Albisteak

Astigarragako osasun zentro berriari buruzko adierazpen instituzionala

Maiatzeko Osoko Bilkuran aho batez onartu zen Osakidetzari Astigarragako osasun-zentro berria eskatzeko adierazpen instituzionala.

2022·06·03


Aurrekariak

2019ko azaroan Osakidetzako Donostialdeko Gerentziarekin harremanetan jarri zen Astigarragako Udala, besteak beste Astigarragako osasun zentroan arratsaldeko txandak jarri ote zitezkeen galdetzeko eta pediatriako zerbitzua indartzeko eskatzeko.

Astigarragako biztanleen kopurua bikoiztu egin da azken 15 urteotan eta une honetan (2022ko maiatzean) 7.563 biztanle ditu. Jaiotza tasa Gipuzkoako tasaren bikoitza izaten ari da urtero. Beraz, gero eta biztanle gehiago eta gero eta haur-gaztetxo gehiago (pediatriako behar gehiago). Hortik zetorren Udalaren eskaera.

Horrekin batera, Astigarragako Osasun Zentroko langileekin izan ditugun elkarrizketetan argi adierazi digute leku arazo dituztela eta, biztanle kopurua handituz doanez, etorkizunean arazo horiek areagotu egingo direla.

Osakidetzak Udalari adierazi zion arratsaldeko txandak jartzeko leku arazoak zeudela Astigarragako Osasun Zentroan. Gaia elkarrekin aztertzen aritu ondoren, Osakidetzako Donostialdeko Gerentziak Udalari adierazi zion etorkizunera begira 800m2 inguruko azalerako lokala beharko litzatekeela. Udalak konpromisoa hartu zuen gisa horretako eraikin edo lokalen aukerak aztertzeko.

Gaia aztertu ondoren, 2021eko urtarrilean Udalak proposamen zehatza egin zion Osakidetzako Donostialdeko Gerentziari, hain zuzen ere osasun zentro berria egitea Urumea Berriko azken etxebizitza blokearen beheko solairuan (800m2 inguruko azalera duen lokala). Halaber, Udalak adierazi zion lokal hori amaituta egongo zela 2021eko urte amaieran. Osasun zentroak eraikitzeko eskumena eta ardura Osakidetzarena da, baina udalak orubea edota lokala laga behar dio.

Erantzunik jaso ez zuenez, 2021eko uztailean Udalak berriz eskatu zion erantzuna Osakidetzari idatziz. Osakidetzako Donostialdeko Gerentziak erantzun zuen Osakidetzako azpiegituren zerbitzua beharrak aztertzen ari zela.

2021eko urte amaieran aipatutako lokala amaituta zegoen eta ingurua hiritartuta.

Hainbat hilabete igaro eta erantzunik jaso ez zuenez, Udalaren eskariz, 2022ko otsailean idatzizko galdera aurkeztu zen Eusko Legebiltzarrean. Idatzi horri Osasun sailburuak 2022ko martxoaren 7an erantzun zion, honakoa adieraziz:

“Astigarragako osasun-zentroko zerbitzuaren inguruan. (12/10/07/02/01887-799) Osakidetzak etengabe ebaluatzen du bere osasun-zentroen egoera, lehen mailako arretako inbertsio programaren kontura zer jarduketa egin eta zer lehentasunekin egin behar diren zehazteko. Astigarragako egoeraren ebaluazioa ez da amaitu. Oraingoz, egungo kokapenean ez dago lekurik, ezta hazteko aukerarik ere. Astigarragako herritarren beharrei nola erantzun aztertzen ari dira.”

Astigarragako Udalak eta herriak premia ugari ditu eta Osakidetzari eskainitako lokala ezin du erabili gabe eduki, epemugarik gabe, Osakidetzak zer eta noiz erabaki bat hartuko zain. Halaber, Astigarragako Udalak epe erdi eta luzera nekez izango du eskura ezaugarri horiek dituen beste lokalik.

Horregatik guztiagatik, Astigarragako Udalaren Osoko Bilkurak honakoa adierazten du:

  1. Astigarragako gaur egungo osasun zentroak leku arazo nabarmenak ditu astigartarrei zerbitzu egokia eskaintzeko.
  2. Astigarragako Udalak berretsi egiten du, berriz ere, bere borondatea Osakidetzari Urumea Berriko lokala lagatzeko, bertan osasun zentro berria egin dezan. 
  3. Astigarragako Udalak Osakidetzari eskatzen dio berehala erantzun dezala, eskainitako lokala ontzat ematen duen ala ez eta konpromisoa har dezala lagapena formalizatu eta osasun zentro berriaren proiektua atzerapenik gabe martxan jartzeko.
  4. Astigarragako Udalak mozio hau Osakidetzari eta Eusko Legebiltzarrko Osasun Batzordeko kideei helaraziko die, gaiari erantzun egoki bat ahalik eta lasterren emateko konpromisoa eskatuz.