Albisteak
Atzealdea Astigarragak Zero Zabor ziurtagiria lortu du
2023·03·09
Astigarragako Udalak Zero Zabor Udalerrien Ziurtapen Programari (Zero Waste Cities Certification Programme) atxikitzea onartu zuen 2023ko urtarrileko Osoko Bilkuran, baita Astigarragako Udalari Zero Zabor Udalerrien Ziurtagiri Programaren barruan eska dakizkiokeen baldintzak eta zereginak betetzeko konpromisoa hartu ere.
Zero Waste Cities and Towns Ziurtagiria hirugarren batek ebaluatutako Europako ziurtapen estandarra da. Zero Waste Europe-k sortua eta Mission Zero Academy (MiZA) gobernuz kanpoko erakundeak garatua.
Zero hondakinaren ziurtagiria 3 urratsek osatzen dute:
- zero zabor udalerria izateko konpromisoa hartzea
- egungo egoeraren auditoretza egitea
- ziurtagiria lortzea eta jarraipena egitea
Urrats horietako bakoitza gainditzeko hondakinen eta baliabideen kudeaketaren alorreko entitate adituen laguntza eta aholkularitza jasoko du Astigarragako Udalak.
Ziurtagiriaren ebaluazioa puntuazio-sistema baten inguruan garatzen da, eta derrigorrezko irizpideak eta hautazko puntuazio-irizpideak barne hartzen ditu. Puntuen baturak udalerriaren ziurtapen-maila eta ondorengo izar kopurua ere definitzen du.
Ziurtagiriaren ondoren, udalek beren jardueraren jarraipena egin behar dute eta urtero hobekuntzak egin behar dituzte lortutako emaitzak hobetzeko. 3 urtean behin auditoretza berriak egiten zaizkie ziurtagiriaren egoera egiaztatzeko, mailaz igotzeko aukerarekin, gehienez 5 izar izatera iritsiz.
Ziurtagiri honek ez du bilketa sistema mota saritzen, baizik eta hondakinen bilketa emaitzak eta horietara iristeko Udalek egindako lana da baloratu eta saritu dena.
Udalaren balorazioa
Astigarraga 7.000 biztanle inguruko herria izanik, hondakinak prebenitzeko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko neurri ugari ditu. Besteak beste, auzo eta auto konpostaren bidezko organikoaren tratamendua. Baina, Astigarragako Udalak hondakinen murrizketan eta prebentzioan areagotu nahi du, sortzen diren hondakinen katearen lehenengo mailan indarrak jarrita. Hori dela eta, Udalak oso pozik jaso du Zero Waste ziurtagiria. Lortutako izar kopurua ere begi onez ikusten du, bi izar lortu izanak hobetzeko tartea ematen baitio, horrela, datozen urteetarako erronka zifra hori igotzea izango da.