Albisteak
Atzealdea Astigarraga aldizkariaren 41. edizioa Erribera kulturgunean, Valella okindegian, Goxua okindegian, Urumea Berriko Ogi Berrin eta Ainhoa janari dendan izango da gaurtik aurrera.
2022·07·08
Astigarraga Aldizkariaren 41. edizioa da aurtengoa, eta ohiko 52 orrialdeetatik 72ra pasa da. Herriko hainbat tokitan eskuratu daiteke, eta, ohikoa denez, herritarrek nahi duten ekarpen ekonomikoa egiteko borondatea emango dute.
Ale mardul honetan gai ugari landu dituzte:
“Santiagomendi, gure ingurune preziatua” gai nagusia izango da. Ikuspegi historiko, paisajistiko, landareen eta animalien biodibertsitateko edota nekazaritzako ikuspegitik azaltzen da.
Bestetik, hainbat gairi buruzko aipamen historikoak egin dira: Ermañamendi & Santiyomendi; Goiko Iturriko garbitegi berria; 1918ko gripearen pandemia; Astigarragako ibaia edo herriko abesti eta doinuak.
Kultur gaiak ere aurki ditzakegu aldizkarian; Irati Oskozek egindako gure herriaren bizitzari buruzko horma-irudia; Sagardoetxeko sagardoaren kulturaren aldeko lana; Talaiari zaharra Urtzi Leoneten abentura-liburuaren laburpena; ikasleen kronika Bertizen, eta Kiriketa haurreskolako langileen ekarpena.
Udalerriko zenbait pertsonen elkarrizketek ere hartuko dute tokia ale honetan, hauek dira: Xabier Urdangarin alkatea, Maria Jesus Baztarrika merkatari ezaguna, Moldaviako bizilagun naturala, Miel Joxe Astarbe txistulari kuttuna eta gure herrian bizi diren Ukrainako hainbat familia.
Toki berezia dute, halaber, herriko talde eta elkarteen ekimenek: Mugi Astigarraga autobusen zerbitzu publiko eta duinaren aldeko plataforma, Gure Izarra elkartearen 100 urteak, Gazte Asanbladaren jarduerak, Gau beltza herri ekimena edo Mundarro kirol elkartearen 40. urteurrena.
Balorazioa eta esker ona
Aldizkariko lantaldea pozik agertu da dokumentu historiko-kultural berri hau gauzatzearekin, eta kolaboratzaileen ahalegina aitortu du. Bide batez, urtez urte ematen dieten babesa eskertu nahi die herritarrei. Duela gutxi egindako gogobetetze-inkestan herritarren babesa islatu da. Irakurleek nabarmendu dutenez, historia, kultura eta gai herrikoiak dira atal gogokoenak.