Albisteak
Atzealdea Arreta zerbitzua eraberritu eta sendotzeko prozesuan, egoitza elektronikoa eta zerbitzuen karta eguneratu eta berritu ditu Udalak
2026·07·06

Udalak hainbat hilabete daramatza herritarrei arreta zerbitzu integrala eskaintzeko proiektua lantzen, arreta hobetu eta errazteko asmoz.
Lehen urratsak tramitazio elektronikoari dagokiona izan da, izan ere, gehitu egin da telematikoki gin daitezkeen izapideen zerrenda.
Sail bakoitzak eskaintzen dituen zerbitzuen zerrendak berraztertu dira, informazioa emateko katalogoa eguneratu da eta, lehen zeudenez gain, beste hainbat izapide modu telematikoan egiteko aukera jarri da martxan. Horrekin batera, eskabideak egiteko inprimakiak eguneratu eta egokitu dira. Era berean, ordenantza fiskala zerbitzu elektronikoan integratu da, ordainketak ere online egiteko aukera emanez.
Jada modu digitalean egin daitezkeen izapide erabilienen artean daude, adibidez, hondakin-txartel berria eskatzea, obra txikien lizentzia eskatzea edo bizikidetza-errolda eskatzea, besteak beste.
Proiektu hau garatzeko arrazoia izan da herritarrei arreta egokiagoa ematea eta izapideak erraztea, behar berriei hobeto erantzuteko, bai biztanleriaren hazkundeagatik eta bai azken urteotan sortu diren legezko betekizun berriengatik.
Astigarragan tramitazio elektronikoaren datuak oso onak dira: batetik, biztanleriaren %60k BAQK du eta, bestetik, 65 urtetik beherakoa da biztanleria osoaren %86. Bi datu horiek erakusten digute zerbitzu digitalen erabilerarako potentzial handia dugula eta gaur egungo erabilpena handitu dezakegula.
Gaur egungo datuak hala ere, onak dira. Sarrera erregistroko sarrera guztien %53 modu telematikoan egiten da. Biztaleriaren %60k BAQKa edukitzea ere oso datu ona da. Bi datu horiek zor zaizkie Udaleko Harrera Zerbitzuan urte askoan egin duten lanari eta BAQKa ateratzeko eta erabiltzeko eskaini duten laguntza eta aholkularitzari.
Ondorioz, zerbitzu eta izapide telematikoen karta eguneratu eta osatuz, beste bultzada bat eman nahi diogu egoitza elektronikoari eta herritarrak animatu nahi ditugu beren eskabideak telematikoki izapidetzera.
Horrekin batera, izapide elektronikoak indartzeak presentzialki zerbitzua jaso behar dutenentzat ere abantaila bat suposatzen du, zerbitzu pertsonalizatuagoa eta denbora eskaintza zabalagoa emateko aukera dagoelako.
Arreta integralerako bulegoa
Honekin batera, epe laburreko erronka nagusietako bat zerbitzu honetarako espazio fisiko berri eta egoki bat prestatzea da, Kale Nagusian. Une honetan Udala proiektu hori idazten ari da eta obrak 2027an hasiko direla aurreikusten dugu. Era berean, epe laburrean, Arreta Zerbitzuko giza baliabideak handituko ditu Udalak, arretako administrari bat gehituta. Helburua da arreta integraleko bulego fisiko egoki bat martxan jartzea, behar berrietara egokitua, arreta eraginkor, hurbil eta kalitatezkoa bermatzeko.
