Albisteak

Atzealdea Astigarragak monolito berri bat inauguratuko du azaroaren 10ean, Memoriaren Egunean

1
Aurten ere herriko biktimei aitortza egiteko ekitaldia egingo da, 17:30ean hasita, Emakumeon plazan

2025·11·06


Aurten, Astigarragako Udalak monolito berri bat inauguratuko du azaroaren 10a dela eta, Memoriaren Eguna, 1936-1985 urteen artean eraildako eta desagertutako biktima astigartarren errekonozimendu gisa.

Omenaldi-ekitaldia 17:30ean hasiko da, Emakumeon plazan, non biktimen familiei errekonozimendua eta erreparazioa emateko ekitaldi bat egingo den. Ondoren, monolito berria inauguratuko da eta oroigarri-eskaintza egingo da herriko beste monolitoetan. Amaieran mokadutxoa izango da Zamalbide-Benta auzoko elkartean.

Memoria berreskuratzea eta biktimen erreparazioa

Udalak memoria historikoa berreskuratzeko eta biktimen errekonozimendu eta erraparaziorako hainbat urrats garrantzitsu eman ditu azken urteotan.

Astigarragako memoria historikoa berreskuratzeko 2017ko beka-deialdian Maddalen Laburu historialariak burututako gerra zibila eta frankismo garaiko (1936tik 1945era) Astigarrako biktimei buruzko ikerketa-lana egin zuen. Ikerketa-lan horretan 1936tik 1945erako epealdiko biktima astigartarren zerrenda osatu zuen. Ikerketa-lan hori izan zen “Orri zuriak betetzen” dokumentalaren abiapuntua. Dokumental horren bidez, gerra zibileko eta frankismo garaiko Astigarragako biktimak omendu, gogora ekarri eta errekonozitu nahi izan zituen Udalak, gertatu zenaren egia azaleratuz eta kontatuz. Dokumentala 2023an estreinatu zen eta ondoren, edonork ikusteko moduan eta doan honako hiru plataforma hauetan jarri zen: EITBko Primeran-enArgia-ko multimedia atalean eta Udalaren YouTube kanalean.

2024an, bide beretik, memoria historikoa berreskuratzeko helburuarekin beste urrats garrantzitsu bat eman zuen Udalak, eta 70eko eta 80ko hamarkadetan eraildako astigartarrei buruzko dokumental bat estreinatu zen: "Orbanen egia".

Orain arte egindako bideari amaiera emateko, 1936-1985 urteen artean kolpe militar frankistak eragindako gerraren ondorioz, eskuin muturraren atentatuen ondorioz eta poliziaren indarkeriaren ondorioz eraildako eta desagertutako astigartarrak gogora ekarri eta omentzeko monolito bat egin du Udalak, azaroaren 10ean inauguratuko dena.

Gerra zibileko eta frankismoaren diktadurapean egindako genozidio edo gizateriaren aurkako delituengatik kereilen egoera

2021eko apirilaren 27ko udal osoko bilkurak, aho batez, Frankismoaren biktimei buruzko mozioa onartu zuen. Mozio horretan Udalak bi konpromiso hartu zituen. Batetik, Biktimen Bulego bat antolatzea, Astigarragan frankismoaren aurkako kereilak edo salaketak jasotzea eta biktimei edo horien senide guztiei laguntza juridikoa ematea. Hau honela, 2022ko otsailean eta martxoan bulego hori astigartarrentzat irekita egon zen eta hainbat biktimen inguruko testigantzak jaso ziren, euren senitartekoek helarazitakoak. Ondorioz, Udalak gerra zibileko eta frankismoaren diktadurapean egindako genozidio edo gizateriaren aurkako delituengatik kereilak jarri zituen. Astigartarren aurkako delituengatik jarritako kereilan salatutakoa ikertzeari uko egin diote Gipuzkoako Herrialdeko Auzitegiak eta espainiar Konstituzio Auzitegiak. Espainiako justizia sistemako pauso guztiak agortuta, Astigarragako Udalak eta familiek Europako Giza Eskubideen Auzitegira jo dute.

1