Albisteak
Atzealdea Asteartean egin ziren urriko Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzarra
2025·10·31

Osoko Bilkura
Auto-taxiaren hiri-zerbitzuaren tarifak 2026
Taxiaren zerbitzuaren 2026ko tarifak % 2,4ko hazkundea izatea onartu du Osoko Bilkurak.
Donostialdeko taxien araubide bereziko eremua eratu ondoren, eskualdeko taxilariak Astigarragara etor daitezke zerbitzua eskaintzera. Aukera hori hobeto kudeatzeko eta zerbitzua hobetzeko, herriko taxi gidariak hitzarmena sinatu zuen Radio Taxi Donostiarekin 2025eko udan.
Mozioak
Udal Talde Sozialistak energia komunitateen sorrera bultzatzeko mozioa aurkeztu zuen. Mozioan udalak arlo horretan egin duen lana ez zen islatzen eta udal gobernuarentzat onargarriak ez diren hainbat baieztapen egiten dira. Hori horrela, EHBildu taldeak mozio alternatibo bat aurkeztu zuen, Energia eraginkortasuna areagotu eta energia komunitatearen sorrera bultzatzeko, Osoko Bilkuran onartuta geratu zena (EH Bildu eta EAJren aldeko botoekin, PSEk aurka bozkatu zuen). Hona hemen mozioaren laburpena:
Astigarragako Udalak urteak daramatza energia eraginkortasuneko politikak sustatzen eta energi berriztagarrien alde lanean. Horren erakusle da, 2014an Astigarragako Udalak Energiaren Euskal Erakundearekin batera “Alkateen itunerantz zuzenduz” ekimena gauzatzeko onartu zuen hitzarmena.
Ordutik hona udalak hainbat ekimen bultzatzen joan da energiaren alorrean, hala nola, 2013an Inerdatu energia kudeatzailea jarri zen martxan udalaren energia-kudeaketa eraginkorragoa burutzeko, 2015ean Astigarragako I. Energia Plana idatzi zen eta bertan jasotako hainbat neurri bideratu dira: argiteria eraginkorragoa, 2020tik Astigarragako Udalaren hornidura elektriko guztia energia berriztagarrian du jatorria, udal eraikinetako sabaietan 104 plaka fotovoltaiko instalatu dira.
Udala beste plan batzuk garatzen ere aritu da:
- Astigarragako 2023-3030 Klima eta Energia plana 2023an onartu zen, zeinetan klima-ekintzari eta bidezko trantsizio energetikoari dagozkien helburu estrategiko eta jarduerak zehazten diren.
- 2024an Astigarragako Udalak Tokiko Garapen Jasangarriko Plana onartu zuen eta Klima eta Energia planak jasotzen zuen jarduketa bera jaso zuen ekintza-planean.
- 2024ko martxoan Udal Gobernuak 2023-2027 Legealdi plana aurkeztu zuen eta besteak beste, hurrengo neurria proposatzen da: 4.2.5. Komunitate energetikoak sortu, udalaren parte-hartzearekin.
Beraz, argi dago Astigarragako Udalak energia-komunitate bat eratzeko duen konpromisoa.
Honen erakusle ere, 2025ean Astigarragako Udalak Nafarkoop kooperatibari udalaren behar energetikoak asetzeko autokontsumorako instalazio partekatu baten ikerketa egitea enkargatu ziola.
Azkenik, hau gutxi ez balitz, Astigarragako Udalak Gipuzkoako Eraldaketa Energetikorako Bulegoarekin batera, 2025eko uda aurretik, 3 saio antolatu zituen energia-komunitateen sorrera sustatzeko. Hain zuzen Astigarraga izan zen lehen udalerria Gipuzkoako Eraldaketa Energetikorako Bulegoaren ekimenean parte-hartu zuena.
Horregatik guztiagatik:
- Astigarragako Udalak energia-komunitate herritar bat sortzeko konpromisoari eustea eta bide horretan urratsak ematen jarrai dezala.
- Energia eraginkortasuna areagotu, energia berriztagarrien sorkuntzan sakondu eta energia-komunitatea sortzeko urratsak emateko erakunde desberdinek eskaintzen dituzten baliabideak aprobetxatzea.
- Gipuzkoako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari, Energiaren Euskal Erakundeari eta arlo horretako beste erakundeei eskatzea handitu dezatela modu esanguratsu eta finkoan udalentzako finantzaketa iraunkorra, trantsizio energetikoaren erronka ekosozialari tokiko eremutik eragiteko.
Goldatu Elkartearen (Francoren Diktadura garaiko Euskal Preso eta Erreperesaliatuen Elkartea) mozioa, “Estatua Erantzule” kanpainaren ingurukoa: Osoko Bilkurak mozioa onartu zuen. EH Bildu taldeak aldeko botoa eman zuen, EAJ eta PSE abstenitu egin ziren. Hona hemen mozioaren laburpena:
50 urte bete dira Franco hil zela. Diktadorea duela mende erdi hil zen, baina frankismoa ez zen amaitu, dena "lotuta eta ondo lotuta" utzi zuen, eta estatu-indarkeria sistematikoki praktikatzen jarraitu zen, zigorgabetasun osoz.
1976ko martxoaren 3an Gasteizen eta 1978ko sanferminetan Iruñean egindako krimenak Euskal Herrian irekitako bi zauri handi dira.
Franco gabeko frankismo horren biktimak eta lekukoak dira Martxoak 3 eta Sanfermines 78 Gogoan elkarteak. Horregatik ekimen bateratu bat jarri dute abian, beste behin ere Espainiako zigorgabetasunaren eredu jasanezina salatzeko eta Egia, Justizia, Erreparazioa eta Ez Errepikatzeko Bermeak indarrez aldarrikatzeko, Estatuaren indarkeriaren biktima guztientzat.
Hori dela eta, Martxoak 3 eta Sanfermines 78 Gogoan elkarteek batera aurkeztutako eskaera hauei Astigarragako Udalbatzari atxikitzea eskatzen diogu, azpiko puntuak erabakiz:
- Astigarragako Udalbatzak Espainiako Gobernuari eskatzen dio aitor dezala Estatuak erantzukizun nagusi eta zuzena duela Gasteizen 1976ko martxoaren 3an eta Iruñean 1978ko sanferminetan egindako krimenetan.
- Astigarragako Udalbatzak Espainiako Gobernuari eta haren lehendakariari eskatzen die maila gorenean adierazpen ofizial bat egin dezatela, 1. puntuan adierazitakoari jarraikiz.
- Astigarragako Udalbatzak erakunde eskudunei eskatzen die benetako eta behin betiko urratsak eman ditzatela estatu-indarkeriaren biktimen egiarako eskubidea bermatzeko eta, horrela, derrigorrezko justizia eta erreparazioa lortzeko ateak irekitzeko, antzekoak berriro gerta ez daitezen.
Tokiko Gobernu Batzarra
Astigarragako Udalaren eta Beterri Buruntza Mankomunitate arteko lankidetza-hitzarmena
Tokiko Gobernu Batzarrak 2025-2026ko Enplegua Sustatzeko Toki Ekintzetarako laguntzaren deialdiaren babesean Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako ebazpenari lotutako proiektuak bideratzeko lankidetza-hitzarmena onartu zuen.
Helburua enplegu duina eta kalitatezkoa eskainiz gizarteratzea erraztuko duen eskualdeko enplegu-zerbitzua ematea da. Astigarragako Udalaren kasuan, urtero bezala, aurten ere bost hilabetez kontratatuko ditu lan anitzetarako operarioak.
Ergobia auzoko sarreraren urbanizazio-proiektua
Grabelin kalearen eta Ergobiako zubiaren (Ergobiako sarrera) arteko eremua urbanizatzeko proiektua I-Ingenia Ingeniería y Arquitectura SA sozietatearen 2025eko ekainean idatzi zuen, eta atzo Tokiko Gobernu Batzarrak onartu.
Udalak oraingoz lan horiek egingo ez dituen arren, proiektua onartuta geratu da, ahal duenean bideratu ahal izateko.
Astigarragako udalerriko etxebizitzetako gastuak laguntzeko udal dirulaguntzen ebazpena
Astigarragan alokairuko etxebizitzak dituzten 18 eta 35 urte bitarteko gazte astigartarrei gastuetan laguntzeko dirulaguntza lerro bat jarri du martxan Udalak aurten lehen aldiz. Interesdunek 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko gastuak aurkeztu zitzaketen 850 euro edo gutxiagoko hileko alokairuetan. Dirulaguntzaren zenbatekoa gehienez hilean 300 eurokoa izan daiteke. Onartutako bi eskabideetan kopururik altuena eman da, 300 euro hilean.
- 3.600,00 euroko dirulaguntza 2025HDIR0011 espedientearen titularrari.
- 3.600,00 euroko dirulaguntza 2025HDIR0014 espedientearen titularrari.
Antolaketa batzordea: 2026ko aurrekontua
Udal gobernua buru-belarri ari da 2026ko aurrekontua lantzen. Aurrekontuari buruzko lehen proposamena urriaren 28an egindako antolaketa batzordean oposizioko taldeei aurrekontuaren proposamena aurkeztu eta azaldu die. Orain 15 eguneko epea zabaldu da alegazioak aurkezteko eta epe hori pasata 2026ko aurrekontua azaroko Osoko Bilkurara eramango da.
Aurrekontuari lotuta, urriaren 29tik aurrera, udal taldeko kideak auzoetan aurreikusita dauden proiektu eta zereginen berri auzotarrei emateko eta ekarpenak jasotzeko zenbait egunetan auzoetan egongo dira.
