Albisteak
Atzealdea Astigarraga bat eginda, DBHko ikastetxea lortzeko
2021·03·11
Astigarragako Udaletxeko batzar aretoan prentsaurrekoa eskaini dute DBH plataformak eta Udalak, elkarrekin. Udala DBHko ikastetxearen orubea prestatzeko hiritartze lanak amaitzen ari da eta unea iritsi da Hezkuntza Sailari hurrengo urratsak azkar ditzan eskatzeko.
DBHko ikastetxea Astigarragan
Astigartarren aspaldiko ametsa da bertako haurrek Derrigorrezko Hezkuntza herrian bertan jaso ahal izatea. Aspaldiko ametsa, gauzatzeko bidean dena, azken hilabeteotan Astigarragako Udalak eta Hezkuntza Sailak lankidetzan egin dugun bideari esker.
Duela 20 urte Astigarragak 3.500 biztanle zituen. Gaur 7.305 biztanle (gaurko datua). Bikoiztu egin da biztanleria eta Euskadiko jaiotze-tasarik altuenetakoa dugu. Udalak 2019an egindako biztanleriaren azterketa prospektiboaren arabera 2025erako 8.000 biztanlera iritsiko gara.
Duela 20 urte Astigarragako gaztetxoak DBHko ikasketak egitera Donostiara joaten ziren, Martutenera, Arantzazuko Ama Ikastolara. Ulergarria da hori, 3.500 biztanleko herri batek DBHko ikastetxe bat edukitzeko behar adina ikasle ez duelako. Baina gaur 7.305 biztanle gara eta Astigarragako gaztetxoek DBHko ikasketak egitera Donostiara joan behar dute, Martutenera. Bistan da horrelako bilakaera izan duena udalerri batek oinarrizko zerbitzuak eskaini behar dituela eta, zer esanik ez, derrigorrezko hezkuntza. Biztanle kopuru hori duten udalerri gutxi izango dira Euskadin, baten bat baldin bada, DBHko ikastetxerik gabe.
Orubea prestatzeko lanak
Udala DBHko ikastetxearen orubea prestatzeko hiritartze lanak amaitzen ari da. Linea elektrikoa lurperatzeko obra zibila apirilean amaituko da eta linea lurperatuta egongo da maiatzean. Udalak aurreproiektau lantzen eta hiritartze lan horiekin 730.000,00 euroko inbertsioa egin du.
Horren ondotik, Udalak orubea prest izango du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari lagatzeko. Hortik aurrera, Eusko Jaurlaritzari dagokio ikastetxearen exekuzio proiektua idaztea eta ikastetxea eraikitzeko obrak egitea. Alabaina, proiektua idazteko eta iakstetxea eraikitzeko epeak oso luzeak dira eta proiektu hori ez dago sartuta Hezkuntza Sailaren 2019-23ko inbertsioen plangintzan.
Udalaren eta DBH plataformaren helburua
Udalaren eta DBH plataformaren helburua horixe da hain zuzen ere, urrats horiek azkartu eta Astigarragako DBHko ikastetxearen proiektua 2019-23ko plangintzan sartzea.
Adierazpen instituzionala
Otsailaren 23an Udaleko Osoko Bilkurak adierazpen instituzionala onartu zuen aho batez. Udaleko talde guztiek bat egin zuten eskaera hauekin:
- Mendiaundi-Aranibarrreko orubea udal jabetzakoa da eta egin beharreko hiritartze lanak egiten ari da Udala, hilabete gutxi barru amaituta egongo direnak. Udalak erabateko konpromisoa agertzen du lan horiek amaitu eta orubea Eusko Jaurlaritzari lagatzeko, jarritako baldintzak betez.
- Astigarragako Udalak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatzen dio Astigarragan DBHko ikastetxea eraikitzeko Mendiaundi- Aranibarreko orubea Hezkuntza Sailari lagatzeko hitzarmena prestatu eta dagozkion izapideak abiaraz ditzala.
- Astigarragako Udalak Hezkuntza Sailari eskatzen dio “Hezkuntza Azpiegituren Plana 2019-2023” inbertsio planean Astigarragako DBHko ikastetxea barne biltzeko.
- Astigarragako Udalak Hezkuntza Sailari eskatzen dio Astigarragako DBHko ikastetxearen exekuzio proiektua idazteko espedientea martxan jartzeko.
- Azkenik, Astigarragako Udalak eskatzen du adierazpen honen berri Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Batzordeari emateko.
Agerraldia Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean
Prentsaurreko honetara elkarrekin gatoz DBHko plataforma eta udala, gai hau ez delako talde baten, guraso batzuen edota udaleko alderdi baten aldarria. Astigarragaren eskaera da. Horrexegatik, agerraldia egiteko eskaera egin diogu elkarrekin Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeari. Batzorde horretara elkarrekin joan nahi dugu, gure eskaeren berri zuzenean emateko eta Eusko Jaurlaritzak gauzak azkartzea lortzeko.
DBH mugimendua Astigarragan
bigarren hezkuntza publiko eta kalitatezkoa eskatzeko sortutako herri plataformak hiru urte baino gehiagoko ibilbidea du, baina herrian zerbitzu publiko hori lortzeko herritarren aldarrikapena askoz zaharragoa da.
Herritar askok jarri dute mahai gainean azken urteotan Astigarragan bigarren hezkuntzako institutu publiko bat izateko beharra. Izan ere, duela hamarkada bat baino gehiago udalerriaren hazkunde demografikoaren aurreikuspenei buruz erabiltzen ziren datuen arabera, argi zegoen urte gutxi batzuk geroago arazo larria izango genuela herrian bertan ikasle kopuru geroz eta handiagoari derrigorrezko eskolatzea bermatzeko.
Azken hiru urteetan, asko izan dira plataformaren aldarrikapen eta ekintzak: informazio bilera irekiak, kaleko jarduerak, kamiseten salmenta, kartelak, hedabideetan presentzia izatea, sare sozialak,… pandemiaren etorrerak eten zuen giza katera iritsi arte. Giza kate horrek 500 bizilagun baino gehiago mobilizatzea lortu zuen, premia geroz eta larriagoa ikusarazteko asmoz.
Garrantzitsua da azpimarratzea kalitatezko zerbitzu publikoak, irisgarriak eta unibertsalak babesteko eta bermatzeko, herritarrak mobilizatzea funtsezkoa izaten jarraitzen duela erakundeek proiektu horiek "agendan" jar ditzaten. Gaur egun, hori lortu da, eta inplikatutako erakundeen lankidetza eta elkarrizketarako prestasuna martxan dago. Horrek itxaropena ematen digu pentsatzeko Astigarragak urte gutxi barru bigarren hezkuntzako institutu bat izango duela.
Hala ere, ez gara azken helburutik aldentzen, eta aurreratutako urratsen jakitun izan arren, asko dago egiteko eta konprometitzeko. Horregatik, hurrengo ekintzetako bat Astigarragako herritarren artean sinadurak biltzea izango da, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari proiektuaren lizitazio-prozesua berehala abian jartzea eskatzeko, amestutako institutua errealitate izan dadin. Prozesua legegintzaldi honetan abian jartzea premiazkoa da, Astigarragako beste haur-belaunaldi batek derrigorrezko hezkuntza egiteko bere udalerritik kanpora joaten jarraitu behar ez izateko. Hala jakinaraziko diegu ekintza berri honetan inplikatutako eragileei.
Sinadura bilketa
Sinadura bilketa martxoaren 18an hasiko da. Hainbat gune finkotan izango da sinatzeko aukera eta egun batzuetan kalean mahaiak jarriko dira. Guneak non egongo diren eta mahaiak zein egun eta lekutan jarriko diren laster zabalduko du DBH plataformak.