Albisteak
Arantzazuko Ama Ikastolako DBHko ikasleak hainbat ekimen gauzatzen ari dira: telazko poltsak banatu, plastikozko tapoiak bildu, ibaia garbitu, bigarren eskuko gauzen azoka, argazki erakusketa...
2022·05·26
Maiatzaren amaieran eta ekainaren hasieran Arantzazuko Ama Ikastolako DBHko ikasleak hainbat ekimen burutzen ari dira Ekofish programaren barruan, itsas hondakinen arazoaz jabetu eta aurre egiteko.
Telazko poltsen banaketa
Talde batek telazko poltsak banatzeko ekimena burutuko du. Helburua da plastikozko poltsen erabilpena murriztea, plastikozko poltsa eta bildukinen arazoa handia delako eta itsasoan mikroplastikoek sortzen dituzten arazoak larriak direlako.
Hori dela eta, telazko poltsak banatuko dituzte, behin eta berriz erabiltzeko. Poltsak banatuko dituzte maiatzaren 27an (ostirala), Astigarragako Herri eskolako patioan, 16:30ean.
Plastikozko tapoien bilketa
Beste talde batek plastikozko tapoiak biltzeko ekimena jarri du martxan. Astigarragan hainbat puntutan daude tapoiak biltzeko kaxak. Helburua da tapoiak bildu eta birziklatzea.
Ibaia garbitzeko hitzordua
Beste talde batek zabor bilketa bat antolatu du Astigarragako Urumea ibaian. Ekainaren 4an izango da hitzordua, goizeko 11:00etan, Erribera kulturgunean. Aukera paregabea da familientzat, seme-alabei natura zaindu eta errespetatzearen garrantzia ekintzekin erakusteko.
Bigarren eskuko gauzen azoka
Bestalde, 4 DBHko ikasleek bigarren eskuko gauzen azoka egingo dute maiatzaren 27an, Astigarragako Herri Eskolako atarian, 16:15etik 18:15era. Aurreko asteetan hainbat puntutan bigarren eskuko gauzak jasotzeko kaxak jarri dituzte, arropa, jostailuak, liburuak eta bitxiak jasotzeko.
Erakusketa
Beste ikasle talde batek argazki erakusketa eta lehiaketa bat antolatu ditu. Ekainaren hasieran egongo da ikusgai Erriberako kultur etxeko erakusketa aretoan.
Zer da Ekofish?
Pasaiako irabazi asmorik gabeko Itsas Gela eta Getariako Itsas Planet elkarteek sustatutako proiektua da. EkoFishen helburu nagusia da gizartea itsas hondakinen arazoaz jabetzea eta, gure esku dauden ekintza txikiekin arazo horri aurre egitea. Arantzazuko Ama ikastolako DBHko ikasleek urtero parte harrzten dute proiektu honetan.