Albisteak
Atzealdea Asteartean Udalak maiatzeko Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzarra egin zituen
2024·05·30

Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzordean hainbat gai onartu ziren, hona hemen esanguratsuenak:
Plan Estrategikoak eta 2023-2027 Legegintzaldi Plana
2023ko urrian Udalak lau herri gogoeta jarri zituen martxan: euskara, irisgarritasuna, berdintasuna eta toki garapen jasangarria. Prozesuak martxora arte iraun dute eta Plan Estrategikoetan egikaritu dira. Astearteko Tokiko Gobernu Batzordeak onartu zituen Plan Estrategikoak, lan ildoak eta ekintza zehatzak jasotzen dituztenak.
Horrekin batera, Udalak joan den martxoan 2023-2027 Agintaldi plana aurkeztu zuen, bertan jasotzen dira agintaldian zehar egitea aurreikusten diren proiektuak. Plana 6 ardatzetan banatzen da: aukera berdintasunak; zerbitzu, programazio eta ekipamenduak; garapen ekonomikoa; herri-ingurunea eta klima-krisialdia; herri bizi, aktibo eta kohesionatua eta udal antolamendua, baliabideak eta azpiegiturak. Herri Gogoetetatik ateratako planak, eta baita Legegintzaldi Plana ere, osorik, udal webgunean egongo dira laster, herritarren eskura.
Oinherri Herri Hezitzaileak Sustatzeko Elkartean bazkidetzea
'Oinherri' elkarteko bazkide laguntzaile izatea onartu zuen atzoko Osoko Bilkurak.
Oinherri Elkarteak hainbat ekimen garatzen ditu udalerrietan haurrekin, aisialdiko eredu berritzaile baten barruan. Elkartearen helburuak honela laburbildu daitezke: jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea; hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eurek eraikitako aisia hezitzailea eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta ingurumen kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea.
Hainbat kontratu martxan jarri eta beste batzuk luzatzea onartu zuen Osoko Bilkurak:
- Astigarragako udal eraikin, bulego eta instalazioak, eta ikastetxeak garbitzeko zerbitzu-kontratuan batetik, 1. lotea, hau da, garbiketa arruntak (garbiketa orokorrak barne) Limpieza y mantenimiento Impacto S.L enpresari esleitzea 640.586,65 eurotan (BEZ kanpo), lehiaketan punturik gehien lortu duen enpresa izan delako. Bestetik, 2. lotea, hau da, leihoak garbitzekoa, Gureak garbitasuna SLU enpresari esleitzea 31.358,81 eurotan (BEZ kanpo), lehiaketan punturik gehien lortu duen enpresa izan delako.
- Kirol instalazioen kudeaketarako zerbitzu-emakida kontratuaren aldaketa onartu zuen batzarrak. Kontratuaren aldaketa zerbitzu hauek handitzeko helburuarekin egin da; batetik, igerilekua udaran denbora luzeagoz zabalik izateko, etor daitezkeen bero-boladei aurre egin eta babesleku klimatiko gisa. Eta bestetik, hainbat kirol jardueratan, besteak beste, Astigarragako Aktibatuz sareko ttipi-ttapa eta adinekoen gimnasia, zerbitzua handitzeko, erabiltzaile kopuruari eta eskaerari aurre egiteko.
- Santiagomendiko natur eskola aterpearen kudeaketarako zerbitzu-kontratua eta Erribera kulturguneko zerbitzu tekniko-eszenikoaren eta harrera zerbitzuaren kontratuak luzatzea onartu zuen batzarrak.
Hirigintza arloan gai batzuk landu ziren Tokiko Gobernu Batzarran:
- Zarkumendegi 21 HJEko "C" eta "D" lur-zatietako finkak normalizatzeko proiektua. Lan hauek erritmo onean doaz eta aurten amaituko dira. Finkak normalizatzeko proiektua onartu zuen asteartean Tokiko Gobernu Batzarrak.
- Txalaka Araneder S-27 sektoreko E-1 lur-zatiaren hiri-antolamenduko Plan Bereziaren dokumentu aldatua. Ergobiako Txalaka-Araneder E-1 ekipamenduan Hotelerako aurkeztutako Plan bereziaren dokumentuaren aldaketa onartutzat eman zen.
- Kale Nagusia 72ko lokalaren erabilera aldatzeko lizentzia ematea, etxebizitzako erabilerara pasatzea, onartu zuen batzarrak.
Bi dirulaguntzaren deialdiak eta oinarriak onartu ziren Tokiko Gobernu Batzordean:
- Merkataritza ekintzailetza dirulaguntzen (Guztion dirulaguntzen) oinarriak eta deialdia onartu ziren. Deialdi hauen helburua merkataritza ekintzailetza sustatzea da, bi lerro daude, enpresa ekimen berriak abiarazteko hasierako gastuei aurre egiteko dirulaguntzak batetik, eta bestetik, Astigarragako merkatal gune nagusia izandakoan hutsik dauden lokaletan jarduera ekonomiko berri bat jartzeko dirulaguntzak.
- Gizarte zerbitzu arloan garatuko diren jardueren, proiektuen eta programen dirulaguntzen oinarriak eta deialdia ere onartuta geratu ziren. Gizarte zerbitzu arloko jarduerak burutzen dituzten irabazi asmorik gabeko Astigarragako erakunde publiko zein pribaturi zuzendutakoak dira.
Hainbat elkarteren dirulaguntza izendunak onartu ziren:
- Gure Izarra elkarteari 5.000 euroko dirulaguntza izenduna, 85 urtetik gorakoen omenaldia antolatzeko. Aurten, ekainaren 9an egingo dena.
- Andre Mari Zeruratze parrokiari 3.600 euroko diru laguntza izenduna elikagaien banaketarako.
- Kultura arloko bi laguntza izendun: Astigar dantza elkartea eta Txirriskla txistulari elkartea, biei, urteko euren jarduna garatzeko. Astigar dantza elkarteari 21.800 dirulaguntza eta Txirriskla txistulari elkarteari 9.725 euroko dirulaguntza.
Kultura, jai eta ospakizunen arloetan lehia ireki bidezko hiru eskaera ontzat eman zituen Tokiko Gobernu Batzarrak:
- Txirriskla txistulari taldeari 3.500 euro, Iruñako erraldoien desfilea antolatzeko.
- Astigarte elkarteari 5.250 euro, plastika eskolak antolatzeko.
- Baratze elkarteari 4.196.80 euro, Ilarraren jardunaldia antolatzeko.
