Albisteak

Atzealdea Arrobitxuloko igogailu berria erabilgarri dago, azkenean

1
Arrobitxulo auzoa eta Santio Zeharra lotuko dituen igogailua egunero egongo da martxan. Hasiera batean, 7:00etatik 23:00etara funtzionatuko du; aurrerago, Udalak ordutegiaren egokitasunaren ebaluazioa egingo du, egokitu ala ez jakiteko

2022·12·16


Arrobitxulokoa Astigarragan dagoen lehen igogailua publikoa da, eta funtsezko zerbitzuetarako eta eraikin publikoetarako irisgarritasuna hobetzea ahalbidetuko du, hala nola herri eskolarako, kiroldegirako eta udaletxerako.

Igogailua 2021eko martxoaren 30ean 945.232,53 eurotan (BEZ barne) esleitu zitzaion Construcciones Moyua, S.L. enpresari eta 2022ko uztailaren 19an, besteak beste materialen garestitzeagatik, kontratua aldatzea ebatzi zen, kontratuaren zenbatekoa 92.918,57 eurotan areagotuz (%9.8ko igoera). Beraz, aurreikusitako behin-behineko zenbatekoa 1.038.151,1 eurokoa da. Hala ere, oraindik likidazio definitiboa ixtea falta da.

Astigarragako Irisgarritasun eta Mugikortasun Planek aurreikusitako igogailu hau, Astigarragako lehen igogailu publikoa da eta mugikortasun ohiturak asko aldatuko dituela aurreikusten da. Adibidez, Urumea Berri, Ergobia eta Arrobitxulon bizi diren haur, nerabe eta guraso askoren eskolarako ibilbidea aldatuko dela aurreikusten da.

Igogailuaren lanak amaitu ondoren, Udalak ingurua urbanizatuko du, eta, horretarako, azaroko osoko bilkuran 158.000 euroko kreditu gehigarria onartu zen. Igogailuaren aurrealde osoa oinezkoentzako eremua izango dela aurreikusten da, igogailuaren erabiltzaileen (batik bat adin txikikoak) segurtasuna bermatzeko, eta Udala proiektua idazten ari da obrak lehenbailehen esleitu eta burutu ahal izateko.

Atzerapena

Jakina da Arrobitxuloko igogailuaren lanak behar baino gehiago luzatu direla eta udalaren buruhauste handienetakoa izan da azken hilabeteetan. Udala ez dago bat ere ados Construcciones Moyua, S.L. enpresak izandako jarrerarekin eta jardunarekin.

Arrobitxuloko igogailuaren lanak 2021eko ekainean hasi ziren, eta 2022ko otsailean amaitzea aurreikusten bazen ere, abendura arte itxaron behar izan da igogailua publikora zabaltzeko.

Hasiera batean, desadostasunak izan ziren enpresa eraikitzailearen eta obra-zuzendaritzaren artean, eta honek lehen atzerapena eragin zuen. Desadostasun hauek bideratzeko, Udala 2022ko uztaileko kontratu aldaketa izapidetu zuen eta berriz lanak martxan hasi ziren.

Hala ere, obraren amaieran izan dira buruhauste handienak. Batez ere, Construcciones Moyua, S.L. enpresak egindako lan eta amaierekin desadostasun zabalak eta askotarikoak sortu direlako. Desadostasun hauek lan-amaiera hauen kalitate maila eskasagatik sortu dira, kasu batzuetan, onartezinak izanik. Aipatzekoa da, azken momentuan igogailuaren zuloa urez beteta agertu zela lan-amaiera horiek gaizki exekutatuak egoteagatik. Azken hau eta beste hainbat akats konponduta eta nahiz eta beste lan-amaiera askorekin, Udalak, adostasun eta asebetetze osoa ez izan, igogailuaren zabaltzea gehiago ez atzeratzeko, Udalak obra-amaiera sinatzea onartu du. Hala ere, orain Udalak obra-amaieraren likidazioaren zenbatekoan behar adina deskontu aplikatuko ditu eta obrak izan duen atzerapenarengatik zigor-espediente bat zabaltzeko aukera aztertzen ari da.

Hurrengo igogailu publikoa

Udala dagoeneko idazten ari da Apeztegi plaza (Goiko Iturri) eta udaletxeko plaza lotuko dituen igogailuaren exekuzio-proiektua. Proiektu honi esker, Astigarragako erdiguneko biztanleria modu irisgarrian lotuko litzateke eskola eta udaletxearekin. Lehen aurreikuspenen arabera, obrak 2023 amaieran edo 2024 hasieran hasiko lirateke.

1