Albisteak

Atzealdea Astigarragako emakumeen historia jasotzen duen liburua aurkeztuko da

Astigarragako emakumeen historia jaso, landu eta herritarren eskura jartzeko helburua duen ikerketa bekaren (2020) emaitzan oinarrituta dago. Aurkezpen-ekitaldia urtarrilaren 26an, 18:00etan, Erriberan izango da.

2023·01·23


Gure herrietako historiaren protagonista nagusiak gizonezkoak izan ohi dira. Emakumeak ez dira liburuetan agertzen, euren kontakizunak, sentsazioak eta bizipenak ez dira ia inon jasotzen; beti ezkutuan edo bigarren planoan azaldu ohi izan dira emakumeak.

Astigarragako Udalak Emakume eta Gizonezkoen berdintasunaren aldeko konpromisoa hartua du eta, hori dela eta, Astigarragako Emakumeen historia jaso, landu eta herritarren eskura jartzeko helburuarekin ikerketa-beka bat sortu zuen. 2020. urtean izan zen bekaren lehenengo edizioa eta aurkeztuko den liburu hau beka horren emaitzan oinarrituta dago.

"Astigarragako emakumeen historia hurbila, gorputz-praktiken bidez azaldua (XX-XXI. mendeak)" izenburupean, Amets Castrejana Fernández egileak XX. eta XXI. mendeetako emakumeen gorputz-praktikak erakusten dizkigu. Ametsek gure herriko historiari beste irudi eta irudikapen batzuk, bestelako sentsazioak eta gorputz-praktikak gehitu dizkio. Hain zuzen ere, Astigarragako emakumeek bizi izan zituztenak. Argitalpen honek Astigarragako emakumeek utzitako arrastoak erakusten eta jasotzen ditu, herri honen historia osatzeko. Landa-eremuaren eta hiritartzearen arteko historia da, tradizioaren jarraipenaren eta aldaketarako irekieraren artekoa.

Liburuan jasotako ilustrazioak herriko hainbat emakumek (Ainhoa Arzallus Goñi, Griselle Morales Padrón, Saioa Arteaga Gómez) eta Astigarte elkarteko kideek osatu dituzte.

Aurkezpen-ekitaldia urtarrilaren 26an, 18:00etan izango da Erriberako erakusketa-gelan. Bertan izango dira Amets Castrejana Fernández egilea, Carmen Diez Mintegi antropologoa gonbidatu gisa eta liburuan parte hartu duten ilustratzaileak.

Liburua elebitan idatzita dago eta salgai jarriko da aurkezpen-ekitaldian bertan eta Erriberako leihatilan otsaila bukaera arte (arratsaldez, 16:00etatik 20:00etara). Gainera, laster Udalaren webgunean jarriko da liburua doan edonork deskargatzeko moduan (pdf formatuan).

Amets Castrejana Fernández egileari buruz

Hasiera batean ikasketa teknikoak egin zituen: Telekomunikazio Ingeniaritzako Gradua (2005) egin zuen Deustuko Unibertsitatean. Titulazio horri lotuta, 2019ra arte industria-sektorean lan egin zuen.

2019an bere ibilbideak bira eman zuen eta antropologiaren eta ikerketa feministen esparruan murgildu zen bete-betean. Gizarte Antropologiako Masterra egin zuen hasieran, eta, ondoren, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko Masterra, biak EHUn.

Gaur egun, emakume kirolariaren generoaren sozioalizazioari buruzko doktoretza tesiarekin ikerketa-lanetan dihardu. Aldi berean, Emakumea* Surflari Emakumeen Elkarteko aholkularia da, eta bere arduretako bat feminismoaren, generoaren eta kirolaren arloan prestakuntza ematea da. Lan teknikoa eta aktibismo feminista uztartzen ditu.