Albisteak

Atzealdea Asteartean egin zituen Udalak martxoko Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzarra

Onartutako gaien artean, dirulaguntzek leku nabarmena izan zuten; hainbat kontratuen luzapenak eta entsegu-gelak egokitzeko obra-proiektua ere onartu ziren, besteak beste.

2025·03·26


Hona hemen gairik esanguratsuenak:

Taxi zerbitzua

Udalak taxi zerbitzuaren 2025erako tarifa berriak onartu zituen atzoko Osoko Bilkuran, iazko tarifekin alderatuta % 5,02 gehiago.

Zerbitzuari dagokionez, dagoeneko indarrean dago erregimen bereziko eremua, eta, beraz, Buruntzaldeko, Oarsoaldeko eta Donostiako taxilariak Astigarragara sar daitezke urte osoan zehar, edozein egunetan eta edozein ordutan, herritarrak hartzeko eta uzteko.

Apaizetxeko etxebizitzen alokairua

Tokiko Gobernu Batzarrak Astigarragako apaizetxeko 4 etxebizitza alokatzeko baldintzak onartu zituen eta laster sinatuko da kontratua. Etxebizitza horiek udaletxeko gizarte zerbitzuek kudeatuko dituzte, harrera etxebizitza, larrialdiko etxebizitza edo alokairu sozial gisa erabiltzeko, hau da, helburu sozialetarako. Kontratua 10 urtekoa izango da eta horretarako Udalak 10.000 euro ordainduko dizkio Parrokiari urtean, mantenimendu eta konponketa gastu arruntekin eta udal zerga eta tasekin batera.

Albiste pozgarria da Udalarentzat hain garrantzitsuak baliabideak, etxebizitzak, behar sozialetara erantzuteko epe ertain batean beregain izango dituela ziurtatzea.

Entsegu-gelak

Frontoiaren azpian bi entsegu gela eraikitzeko bidean beste urrats bat eman zen atzo, Tokiko Gobernu Batzarrak oniritzia eman baitzion entsegu gelak egokitzeko obra-proiektuari. Herriko musika talde eta gazteen eskaintzari erantzuteko helburua du inbertsio honek.

Gaur egun Udalak martxan dituen zenbait kontraturen luzapena onartu zen:

  • 10 litroko poltsa konpostagarrien horniduraren kontratua ID WASTE S.L. enpresarekin luzatzea.
  • Gureak Garbitasuna SLU enpresarekin kale garbiketa zerbitzuaren 1. lotea urtebete luzatzea.
  • Gureak Berdea SLU enpresarekin lorezaintza zerbitzuko kontratuaren 1go eta 2. loteak urtebetez luzatzea.

Dirulaguntzak izan ziren Tokiko Gobernu Batzordeko gai zentrala, hainbat dirulaguntza izendun eta lehia bidezko dirulaguntzen oinarriak eta deialdiak onartu ziren:

Hauek dira onartutako dirulaguntza izendunak:

  • Astikat elkateari 5.000 euroko dirulaguntza, katuen kolonien jarraipena eta kontrola egiteko, besteak beste.
  • Herrian zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei elikagaiak banatzeko, Astigarragako Parrokiari 3.600 euroko dirulaguntza.
  • 85 urtetik gorakoei urteroko omenaldia egiteko Gure Izarra elkarteari 5.000 euroko dirulaguntza.
  • Norberto Almandoz Musika Eskolari bere jarduna bideratzeko 165.000 euroko dirulaguntza.
  • Herri Eskolako Guraso Elkarteari ikasturte honetarako jarduerak bideratzeko 29.587 euroko dirulaguntza.
  • Dobera euskara elkarteari 35.000 euroko dirulaguntza.
  • Aiztondo abesbatzari 2025ean eskainiko dituen emanaldietarako eta bere jarduna aurrera eramateko 22.000 euroko dirulaguntza.
  • Astigar elkarteari 28.000 euroko dirulaguntza; batetik, Astigarraga aldizkaria eta webgunerako; eta bestetik, Astigar dantza taldeak bere emanaldiak eta urteko jarduna aurrera eramateko.
  • Eragiyok abesbatzari Ahober zikloa antolatu eta beste hainbat ekintza burutzeko10.000 euroko dirulaguntza.
  • Ergobia Gastronomi elkarteari euskal jaia antolatzeko 4.000 euroko dirulaguntza.
  • Goldea elkarteari baserri mundua eta herri kirolak sustatzeko 25.000 euroko dirulaguntza.
  • Xaguxar elkarteari udalekuak antolatzeko eta haurren artean euskararen erabilera sustatzeko 35.000 euroko dirulaguntza.

Lehia bidezko dirulaguntza hauen deialdiak eta oinarriak onartu ziren:

  • Lehen sektoreko proiektuak sustatzeko, 30.000 euro.
  • Herrian emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko proiektuetarako, 4.000 euro.
  • Ekintzailetza sustatu eta jarduera ekonomikoak sendotu eta mantentzeko, 22.000 euro.
  • Adintxikikoen garapenaren baitan sortzen diren beharrak laguntzeko, 15.000 euro.
  • Garapen lankidetza programetarako, 20.000 euro.
  • Enpresetan eta elkarteetan euskararen erabilera sustatzeko, 3.000 euro.
  • Kultura, jaiak eta ospakizunetarako, 37.250 euro.
  • Kirol arloko proiektuak eta kirol ekintza puntualetarako, 17.000 euro.