Albisteak
Atzealdea

Astigarragak bat egin du Mugiment Kirol Txartelarekin

Martxan dago gaurtik aurrera beste herrietako kirol instalazioak erabiltzeko aukera

2023·04·03


Txartel birtual honi esker, Astigarragako kiroldegiko abonatuak direnak (urteko abonua dutenak) Eusko Jaurlaritzaren ekimen honi atxikitako Euskal Herriko beste kirol-instalazioek eskaintzen dituzten zerbitzuak erabili ahal izango dituzte, gastu gehigarririk gabe.

Txartel birtuala denez, Kirol Txartela Mugiment APPa baino ez da instalatu behar, eta datu pertsonalak jarri. Datuak balioztatuko dituzte eta notifikazioa jasoko du erabiltzaileak, hori eginda Mugiment kirol txartela erabilgarri izango du. Hau egindakoan, udalerri bakoitzeko abonatuak beste udalen kirol instalazioetara sartu ahalko dira, betiere, udalerri bakoitzak ezarritako erabilgarritasunaren arabera (hori ere aplikazioaren bidez kontsultatu ahal izango dute), txartel birtuala eta NAN erakutsiz, gastu gehigarririk gabe.

Kirol Txartela Mugiment-aren helburua kirola sustatzea eta herritarrei egindako kirol eskaintza handitzea da. Gaur egun, Mugiment Kirol Txartela 151 kirol instalaziotan erabil daiteke, kiroldegiak, frontoiak eta igerilekuak barne.

Astigarragako kiroldegiaren eskaintza

Momentuz Astigarragako kiroldegiak Mugiment Kirol Txartelan atxikituta dauden beste herrietalp erabiltzaileentzat honako zerbitzuak eskainiko ditu:

  • Finess-gela: astelehenetik-ostiralera 7:00-17:00artean. Larunbatak : 9:00-19:00 artean. Igandeak: 9:00-12:00 artean.
  • Kiroldegiko ikastaroak: Astigarragako kiroldegiko ikastaroetako informazioa lotura honetan: https://www.astigarraga.eus/eu/kirola.

Kirol Txartela Mugiment-en atxikitako udalerriak

Astigarragaz gain beste 87 udalerri daude atxikita. Horien artean, Bilbo, Donostia eta Gasteiz hiriburuak eta Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako beste hainbat herri, besteak beste, Oiartzun, Errenteria, Pasaia eta Lezo.

Ikusi atxikitutako herrien zerrenda eta eskaintzen dutena: https://kiroltxartela.eus/Udalerriak

Mugiment Kirol Txartela erabiltzeko pausuak

Internetera konexioa duen mugikor bat beharrezkoa da. "Txartel birtual" hau erabiltzeko pausuak, hauek dira:

  • Mugikorrean Kirol Txartela Mugiment app-a instalatu.
  • Erregistratu datu pertsonalak emanez (email helbidea eta NAN zenbakia) eta adierazi abonuaren jatorrizko instalazioaren izena.
  • Erakunde horrek erregistroa balioztatu ondoren eta jakinarazpena jaso ostean, Kirol Txartela Mugiment erabilgarri edukiko duzu.
  • Kirol instalaziora sartzean, “txartel birtuala” eta NAN erakutsi behar da.
  • Instalazioko harrerako langileak sarrera erregistratu, erabiltzailearen mugikorrean egiaztatze kodea sartu eta sarrera emango dizu.

Informazio gehiago: www.kiroltxartela.eus