Albisteak

Astigarraga eremu gorritik atera da, baina zuhurtziaz jokatu eta prebentzio neurriak zorrotz betetzen jarraitu behar dugu

Gaur, otsailaren 18an, 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 500etik jaitsi da Astigarragan, azken egunotako datu onen ondorioz.

2021·02·18


Gorabeheratsuak izan dira Astigarragan azken hiruzpalau asteak koronabirusaren kutsatzeari dagokionez. Urtarrilaren 25era arte oso kasu gutxi izan genituen, baina urtarrilaren 26tik otsailaren 12ra 73 kasu izan genituen eta intzidentzia tasa 900era igo zen. Kutsatzeko oso arrisku altua izan dugu aste horietan eta pertsona asko gaixotu dira eta familia askok egon behar izan dute konfinatuta.

Zorionez, azken egunotan kasu positibo oso gutxi izan da eta intzidentzia tasa nabarmen jaitsi da. Une honetan tasa 404,55-ekoa da eta Astigarraga eremu gorritik atera da.

Egoerak onera egin du nabarmen, baina zuhurtziaz eta arduraz jokatu behar dugu eta prebentzio neurriak zorrotz betetzen jarraitu behar dugu, izan ere, 500etik jaitsi arren kutsatzeko arriskua oraindik altua da.

Urtea beteko da laster pandemia hasi zela eta nekea eta tristura nagusitzen ari zaizkigu. Etsi gabe jarraitu behar dugu prebentzio neurriak bete eta bizimoduari aurre egiten.

371 pertsonak eman dute positibo Astigarragan azken hilabeteotan. Horietako askok sintoma arinak izan dituzte, baina badira sintoma larriak izan dituztenak eta lehengo osasun egoerara itzultzeko zailtasunak izan dituztenak ere.

Neurrien inguruko zalantzak argitzeko, hemen duzu ohiko galderen dokumentu bat.

Bilakaera Astigarragan azken hilabeteetan: positiboak hilabetez hilabete

  • Uztaila, 0
  • Abuztua, 13
  • Iraila, 30
  • Urria, 107
  • Azaroa, 88
  • Abendua, 31
  • Urtarrila, 50
  • Otsaila, 52 (2021-02-18ra arte)
  • Guztira, 371

Ikus Covid19aren inguruko Astigarragako datuak mapan