Albisteak
Atzealdea Astigar elkarteak Astigarraga 2025 aldizkaria eta elkartearen 50. urteurrena ospatzeko egindako bideoa aurkeztuko ditu gaur Erribera kulturgunean
2025·07·11

Gaur, uztailak 11, Astigarraga 2025 Aldizkaria eta Astigar Elkartearen sorreraren 50. urteurrenari buruzko dokumentala aurkeztuko dira jendaurrean.
Aurtengo aldizkariak, 44.ak, 84 orrialdeko ale berezia osatzen du eta bertan Astigar elkartearen ibilbide historikoa jasotzen da, besteak beste. Ikus-entzunezkoak berriz elkartearen hastapenetako testuinguru soziokulturala, legeztatzeko zailtasunak, etapak, herriaren bizitzan izandako lorpen esanguratsuenak biltzen ditu.
Ekitaldia Erribera kulturgunean izango da, 19:00etan, eta sarrera doakoa izango da (gonbidapena hartu behar da udal webgunean edo Erriberan).
Astigarraga 2025 Aldizkaria
Astigar elkartearen 50. urteurrena da Astigarraga 2025 aldizkariaren aurtengo edizioko gai nagusia.
Elkartearen historia sakon jorratu da, honakoak jasoz: bere hastapenetako testuinguru soziokulturala, legeztatzeko zailtasunak, etapak, herriaren bizitzan izandako lorpen esanguratsuenak eta herri mugimenduaren indarrarekin batera bere eslogana 50 urte euskal kulturaren alde! errealitate bihurtzen duen herritar askoren testigantzak.
Edizio berezi honek 84 orrialde ditu, eta horietatik 22 Astigarren historiari buruzkoak dira, gure herriaren historiarekin eta bizitza sozialarekin lotutako artikulu garrantzitsuekin batera. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, udal liburutegiaren jarduera handia, gure osasun arloko profesionalen solasaldia, ibai parkean ditugun urmaelak eta putzuak sustatzeko jarduna, kultur etxe zaharrean gaztegunea sortzeko hausnarketa eta proposamena, Umako azokagunea eraikitzeko proposamena eta gure abizen ospetsuenen historia.
«Gure urteroko aldizkaria egia bihurtzen da herriko jende askoren lan eta ekarpen altruistari esker. Tximela eta Kutxabanken ekarpen ekonomikoa ere jasotzen du, baita Astigarragako Udalaren laguntza ere, dagokion lankidetza hitzarmenaren bidez» eskertu dute Aldizkariko kideek. Astigarragako herriari ere eskerrak eman nahi izan dizkiote, urte hauetan bizitza, historia eta kultura ezagutzeko azaldutako interesarengatik.
Astigarraga 2025 Aldizkaria, noiz eta non?
Uztailaren 11etik aurrera herriko ondorengo guneetan jaso ahal izango dute artigartarrek aurtengo alea: Goxua, Valella eta Ogiberri okindegietan eta Maika kafetegian.
Ohi bezala, aldizkaria jasotzean borondatezko ekarpen ekonomikoa egin daiteke, edizio honetako gastu guztiak ordaintzen laguntzeko.
