Albisteak
2024·06·11
Astigarragako Herri Eskolako ikasleak bigarren urtez energiaren gaia lantzen ari dira “Eskola Agenda 2030” hezkuntza-programaren baitan. 2022-2023 ikasturtean eskola barruko nahiz herriko errealitatea aztertu zuten eta lortutako emaitzetatik abiatuz, eskolan hobetzeko hainbat alderdi antzeman eta horiek hobetzeko ekintza zehatzak definitu zituzten. Ekintza horiek 2023-2024 ikasturtean garatu dituzte ikasleek, irakasleek eta eskolako gainerako langileek.
Aurrekoaz gain, herrian energia aurrezteko, kontsumitzen dena energia berriztagarrien bidez lortzeko eta eraginkortasuna handitzeko proposamenak ere egin dira. Proposamen horiek iazko eta martxoko Udal Foroan aurkeztu zizkioten Udalari. Udal ordezkariek proposamen guztiak aztertu ondoren, horietako bakoitzaren garapenari buruzko azalpenak eman zituzten martxoan egindako Foroan.
Egindako lanketa honetatik abiatuta, Udala eta Eskola elkarlanean ari dira herrira begira ekintza partekatuak garatu ahal izateko. Ekintza horietako bat, hain zuzen, bi informazio-mahai jartzea izango da, herritarrei energia aurrezteari buruz aholkatzeko eta sentsibilizatzeko . Ekainaren 14an, ostirala, 10:00etatik 11:30era jarriko dira mahaiak (mahai bat Kale Nagusian jarriko da eta beste mahaia Kontxa Etxeberria plazan). Informazio-mahai horietan herritarrei aholkuak ematen ariko direnak eskolako ikasleak izango dira.
Bestalde, ikasturte honetako azken Udal Foroa ospatu dute gaur goizean, 11:00etan, Astigarragako udaletxeko bilkura aretoan. Bertan, ikasleek eta udal arduradunek 2. ikasturte honetan egindako ibilbidearen balorazioa egin dute eta datorren ikasturtean lantzen hasiko diren gaia ere jorratuko dute.