Albisteak

Atzealdea Astigarraga eta Hernaniko udalek arduraz jokatzeko eskaera bateratua egin dute, txotx denboraldiaren harira

Aurtengoa kanpaina zehatzagoa eta indartsuagoa izango da, bi herriak batera, baliabide ugari erabilita eta beste instituzioetara bilerak eskatuta.

2024·01·25


Aurreko astean hasi genuen txotx denboraldia Astigarragan eta Hernanin. Bi herriotan urte asko dira sagardoaren mundua prestigioan jartzeko ekimenak martxan ditugula. Sektore garrantzitsua da bi herriotan, ekonomikoki eta kulturalki. Aintzat hartzeko jarduera ekonomikoa izateaz gain, nortasun berezi bat ematen digu sagardoak, eta horri garrantzia ematen diogu.

Alabaina, azken urteotan jende andana bat iristen ari da bi herrietara, eta hori alboko kalteak sortzen ari zaizkigu. Askotan, kudeatzeko zailtasun handiak ematen dizkigu bisitarien presentzia masibo horrek, eta hori dela-eta, idatziz eskatu diegu bai Gipuzkoako Foru Aldundiari eta baita Eusko Jaurlaritzari ere, bilera bat egin dezagun egoerari aurre egiteko martxan jar daitezkeen ekimenak aztertzen hasteko.

Gogoratu behar dugu sagardotegi garaiko larunbatetan, bereziki otsail erditik apiril bukaera arte, gure herrietara datorren jendetzak bizikidetza arazoak sortzen dituela. Horri aurre egiteko, beraz, berriz ere martxan jarri dugu kanpaina berezi bat, aurtengo kasuan, bi herriek elkarrekin. Izan ere, iaz Hernanik bakarrik jarri zuen kanpaina hau indarrean. Aurten Astigarragak ere bat egin du berarekin.

Kanpaina honen bidez gogorarazi nahi diegu txotx garaiaren aitzakian bi herriok bisitatzen dituztenei, ez dugula jarrera matxistarik eta arrazistarik onartzen, eta horien aurkako protokoloa martxan izango dugula. Kanpainaren leloa, iaz bezala, honako hau da: Ez da sagardoa, zu zara. Hartu ardura!. Ardura hartzeko eskatu nahi diegu bai erasoak egiten dituztenei, eta baita erasoak egiten dituztenei planto egiten ez dietenei. Horren baitan, iaz baliatu genituen hainbat lelo indarrean izango ditugu aurten ere: “Zu lololo eta bitartean bizilagunak lo egin ezinda”, “Erasoak eraso dira, baita zure lagunak egiten dituenean ere”, “Txinita, moro, beltza...ez da inoren izena, baina izena du: arrazakeria”, “Guk sinisten dizugu. Kontaiguzu”, “Zenbat aldiz esan behar dizut ezetz bakean uzteko?”, “Gozatu nahi beste, beste inor gogaitu gabe”.

Txotx garaian azken urteotan izaten den presentzia handiak era guztietako ondorioak sortzen ditu gure herrietan: garbitasunean, segurtasunean, garraioan... Hainbat arlotan diru sail garrantzitsuak gehitu behar izaten dizkiogu gure ohiko aurrekontuari, ohiko zerbitzuei eutsi ahal izateko.

Ezohiko gastu horiek ez ezik, larunbat arratsaldetan gure herrietako bizilagun asko euren bizitokitik kanporatuak sentitzen dira, parrandara datozenen eragin horren ondorioz. Hernaniren kasuan, sektore arteko mahai batean aztertzen ari gara gai hau, baina sentsazioa dugu neurriratu behar dugula bisitarien presentzia, zenbait kasutan, gehiegizkoa jotzen baitugu herritarren ohiko bizimoduan eragina jasangarria izan dadin. Astigarragan ere aztertu eta landu dugu gaia herriko eragileek eta udal ordezkariek osatzen dugun bizikidetza eta prebentzio mahaian. Eta, bertatik hainbat proposamen eta ideia atera eta garatu dira.

Aurten, gainera, kanpaina zehatzagoa eta indartsuagoa egin nahi izan dugu. Batetik, bi herriek elkarrekin abiatu dugu, eta beste instituzioetara jo dugu. Bestetik, kartelak eta biniloak jarriko dira Astigarragan eta Hernanin herrian zehar, sagardotegietan eta tabernetan. Eta era berean, gure herrietara etortzen den bisitariarengana hurbildu nahi izan dugu, hainbat bide erabiliz (lurraldebus eta renfe pantailak, sagardobus pantailak eta hartzaileen emailak, irratietako iragarkiak, txotx gehigarrietako iragarkiak...).

SPOTA