Albisteak
Atzealdea Aparkalekuen arazoa arintzeko neurriak hartu ditu Udalak
2026·02·11

Udala jakitun da aparkalekuekin arazo bat dagoela, beste herri batzuetan bezala, baita Astigarragan ere. Hori dela eta, udal gobernu honek urteak daramatza hori hobetzeko eta ordenatzeko, ahal den neurrian, jarduketak egiten. Horren adibide da herriko hainbat guneetan egindako aparkalekuen berrantolaketa. Berrantolaketaz ari garenean, aparkaleku-plaza gehiago lortzeko eguten diren noranzko aldaketa edo pintura-lanez ari gara. Hona hemen azken urteetan egindako esku-hartzeen adibide batzuk: 2019an, Oialume bidean (Ergobia) 12 plaza irabazi ziren. 2020an, Donostia ibilbidean (kutxatik Martutenera) 10 plaza irabazi ziren. 2021ean Tranbia ibilbidean 18 plaza irabazi ziren. 2023ko Donostia ibilbidearen urbanizazioarekin (txingurritik kutxaraino) 39 aparkaleku irabazi ziren.
Horrekin lotuta, Udalak azpimarratu nahi du gure herrian oinezkoentzako eta txirrindularientzako espazio seguruak eta atseginak izatearen garrantzia, eta horretan dihardu azken urteotan udal gobernuak ere.
Gaur egun, Pelotari kaleko bidegorriaren obra abian da, eta hori dela eta, kale horretako aparkalekuak okupatuta daude. Horrek ezinegona sortu du herritar batzuen artean, eta, horregatik, Udalak argitu nahi du une honetan okupatuta dauden aparkalekuak, obra amaitzean, lehengo egoerara itzuliko direla; hau da, lehen zegoen aparkaleku kopuru bera mantenduko da, 81 plaza, guztira. Bidegorri honekin, herriko bidegorrien sarea zabalduko da eta kale Nagusian egingo denarekin lotzen denean, DBHko ikasleei institutura modu seguruan iristeko aukera emango die etorkizunean. Ez da erraza izaten bi helburu horiek uztartzea, hau da, aparkalekuak galdu gabe oinezkoentzako eta txirrindularientzako espazio seguruak eta atseginak irabaztea. Oraingo honetan, Pelotariko bidegorriaren kasuan, Udalak lortu ditu bi helburu horiek eta pozik agertu da horregatik.
Aparkaleku plaza berriak
Bidegorriaren obren ondoren plaza kopuru berari eusteaz gain, Udalak aparkalekuak irabaziko ditu inguruko bi eremuetan. Zehazki, Donostia ibilbidea 11-13-15 (Portutxotik gertu) 20 aparkaleku inguru irabaziko dira eta errepidea noranzko bakarrekoa bilakatuko da, Portutxorantz zirkulatuko da; pintaketa lan horiek egiten otsailaren 12an hasiko dira. Beste eremua Donostia ibilbideko Bidebitarteko sarrera izango da, beste 10 aparkaleku inguru irabaziko dira; lan horiek aurrerago egingo dira.
Nabarmentzekoa den beste neurri bat ere jarri zuen martxan Udalak duela hilabete gutxi batzuk. Herriko aparkalekuen eta ibilgailuen azterketa egiteari ekin zion. Azterketa enpresa batek egin zuen hainbat egunez, herriko hainbat kaletan datuak bilduz (matrikulak, adibidez). Une honetan, bildutako datuak aztertzen ari dira, eta emaitzak jasotzen direnean, herrian ezar daitezkeen konponbideak aztertuko dira.
