Dinamizatzaile berria Astigarragako Emakumeon Etxean
2022·05·09
Hasiera batean, Udalak Tomas Alba kaleko behin-behineko lokal bat eskaini zien emakume talde ezberdinei, Emakumeon Txokoa izendatu zutena. Bertan, hainbat tailer, hitzaldi eta topaketa antolatu ziren. Etorkizuneko Emakumeon Etxea proiektuari bidea eginez.
2021eko irailean ireki zituen ateak lehen aldiz Kale Nagusian 23 Astigarragako Emakumeen Etxeak. Une honetan, elkarteak 117 bazkide ditu, eta bazkide berriak erakarri nahi dira, jatorri, kultura, arraza, etnia, adin eta sexu-orientabide guztien topagune izan nahi baitu. Emakumeon Etxea emakume guztientzako gunea da, saretzeko, ikasteko eta borrokatzeko balioko duena.
Emakumeon Etxea sortu zenetik buru belarri lanean aritu dira talde eragileko emakume feministak. Emakumeak hainbat lan-taldetan antolatzen dira, funtzio ezbedinak garatuz: programazioa, komunikazioa, finantziazioa, … Inge Lekuona ere, eskaintza publikoaren bidez hautatutako dinamizatzaile berria, apiriletik ari da lanean.
Aurten, Emakumeen Etxeko Elkarteak programazio zabala antolatu nahi du pandemiaren ondoren etxea biziberritzeko eta emakumeen ahalduntze-prozesuan baliabideak eskaintzeko. Horretarako, Astigarragako emakumeak etxean parte hartzera gonbidatzen dituzte. Berdintasunean oinarritutako herri bat eraikitzeko, herritarrentzat interesgarria izango den programa osatu nahi dute, eta horretarako, ideia eta proposamen berriak bildu nahi dituzte.
Ordutegia eta zerbitzuak
Emakumeon Etxea herritarrei irekita egongo da honako ordutegi honetan:
- Astearte eta ostiraletan 10:00 - 13:00
- Asteazken eta ostegunetan 16:00 - 19:00
Bazkideek, etxea erabiltzeko aukera izango dute ordutegitik kanpo, AEEren proiektuarekin bat egiten duten jarduerak burutzeko.
Espazioa eta bertako materiala erabiltzeko aukeraz gain, aholkularitza juridiko profesionala eta doakoa eskaintzen da. Horregatik, edozein zalantza edo arazo duen emakume oro bertara hurbiltzeko deia egin nahi da.