Albisteak
2023·09·13
Astigarragako Udalak bere gaitzespen irmoena azaldu nahi du aipatutako erasoaren aurrean eta erasoa jaso duen emakume astiartarrari eta haren senideei eta hurbilekoei elkartasuna eta babesa adierazi nahi die.
Astigarragako Udalak gogorarazten du eraso matxistek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desparekotasunean sortzen da.
Emakumeenganako indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.
Gertakari honek berriro dakarkigu gogora lan handia dugula aurretik erakunde zein euskal gizarte osoaren aldetik gizarte parekide bat eraikitzeko. Zentzu horretan, sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu udalerrietan genero berdintasun erreala gauzatzeko, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.
Lan handia dugu ere eraso hauek kudeatzen dituen sistema judiziala aldatzeko, izan ere eraso matxistak jasan dituzten biktimak ez baitira askotan seguru sentitzen jasotako zerbitzuarekin edo hartutako erabakiekin.
Emakumeon Etxeak eraso hau gaitzesteko deitu duen kontzentrazioarekin bat egingo du Udalak, eta herritarrak gonbidatu nahi ditu parte hartzera. 2023ko irailaren 14an izango da, 19:00etan, Joseba Barandiaran plazan.
Udaleko alderdi politikoek aho batez onartutako adierazpena