lanpostua hutsik geratu da eta hori betetzeko oposizio-lehiaketa abian jarri da. Apirilaren 1ean argitaratu ziren deialdia eta oinarriak GAOn eta beraz, apirilaren 2tik maiatzaren 5era (biak barne) aurkeztu ahal izango dira hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskabideak.
Partzuergoa Astigarragako Udalera atxikita dagoenez gerentearen lanpostua betetzeko prozesuaren ardura Udalaren gain geratu da.
Lanpostuak izango dituen funtzio eta ataza esanguratsuenak, hauek dira:
- Partzuergoko zuzendaritza-lanak egitea.
- Proiektu berritzaileak sustatzea eta bultzatzea.
- Partzuergoak burutzen dituen jarduerak koordinatu, antolatu eta gainbegiratzea.
- Partzuergoko aurrekontuen osaketa eta jarraipena egitea.
- Lan kontablea burutzea.
- Dirulaguntzen tramitazioa egitea.
- Partzuergoak kudeatzen dituen instalazioen eta bertako programen kudeaketa egitea.
- Beste erakundeekin harremanak edukitzea eta hitzarmenak tramitatzea.
- Komunikazio idatziak gainbegiratzea.
- Partzuergoko jarduerarekin zerikusia duten eskaerei erantzutea eta Astigarragako Udalarekin lankidetzan aritzea.
- Txostenak eta ebazpen-proposamenak, estatistikak, memoriak, planak eta eskatzen zaizkion beste dokumentu batzuk egitea.
Hauek dira hautagaiek bete beharreko baldintzetako batzuk:
- 16 urtetik gorakoa izatea.
- Lizentziatura, diplomatura edo graduko unibertsitate-titulua izatea.
- Ingeleseko edo frantseseko B2 maila izatea, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera.
- Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko euskararen C2 maila edo baliokidea (IVAPen edo Osakidetzaren 4. hizkuntz-eskakizuna).
Eskaerak aurkeztea
Hautaketa-prozesuan parte hartu nahi dutenek dagokion eskabidea aurkeztu beharko dute, Sagardoetxearen eta Astigarragako Udalaren webguneetan aurki daitekeen eredu normalizatuaren arabera.
Eskabideak Astigarragako Udalean aurkeztu behar dira, telematikoki edo aurrez-aurre erregistroan.
Eskabideak aurkezteko epea zabalik egongo da maiatzaren 5era arte (barne).
Ikus informazio guztia oinarrietan
