Albisteak
Atzealdea Bihar hasiko da Astigarragako establezimenduetan kontsumitzeko deskontu bonuen kanpaina
2021·12·13
Astigarragako deskontu bonuen hirugarren kanpaina hastera doa. Astigartarrek abenduaren 14tik 31ra bitarte erosi ahal izango dituzte herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu-establezimenduetan kontsumitzeko bonuak. Oraingo honetan, % 25eko deskontua izan dute bonuek; bonuaren balioaren % 75 ordainduko du herritarrak.
Kanpaina Astiko elkarteak eta Udalak antolatu dute, eta bonuak elkartearen web-orrian erosi ahal izango dira: www.astiko.eus. Erabiltzeko epea, baina, luzeagoa izango da: 2022ko otsailaren 28ra arte hartuko dituzte establezimenduek.
32 establezimenduk parte hartuko dute
Astigarragako bonuen hirugarren kanpaina honetan 32 establezimenduk parte hartuko dute: 8 merkataritzakoak dira, 14 ostalaritzakoak, eta 10 zerbitzuetakoak.
Aurreko edizioetan bezalaxe, lau bonu-mota izango dira aukeran: 10, 20, 50 eta 100 eurokoak. Establezimendu bakoitzak erabaki du zein bonu-mota eskaintzen dituen.
COVID-19ak sortutako kalteei aurre egiteko sortua
2020ko itxialdiaren ondoren, COVID-19ak sortutako kalte ekonomikoei aurre egiteko sortu zuen deskontu bonuen kanpaina Astigarragako Udalak. 2020an bi edizio izan ziren, eta herrian izandako arrakasta ikusita, hirugarren bat egitea proposatu zion Astiko elkarteari.
Erakundearen eta elkartearen artean adostuta, Astiko elkarteak kudeatu du hirugarren edizio hau, eta horretarako, Udalak diru-laguntza gehigarria eman dio.