Albisteak
Atzealdea Astigarragako Emakumeon Etxea sendotzeko eta herritarrengana gerturatzeko bi saio izango dira irailean
2024·09·12

Astigarragako Emakumeon Etxea Udalaren eta Emakumeon Etxea elkartearen artean kudeatutako herritarren zerbitzura dagoen egitasmoa da emakumeek hausnartzeko, ikasteko, elkar ezagutzeko eta entzuteko.
Duela hiru urte sortu zen Astigarragako Emakumeon Etxea eta Etxearen oinarriak pandemia garaian adostu zituzten herriko hainbat emakumek online saioen bidez eta Udalak gidatuta gauzatu zen prozesu parte-hartzaile baten bitartez. Saio horietan Etxea zergatik, zertarako, norentzat edo nolakoa izango zen aztertu zuten eta ordutik hona ibilbide bat egin du Etxeak.
Pandemia garaian adostutako oinarriak birpentsatzeko, Etxea sendotzeko eta egindako bidean ikasitakoak konpartitzeko geldialdi bat egin nahi da eta horretarako bi saio antolatu dira:
- Irailaren 19an: Emakumeon Etxea zertarako, norentzat eta norekin
- Irailaren 26an: Emakumeon Etxearen antolaketa etanola hurbildu etxea herriari eta herria etxeari.
Bi saioak Emakumeon Etxean izango dira 17:30etik 19:30era. Saioetara joateko ez dago izenik eman beharrik eta herriko emakume guztiak gonbidatuta daude. Haur zaintza zerbitzu doakoa egongo da bi saioetan eta zerbitzu hori erabili nahi duenak lehen saiorako bada, irailaren 13rako eta bigarren saiorako irailaren 20rako abisatu beharko du Emakumeon Etxean.
Etxea egitasmo bizia da, herritarrekin batera eraldatzen eta sortzen doana. Etxea ezagutzen ez dutenentzat aukera polita da saio horietara joatea, baita ezagutu arren, oraindik bertaratu ez direnentzat ere. Etxea emakume guztiontzako espazioa izatea nahi da eta emakume profil anitzen presentzia onuragarria da Etxea herriko emakumeen behar anitzak aintzat har ditzan.
Datozen egunotan bi saio horien gonbidapena etxeetan banatuko da Jabetze eskolako udazkeneko programazioarekin batera.
Astigarragako Emakumeon Etxea ezagutzen
Noiz sortu zen?
2021eko irailaren 21ean
Zer helbururekin?
Emakumeen ahalduntzerako, sareak sortzeko, formatzeko, haien eskubideak ezagutu eta jabe egiteko, emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko, identifikatzeko eta bideratzeko, elkar laguntzeko, ongi pasatzeko …
Zer eskaintzen da?
- Jabekuntza Eskolaren baitan lau alor nagusi lantzen dira: ahalduntzea, gorputza, teoria feminista eta umorea. Baina ikastaro guztietan lantzen da autoestima, eta sarea sortzeko helburua dute.
- Emakumeentzako aholkularitza juridiko zerbitzua.
- Sarea sortzeko taldeak; emakume berriak ezagutzeko, harremantzeko, elkar laguntzeko, ongi pasatzeko…
Zer da Jabekuntza Eskola?
Jabekuntza Eskola hausnarketarako, formaziorako eta harreman sareak eraikitzeko espazioa da. Gure eskubideak ezagutu eta haien jabe egiteko, gure bizitzekiko autonomia irabazteko eta gure buruekiko konfiantza lantzeko topalekua da. Emakumeoi dagokigun espazioa berreskuratzeko.
Ikastaro, tailer, eta taldeen bidez emakumeen ahalduntze prozesuan eragin nahi da eta horretarako ikuspegi feministatik aztertu bizi dugun errealitatea. Tarte bat eskaini norbere buruari, bizitzari, eta zaintza erdigunean jarriz elkarrengandik ikasteko espazioa sortu. Emakumeon jakintza balioan jarriz. Errealitatea eraldatzeko tresnak jaso eta gizarte justuago bat eraikitzeko pausuak eman nahi dira.
Zenbat bazkide ditu?
Bazkide izatea Emakumeon etxearen proiektua babestea da, bere parte izatea. Bazkide izateak proiektuari ekarpenak egiteko aukera ematen du; proposamenak eginez edota aktiboki parte hartuz. Laguntza puntuala eskaini daiteke, kartelak jarriz edota M8 edo A25 bezalako egunetan prestakuntza lanetan parte hartuz. Baina baita lan-taldeetan parte hartuta ere. Programazioa antolatuz, taldeak kudeatzen lagunduz, komunikazioan… guztion ekarpena da garrantzitsua.
Gaurkoz 281 bazkidek daude baina egunetik egunera handitzen doan kopurua da hau. Bazkide egitea doakoa da. Interesa duen emakumeak Emakumeon Etxera gerturatu behar du eta espazioa eta honen kudeaketa ezagutuko ditu.
Nola kudeatzen da?
Udalaren eta Astigarragako Emakumeon Etxea elkartea elkarlanean arduratzen dira kudeaketaz. Kogestioaren eredua erabiltzen da eta modu honetan herritarrengana hurbiltzea errazagoa da. Guztiona den espazioa baita.
Nola finantzatzen da?
Diru-sarreren gehiengoa erakunde publikoetatik lortzen da: Astigarragako Udalarekin hitzarmena du Astigarragako Emakumeon Etxea elkarteak eta hori da finantz-baliabide garrantzitsuena; proiektu konkretu batzuk Aldundiak edo Emakundek ere diruz lagundu izan ditu. Baina eskaintza zabala da eta bestelako iturriak ere bilatzen ditu elkarteak. Hala nola, festetan parte hartzea, azokak… modu honetan herriari ere bere ekarpena egiten dio auzolanean.
Non dago?
Kale Nagusia, 23, 20115 Astigarraga
Zer ordutegi dauka?
Astelehen, astearte eta ostiraletan 10:00-13:00 Asteazken eta ostegunetan 16:00-19:00
Nola jar naiteke harremanetan?
- Emailez: emakumeonetxea.astigarraga@gmail.com
- Telefonoz: 648 41 71 57
- Emakumeon Etxera joanda
Nola lortu informazio gehiago?
Sare sozialen bidez, bazkide diren kideekin hitz eginda edo Emakumeon Etxera bertaratuz informazio eske.
Jabekuntza Eskolako udazkeneko programazioa: izen-ematea zabalik irailaren 16ra arte
Dagoeneko martxan da Jabekuntza Eskolako udazkeneko programazioaren izen-ematea. Ikus programazioa eta eman izena!
