Albisteak
Atzealdea Asfaltatze eta hobekuntza lanak udalerriko zenbait puntutan; Txoritokieta bidea, Bidebitarte poligonoa eta Donostia Ibilbidea
2021·06·24
Egoera txarrean dauden bideak konpontzeko hasi diren lanetan, alde batetik, zolatze-lanak egingo dira Txoritokieta bidean, beste hobekuntza-lan batzuekin batera, hala nola, ura biltzeko kutxatilak jartzea. Bestalde, Donostia Ibilbideko eremu batean eta Bidebitarte industrialdean zolatze- eta margoketa-lanak bideratuko dira.
Joan den astean hasi ziren Txoritokietako landa-bideak konpontzen. Excavaciones y Transportes Orsa S.L. da lan horiek egiteko ardura duen enpresa, eta aurrekontua 70.219,40 eurokoa da. Konponduko den lehenengo gunea Mendiola baserritik Usategieta baserriraino doana izango da; ondoren, Usategieta baserritik Sagarlore hotelera arteko lanak egingo dira.
Bestalde, herrigunean ere hasi dira aste honetan Bidebitarte industrialdeko gune bat asfaltatzeko eta hobetzeko lanak eta Donostia Ibilbideko errepidean ere laster hasiko dira lanean. Herriguneko obrek 3 asteko iraupena izango dute eta, ahal den neurrian gauez egingo dira, eragozpenak gutxitzeko. Lan horien aurrekontua 66.132,94 eurokoa da (BEZ kanpo) eta lan horiek egiteaz Asfaltos Urretxu S.A enpresa arduratuko da.