Albisteak

Atzealdea Astigarragako etorkizuneko kontsumitzaileen erosketa eta kontsumo ohituren eta beharren azterketa aurkeztu da

Aurkezpenean, ikerketatik ateratako ondorio nagusiekin batera, egindako lana osatzeko egingo diren ekintzen berri eman zen.

2025·03·18


Astigarragako Udalak eskatuta, Astigarragako etorkizuneko kontsumitzaileen erosketa- eta kontsumo-ohituren eta-beharren azterketa egin du Siadeco Ikerketa Elkarteak.

Lan honen helburua izan da Astigarragako 19 eta 44 urte bitarteko herritar gazteen erosketa- ohiturak eta -beharrak aztertzea, ondoren herriko merkataritza adin-segmentu horrentzako erakargarriagoa izan dadin eskuhartzeak egin ahal izateko. Ohituren azterketa horretatik, merkatariek zein gazteek eskaera zehatzak egiten dituzte, eta Siadecok horiek landu eta proposamen zehatzak egin ditu.

Zeharkako zein zuzeneko informazio-iturriak baliatu dira. Zuzeneko informazioa jasotzeko, bi inkestatze-prozesu burutu dira: lehenengoa, herriko merkatariei; eta bigarrena, 19 eta 44 urteko astigartarrei.

  1. Herriko merkatariei inkesta: 42 establezimenduk erantzun dute: 17 elikagai-denda, 14 bestelako merkataritza-establezimendu, eta 11 zerbitzu-establezimendu.
  2. 19 eta 44 urte bitarteko astigartarren lagin adierazgarri bati inkesta: 300 inkesta egin dira: 19 eta 29 urte artekoei 100, eta 30 eta 44 urte artekoei 200.

Egindako azterketaren emaitzei dagokienez, hauek dira ondorio nagusietako batzuk:

  1. Zeharkako informazio bidez egiaztatu da nola aldatu den herria azken 20 urteetan: biztanleria % 89,3 hazi da, % 72,3 etxebizitza gehiago dago eta errenta erabilgarria ere nabarmen igo da (batez ere, emakumezkoen artean). Merkataritzari dagokionez, 2009 eta 2024 artean 13 merkataritza-establezimendu galdu ditu Astigarragak; hortaz, merkataritza- eskaintza ez da handitu herriaren hazkundearekin batera.
  2. Merkataritza-establezimenduen ezaugarri nagusiak hauek dira: batez beste 12,9 urte daramatzate irekita, 64,4 m2 bideratzen dituzte salmentara batez beste eta erdia pasatxok alokairuan du lokala. Merkataritzaren ezaugarrietan eragin handia du zonaldeen arteko banaketak; hori horrela: Urumea Berriko dendek urte gutxiago dituzte Erdialdekoek baino (Urumea Berri: 3,1 urte eta Erdialdea: 17,6 urte); azalera handiagoa dute (Urumea Berri: 114,3 m2 eta Erdialdea: 42,2 m2); eta Erdialdean gehiagok dute lokala jabetzan eta Urumea Berrin, aldiz, alokairuan. Feminizatutako sektorea da: arduradunen % 61,9 da emakumezkoa, eta langileen % 70,7.
  3. Herritarrei dagokienez, segmentu honen ezaugarriak ondorengoak dira: % 69 Astigarragara bizitzera etorritakoa da, eta horietatik, erdia baino gehiago Donostiatik etorri da (% 58); % 71k, goi-mailako ikasketak ditu; eta % 70ek Astigarragatik kanpo egiten du lan. Euskara-gaitasuna kontuan hartuta, Astigarragan bizitzen zenbat eta urte gutxiago eraman, orduan eta apalagoa da euskara-gaitasuna eta altuagoa erdaldunen proportzioa. 4
  4. Badute herrian erosteko ohitura, zenbait produktuei dagokienez, behintzat: batez ere elikagaiak erosten dituzte, freskoak eta freskoak ez direnak, eta horiek herriko supermerkatuetan eskuratzen ditu hamarretik zazpi inguruk. Bestelako produktu komertzialak erdiak erosten ditu herriko dendetan. Herrian erosten dutenean, bezeroei eskainitako arreta eta tratua, hura euskaraz izatea eta ordutegia baloratzen dituzte gehien.
  5. Kanpoan erosten dutenean, egunerokotasunean erosten ez diren produktuak erostera joaten dira: arropa eta oinetakoak eta bestelako produktu komertzialak. Donostian erosten dituzte gehien: arropa eta oinetakoak merkataritza-guneetako dendetan, eta bestelako produktu komertzialak Donostiako denda-txikietan. Hipermerkatuetara ere ateratzen dira, batez ere, Donostiara, Hernanira edo Oiartzunera, freskoak ez diren elikagaiak erostera. Kanpoan dagoen aukera zabala, produktuen prezioak eta erosotasuna (aparkalekua…) da gehien baloratzen dutena.
  6. Internet bidez erosten du arropa eta oinetakoak gazteen hiru laurdenak, % 62k produktu teknologikoak, eta erdiak altzariak eta burdindegiko produktuak. Kasu honetan ere, aukera zabala, prezioak eta desplazatu gabe erosteko aukerari ematen diote garrantzia.
  7. Denden kudeaketarekin loturiko zerbitzuez gain, komunikazioarekin zerikusia duten baliabideak eskaintzen dituzte Astigarragako establezimenduek: Instagram kontua izatea gero eta ohikoagoa den arren, establezimendu askok oraindik ez duten presentzia digitalik (ez daude ez Instagramen, ezta Facebooken ere, eta ez dute webgunerik). Gutxien eskaintzen diren zerbitzuen artean daude: etxera eramateko zerbitzua eta online salmentarako aukera (oso gutxik eskaintzen dute web-orri, Instagram edo Whatsapp bidezko salmenta, % 19).
  8. Kontsumitzaileek bezeroen arreta baloratzen dute gehien, eta komunikazioari ematen diote puntuaziorik baxuena. Hain justu, merkatarien heren batek adierazi du sare sozialetan aktiboagoa izatea dutela erronka, eta ildo horretatik, komunikazio digitaleko formakuntza-beharra dutela aipatu du antzeko proportzioak. Ildo beretik, aztertutako gazteen segmentuek okerren baloratutako bi alderdietan dago eskaintzaren komunikazio digitala, eta merkataritzari egiten zaizkion eskarien artean komunikazioa (digitala, batez ere) hobetzea gehientsuek aipatutako alderdia izan da. Horrekin batera, bezeroaren arretari loturiko gaiek duten garrantziaz ere jabetzen dira merkatariak, horregatik, ildo horretan sakontzeko beharra ere antzeman dute.
  9. Establezimenduan zerbitzua euskaraz eskaintzeko gaitasunari erreparatuz gero, Astigarragako hamar establezimendutik seitan (% 61,9) zerbitzua euskaraz eskaintzeko gaitasuna bermatzen da (ulertzeko eta hitz egiteko gai). Gainera, hamar establezimendutik beste ia hirutan (% 26,2), bezeroak euskaraz egitean, ulertzeko gaitasuna ere adierazi dute arduradunek. Beste modu batera esanda, hamar establezimendutatik ia bederatzitan bezeroak euskaraz eroso hitz egiteko aukera dutela esan genezake. Erabilera zertxobait baxuagoa da, ordea: kontsumitzaileen % 65,3k egiten du euskara hutsean edo euskaraz gehiago merkatariekin, gehiago zenbat eta urte gehiago eraman herrian bizitzen. Horrez gain, establezimenduen hizkuntza-paisaia ere aztertu da. Kanpoko hizkuntza-paisaia euskara hutsean dute gehienek (% 42,9); ele bitan % 35,7k. Barneko hizkuntza-paisaian, aldiz, gaztelaniak presentzia handiagoa du; kasu gehienetan, ele bitan dutenak nagusitzen dira (% 76,2), baina gaztelania hutsekoak ere antzeman dira (% 11,9).
  10. Merkatarien eta herritarren erdiak ezagutzen du Astiko Elkartea asko edo nahikoa, eta haren lanari buruz egiten duten balorazioa ona da: merkatarien % 80k balorazio ona edo oso ona egiten du; eta herritarren % 71rentzat egiten dituen ekintzak erakargarriak edo oso erakargarriak dira.

Astigarragako merkataritza, zerbitzu eta ostalaritza establezimenduen sendotze eta berritze prozesuak laguntzeko bidelaguntza zerbitzua

Ikerketan ateratako ondorioetako bat izan da herriko establezimenduek, oro har, komunikazio digitala eta kanal digital bidezko salmenta, lantzeko beharra ( Instagram,Whatsapp, ...) dutela. Hitz batean, presentzia digital aktiboagoa behar dutela herriko segmentu gazteenengana iristeko.

Hori horrela, Astigarragako herritar kontsumitzaile gazteek eginiko eskakizunetara egokitzeko, Astigarragako Udalak erabaki du A* Toki Garapen Jasangarri planean jasotako 3.2.3. ekintzari jarraiki, Merkatariak herritarren beharrei erantzuna eman eta profesionalizatzeko aholkularitza eta formazioa ematea, eta sektorearekin lankidetzan, Astigarragako establezimenduei bidelaguntza zerbitzu bat eskaintzea alor digitala lantzeko. Astigarragako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu establezimenduek erabili ahal izango dute zerbitzua. Zerbitzu horren bidez, Astigarragako establezimenduek egun duten presentzia digitalari buruzko diagnosia jaso eta eremu digitalean aurrera egiteko helburuak finkatu, helburu horiek lortzeko ekintzak zehaztu eta garatzeko bidelaguntza jasoko dute. Datozen egunetan zerbitzuan parte hartzeko izena emateko aukera irekiko da, eta, zerbitzua, hasiera batean behintzat, uztaila amaiera arte garatuko da.

Hurrengo pausoak finkatzeko dirulaguntza

Horretaz gainera, eremu digitalean presentzia aktiboa lantzen jarraitzeko dirulaguntza lerro bat onartzeko asmoa du Udalak. 2025eko maiatzarako onartuta egotea aurreikusten da. Funtsean, eremu digitalean herriko establezimenduen presentzia areagotzeko hainbat ekintza, diruz lagunduko dira: marketin digitaleko planak, marketin digitaleko zerbitzuak, online publizitate- kanpainak, euskarri digitalen garapena, bilatzaileetan posizionatzea eta sare sozialak, online salmentarako eta merkataritza digitalerako plataformak sortzea, etab. Helburu horiekin garatutako ekintzak estaltzeko, gehienez ere, 1.350€tako dirulaguntza emango zaio eskatzaile bakoitzari. Dirulaguntza honen baitan garatu daitezkeen ekintza zehaztu, ekintza horiek garatu ditzaketen hornitzaileak bilatu eta proposamenak eskatu, eta dirulaguntza eskaera egiteko bidelaguntza izango dute interesa duten establezimenduek.

Astigarragako merkataritzan euskarak duen lekua

Ikerketan ateratako beste ondorio bat izan da hamar establezimenduetatik ia bederatzitan bezeroak euskaraz eroso hitz egiteko aukera duela eta bezeroak balorean jartzen duela. Establezimenduen hizkuntza-paisaiari dagokionez, kanpoko hizkuntza paisaia euskara hutsean dute establezimendu gehienek (%42,9); elebitan %35, 7. Barneko hizkuntza paisaian, aldiz, gaztelaniak presentzia handiagoa du; kasu gehienetan, elebitakoak nagusitzen dira (%76,2), baina gaztelania hutsekoak ere atzeman dira (%11,9).

Hala, “2024-2029 Astigarragako Euskararen Plan Estrategikoan” aurreikusi bezala, estrategikoa da merkataritzako eta elkarteetako jarduera euskalduntzeko laguntzei jarraipena ematea. Aurtengo deialdiari begira, Udalak ahalegin berezia egingo du barruko idatzizko euskarri finkoak, irudi korporatiboko elementuak, seinaleak edo erabilera bakarreko idatzizko euskarriak diruz laguntzeko. Eta berrikuntzak ere txertatu dira ingurune digitala ere kontuan hartuz; euskarazko webgune eta kudeaketarako programa informatikoak ere diruz lagunduko dira.

Bestalde, arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera areagotzera bideratutako beste hainbat lan- ekimen ere jasotzen ditu plan estrategikoak. Astigarragako Udalak aurten ere bat egingo du UEMAren "Bertatik Bertara" ekimenarekin, zerbitzu sektorean euskara areagotzeko helburuarekin. Eta udazkenerako, herriko establezimenduek “Bai euskarari Ziurtagiria” eskuratzeko bitartekoak eskaintzeko proiektua aurkeztuko du udalak. Helburua da, herriko enpresek, saltokiek eta era guztietako entitateek euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeko neurriak garatu ditzaten sustatzea eta entitate horien ahalegina eta konpromisoa aitortzea.

Sentsibilizazio kanpaina

Ikerketaren beste ondorioetako bat da herriko gazteen artean zenbait produktu herrian erosteko joera badago ere, batez ere, elikagai freskoen kasuan, oraindik ere esanguratsua dela, oro har, herritik kanpo egiten diren erosketak. Hori dela eta, eta A*Toki Garapen jasangarriko 3.2.2 ekintzan jaso bezala, Herrian eta bertako produktuak kontsumitzearen garantziaren inguruko sentsibilizazio kanpaina egitea,Udalak 2025eko udaberrian herrian kontsumitzearen inguruko sentsibilizazio kanpaina bat egingo du, bereziki herritar segmentu horiei bideratua.

Ikus ikerketaren laburpena