Albisteak
Atzealdea Astigarraga eta Usurbilek hiri tentsionatu izendapena eskuratu dute eta etxebizitzaren arloan landu duten ekintza planaren berri eman dute
2025·09·16

Etxebizitzarena arazo larria bihurtu da azken urteotan, eta Astigarragaren zein Usurbilen kasuetan bereziki agerikoa da Donostialdeko eremuan egoteak areagotu egiten duela presio hori. Hori dela eta, bi herriek hasi zuten hiri tensionatu izendatzeko prozedura, eta izendapena eskuratuta agerraldi bat eman zuten ostiralean bi udalerrietako alkateek eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak.
Usurbilgo alkateak, Agurtzane Solaberrietak azpimarratu zuen etxebizitzen gaiak bizi duen larrialdi egoerari aurre egiteko, udalez gaindiko bestelako politika integral eta ausarten beharra. “Merkatuan esku hartu behar da eta Udalekin benetako lankidetzak eraiki behar dira” adierazi zuen alkateak.
Xabier Urdangarin, Astigarragako alkateak, ildo beretik udalak egiten ari diren ahalegina azpimarratu du “Udalek finantziazio handiagoa eta lege-neurri eraginkorragoak behar ditugu, gainezka dagoen merkatu baten prezioen igoerari aurre egin ahal izateko” esan du alkateak.
Denis Itxaso sailburuak, bere aldetik, Donostialdea eta Txingudiko metropoli-inguru osoa tentsionatutako eremu izendatzearen garrantzia azpimarratu du “alokairuen merkatuan esku hartzeko neurriek zentzua dutelako multzoari aplikatzen zaizkionean” adierazi du sailburuak.
Astigarragako Udalaren lehentasunetako bat etxebizitza politikan eragitea da
Udalak konpromisoa hartu du etxebizitzaren arazoari heltzeko eta politika eraginkorra garatzeko neurriak hartzeko, eta ildo horretan ahalegin berezia egiten ari da. 2024an zehar hasitako lanketak orain du emaitzetako bat, hiri tentsionatu izendatzearekin.
Astigarragak hiri tentsionatuaren izendapena eskuratzeko bi baldintzak betetzen ditu. Horregatik, hiri tentsionatuko eremu izendatzeko prozedurari ekin zion 2024an. Horretarako, legeak zehaztutako diagnostikoa, justifikazio-memoria eta ekintza plana idatzi ditu.
Astigarraga azken urteotan nabarmen hazi da. 3.500 biztanle izatetik ia 8.000 izatera igaro da 15-20 urtetan. Epealdi horretan 1.500 etxebizitza berri egin dira. Hori, ordea, bereziki azken hamarkadan gertatu da etxebizitza eskuratzeko prezio igoera basati baten testuinguruan eta hiriburuak, Donostiak, inguruan etxebizitzen erosketa zein alokairuen merkatuan eragin duen presio ikaragarriaren ondorioz. Beraz, nolabait, etxebizitza asko egin dira baina ez du balio izan bertan bizi nahi duten astigartarrek alokatzeko nahiz erosteko aukera egoki, bideragarri eta zentzudunak eskura jartzeko.
Diagnostikoa, labur-labur
Diagnostikoak beste hainbat ondorio azaleratu ditu. Hurrengoak aipagarrienak:
- 2000-2024 epealdian, hazkunde demografikoa %125,9koa izan da, 3.435 biztanle izatetik 7.761 biztanle izatera pasa gara.
- Astigarragan guztira 3.362 etxebizitza daude.
- Etxebizitzan bizi diren pertsonen batez besteko kopurua murriztu egin da, 2009ko 2,77tik izatetik 2024ko 2,53ra izatera arte. Eta pertsona bakarra bizi den etxebizitzen kopurua handia da, 822koa.
- Etxebizitza parkea erreferentziazko eremuetan baino berriagoak (30,4 urte) eta azalera handiagokoak dira (89,3 m2). Ezaugarri horiek etxebizitzaren erosketa edo alokairu prezioa garestitzen dute ezinbestean.
- Inor erroldatuta ez duten etxebizitzak 196 dira (%6).
- Etxebide erregistroan 1.090 eskaera aktibo daude inskribatuta (mila biztanleko 140,4 eskaera) baina horietatik %82,8a udalerritik kanpo erroldatutako pertsonenak dira.
- Alokairuan, etxebizitzen %12,9 daude, 391 etxebizitza guztira.
- 2016ean bataz besteko alokairu errenta 698,1€ izatetik 2023an 878,9€ izatera igaro da, %25,9ko igoera.
- Astigarragan 279 etxebizitza babestu daude, hau da, etxebizitza parke osoaren %8,3. Prezio kontzertatuko etxebizitzak 120 dira (%3,5). Alokairu sozialean dauden etxebizitza kopurua (udalaren jabegokoak denak, Eusko Jaurlaritzak ez du bat bera ere) 22koa da (%0,65koa da).
Ekintza-plana
Diagnostikoan azaldutako datuekin, udalak, ekintza-plan bat idatzi du, ardatz desberdinetan banatutako 29 neurriekin. Hona hemen ekintza aipagarrienak:
- HAPOren berrikuspenean (urtea amaieran emago diogu haiserako onarpena) 503 etxebizitza aurreikusi dira. Horien %22 babes ofizialekoak, %13 tasatuak, %10 alokairu sozialerako eta %55 salmenta librekoak. Aurreko planak baino nabarmen kopuru txikiagoa du hurrengo planak, hain juxtu ere azken 15 urteotako hazkunde erritmoari ezin zaiolako eutsi.
- Beste hainbat neurri plan orokorrean:
- Kontuan hartuta etxebizitza bat eskatzen duten pertsonen %66 inguru pertsona bakarreko familia unitateak direla, tipologia, tamaina, txikiagoko etxebizitzak aurreikustea, eskatzaileen %66 pertsona bakarrak dira.
- Zuzkidurako etxebizitzak hainbat kolektiborentzat.
- Baserriak birgaitzeko neurriak. •
- Alokairua ordaintzeko udal-dirulaguntzak, bereziki gazteentzat.
- Etxebizitza hutsei kanona aplikatzea.
- HAPOren berrikuspenean alokairu turistikoa debekatzea.
Aplikazioa kudeaketarako
Udalak martxan jarri duen beste neurrietako bat, herriko etxebizitza parkearen egoera kudeatzeko aplikazio bat diseinatzea izan da. Aplikazio honi esker udalak Astigarragako etxebizitza guztiei buruzko hainbat informazio izango du eskuragarri modu errazean.
Amaierako hitzak
Xabier Urdangarin alkateak bere hitzartea amaitzeko administrazioei ahalegin ausarta eta neurri eraginkorrak eskatu zizkien. “Udalok tresna mugatuak ditugu gai zail honi aurre egiteko, eta ahalegin osoa egingo dugu, baina beste administrazioen ahalegin ausarta behar dugu. Ahalegin ausarta, lankidetza eta udalen iritzia entzutea, ez soilik udal handiena, baita txikiena ere, esate baterako bidean den lurzoru legearen aldaketan.” adierazi zuen alkateak eta udalek lege neurri eraginkorrak eta finantzaketa behar dituztela gehitu du lurzorua eskuratzeko, lur publikoa duten babestutako etxebizitzak lehentasunez erosteko eta alokairu soziala sustatzeko. "Ausardia eskatzen diot Jaurlaritzari, etxebizitzen salmenta nahiz alokairuaren merkatuetan esku hartzeko eta mugak jartzeko, etxebizitza bizitzeko izan dadin eta ez ondasunak metatzeko eta espekulaziorako” gaineratu du.
