Albisteak
Atzealdea Astigarraga Lantzen, S.Ak Zarkumendegiko industriagunea hiritartzeko lehiaketa abian jarri du
2023·01·20
Astigarragako Udalaren aspaldiko erronketako bat Zarkumendegi eremuaren hiritartzea gauzatzea izan da. Zarkumendegi eremu ia osoa (futbol zelaiaren eremua izan ezik) industrigune moduan du kalifikatua egungo Plan Orokorrak eta egiazko industrigunean bilakatzeko hiritartzea gauzatzea ezinbestekoa da.
Gainera, 2003. urteko epai baten ondorioz, Astigarragako Udalak bertan Rezola enpresari 4624m2-ko lur-sail hiritartua lagatzeko obligazioa du eta horregatik ezinbestekoa da hiritartzea behingoz gauzatzea. Hiritartzea gauzatu ezean, Astigarragako Udalak Rezolari kalte-ordain esanguratsua ordaindu beharko lioke.
Kalte-ordainen ondorioz Udalari zulorik ez eragitearren eta aurreko legealdiko noraezaren ondoren, 4 urte hauetan udal-gobernuak egiteke zeuden etxeko-lanak betetzeari ekin dio eta horretarako hainbat hirigintza-agiri idatzi izapidetu ditu: Plan Partziala, Hiritartze-proiektua, Hiritartze Jarduketa Programa, Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, Galtzaur errekaren azterketa hidraulikoa… Agiri hauen guztien tramitazio korapilatsuan, besteak beste, URAren, Eusko Jaurlaritzaren ingurumen sailaren eta Añarbe Mankomunitatearen ekarpenak eta oniritziak jaso dira.
Lehiaketa honen bidez, Zarkumendegi eremuaren hiritartzea gauzatuko da, hala nola, espaloiak eta aparkalekuak egokituko dira, errepidea asfaltatuko da eta ur-, gas-, elektrizitate-, saneamendu- eta euri ur-sarea zabalduko da eremu osora. Gainera, ingurumen aldetik, eremuak hobekuntza nabarmena izango du Galtzaur eta Zarkumendegi errekak, zati handi batean, agerira aterako direlako (gaur egun, zati luze batean lurperatuta daude). Bestetik, Zarkumendegi eta Galtzaur erreken uholdeak ekiditeko neurriak ere hartuko dira. Obrak 23 hilabetez luzatuko dira, hau da, ia bi urtez.
Lan hauek guztiak 6.801.050,75 euroko (BEZ kanpo) aurrekontua dute eta Zarkumendegiko eremuaren “D” lur-sailaren jabetza eskuratzearen truke egingo ditu lehiaketa publikoaren esleipendunak. “D” lur-saila Zarkumendegi industriagunearen fondoan kokatzen den 26.666,10m2ko lur-saila da. Hiritartzea gauzatzeaz gain, esleipendunak 187.323.25 euroko ordainketa egin beharko dio Astigarraga Lantzen, S.A. enpresa publikoari. Ekarpen honi esker, Astigarraga Lantzen, S.A. enpresa publikoak Astigarragako Udalarekin duen zor osoa kitatu ahalko du eta bidea erraztuko du Astigarraga Lantzen, S.A. enpresa publikoaren behin-betiko desegitea gauzatzeko.
Lehiaketa honekin, Astigarragako Udalak, 37 urte ondoren, Zarkumendegi eremuaren hiritartzea gauzatu; Rezolarekin dituen konpromisoak bete; Zarkumendegiko futbol-zelaiaren egoera hobetu (futbol-zelaiak bertan jarraituko du hiritartzearen ondoren ere); eta udalak eremu horretan dituen beste lur-sail batzuk errazago saldu ahalko ditu eta operazio honekin lor daitekeen dirua, honenbestez, herriak hain beharrezkoak dituen azpiegitura eta ekipamenduetan inbertitzera bideratuko da.
Eskaintzak aurkezteko epea otsailaren 2an amaituko da.