Albisteak

Atzealdea Astigarragako emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko eta herritarren eskura jartzeko genero ikuspegidun ikerketa-bekaren deialdi berria argitaratu da

Eskaerak aurkezteko epea uztailaren 18ra artekoa izango da.

2025·05·22


Udalak Astigarragako emakumeen historia ezagutzera emateko xedearekin hainbat ikerketa-beka deialdi argitaratu ditu dagoeneko. 2020. urtean sortu zen bekaren lehenengo edizioa, zeinari esker XX. eta XXI.mendeetako emakumeen gorputz praktiken inguruko ezagutzak areagotu, eta zabaldu ahal izan diren. Bigarren deialdian aztertu nahi izan zen zer-nolako papera izan zuten (historikoki zein gaur egunera begira) emakumeek Astigarragako komertzio txikian, merkaturatze zirkuitu laburretan eta lehenengo sektoreko produktuen salerosketan. Deialdi horretan, ordea, ez zen beka-eskaerarik jaso. 2023. urtean izan zen bekaren hirugarren edizioa eta bertan Astigarragako hainbat emakume erreferenteen ikerketa gauzatu zen. Hain zuzen ere, aurten urte amaierarako aurkeztuko dira hirugarren edizioko bekaren emaitzak.

Berdintasun bekaren laugarren edizioa

Aurtengoa laugarren edizioa izango litzateke eta aldaketa nabarmenena bekak ikerketa-lanaz gain, ondorioen edo emaitzen zabalkundea barne hartuko duela da. Aurreko deialdietan ikerketa-lana burutzea, entregatzea eta aurkeztea eskatzen zitzaion bekadunari eta ondoren, Udalaren gain geratzen zen emaitzen hedapena. Oraingoan, ordea, bekadunek bi egiteko izango dituzte: batetik, ikerketa-lana burutzea eta bestetik, lortutako ondorioen hedapena gauzatzea. Aldaketa horrek hainbat egokitzapen ekarri ditu oinarrietan eta aipagarrienetakoa bekaren zenbatekoa 10.000 eurotik 15.000 eurora pasa dela da.

Hona deialdi honetako beste hainbat datu aipagarri:

  • Beka eskatzaileak: 18 urtetik gorako norbanakoek (Astigarragan erroldatuta egotea ez da ezinbesteko baldintza) zein horretarako propio osatutako nortasun juridikorik gabeko taldeek.
  • Ikerketaren gaia: Ikerketa-esparrua irekia izatea nahi da eta eskatzaileak erabakiko du ikerlanaren gaia, betiere bekaren xedearekin bat etorriz.
  • Ikerketaren iraupena: Gehienez ere 18 hilabetekoa.
  • Bekaren zenbatekoa: 15.000 euro.
  • Aurkezteko epea: Uztailaren 18 artekoa
  • Xehetasun gehiago

Beka-eskaerarekin batera ikerlana eta zabalkundea atalak bereiziko dituen proiektu-proposamena aurkeztu beharko dute eskatzaileek eta epaimahai batek baloratuko ditu jasotako proposamenak. Jarraian, ikerlan-aukeraketa burutuko du epaimahaiak, merezimendu-lehiaketan lorturiko puntuazioaren baitan. Eskaerak baloratzeko irizpideak honakoak izango dira: eskatzailearen curriculuma, ikerketa-proposamenaren egokitasuna, zabalkunde-proposamenaren egokitasuna, ikerlaria edo ikertzaile taldearen % 51a emakumezkoa izatea eta ikerlaria edo ikertzaile taldearen % 51a Astigarragan erroldatuta egotea.

Bekaren gaia irekia denez, aukera anitzak eskaintzen dizkio eskatzaileari nahi duen ikuspegitik ikerketa lantzeko. Era honetako ikerketek berebiziko garrantzia dute, herriko historia osatzen dute eta. Horregatik, Udalak gonbidapena luzatu nahi die herritarrei beka eskatzeko eta euren ikerketa-proposamena helarazteko.

Bekari buruzko informazio zabaltzeko edo zalantzak argitzeko idatzi berdintasuna@astigarraga.eus helbidera edo deitu 638206586 telefono-zenbakira.