Albisteak
Atzealdea Astigarragako Euskararen Etxeak irailean zabalduko ditu ateak, euskararen biziberritzerako erreferentziazko gune berri gisa
2026·07·16

Astigarragako Udalak eta Astigarragako AEK-k administrazio-emakida sinatu dute gaur, Euskararen Etxearen kudeaketa arautzeko. Akordio horri esker, Nabarra Oñatz kaleko 11. zenbakian kokatutako ekipamendu berriak euskararen inguruko jarduera eta eragileen topagune izateko bidea egingo du. Euskararen Etxeak irailean zabalduko ditu ateak.
Gaur goizean udaletxean egindako prentsaurrekoan eman da emakidaren berri, eta bertan izan dira Astigarragako Udaleko eta AEK-ko ordezkariak. Agerraldia baliatu dute herritarrei emakidaren berri emateko, poiektuaren nondik norakoak zabaltzeko eta aurrera begirakoak azaltzeko.
Euskararen Etxea ez da soilik euskaltegiaren egoitza berria izango; euskararen biziberritzean diharduten eragileentzako erreferentziazko espazioa izango da. AEKren ohiko jardunaz gain, Astindu Euskara Elkartearen bilerak, Euskararen Mahaiaren lan-saioak eta euskararen inguruko bestelako ekimen eta jarduerak ere hartuko ditu.
Azken urteetan, Astigarragako AEK-k bere jarduna hainbat gunetan banatuta garatu behar izan du, eta horrek zailtasunak ekarri ditu eguneroko funtzionamenduan. Euskararen Etxe berriak, beraz, euskaltegiaren jardunerako baldintza egokiagoak eskainiko ditu, eta euskararen irakaskuntza eta erabilera sustatzeko azpiegitura hobea izango da.
Euskararen Etxeak aukera berezia eskainiko dio, era berean, Astindu Euskara Elkarteari. Espazio propio bat izateak hasierako ibilbidea indartzen lagunduko du, bere jarduera garatzeko, saretzeko, herriko euskaltzaleak aktibatzeko eta ekimen berriak bultzatzeko baldintza egokiak eskainiz.
Astigarragako Udalak euskararen normalizazioa lehentasun estrategikotzat du, eta ildo horretan kokatzen da 2024-2029 Astigarragako Euskararen Plan Estrategikoa. Planak herritarren parte-hartzea, elkarlana eta hiztun komunitatearen indartzea ditu oinarri, eta Euskararen Etxea estrategia horren baitako proiektu nagusietako bat da.
Astigarraga udalerri euskalduna bada ere, euskararen erabilerak erronka garrantzitsuak ditu aurrean. Azken urteetan euskararen ezagutza mailak gora egin du, batez ere haur eta gazteen artean, baina erabileraren eta transmisioaren inguruko datuek indartze-lanaren beharra erakusten dute. Horregatik, beharrezkoa da euskaraz bizitzeko aukerak, espazioak eta sareak sortzea.
Euskararen Etxeak helburu hori izango du: euskararen erabilera sustatzea, herriko eragileen arteko lankidetza sendotzea eta euskararen inguruko ekimen berriei bidea ematea. Herritar guztientzako gune irekia izango da, euskaldunen, euskara ikasten ari direnen eta herrira iritsi berrien arteko harremanak eta komunitatea indartzeko.
Euskararen Etxearen obrak amaituta daude, eta irailean hasiko da haren jarduera. Irailaren 3an herriko eragileekin bisita egingo da espazioa ezagutzeko, eta hilabetean zehar hainbat ekitaldi eta aurkezpen jarduera egingo dira ekipamendu berriaren inguruan.
Astigarragako Udalak eta AEK-k azpimarratu dute Euskararen Etxea elkarlanetik sortutako proiektua dela, eta euskararen etorkizunari begira herriak izango duen azpiegitura estrategiko berrietako bat izango dela.
