Albisteak
Atzealdea Aniztasun funtzionala duten pertsonen errealitatea da aztergai nagusia Astigarraga aldizkariaren edizio berrian
2024·07·08
Aniztasun funtzionala eta desgaitasunaren gaiari hainbat ikuspegitatik heldu zaio, eta oso esanguratsuak izan dira familiek kontatutako bizi-esperientziak. Udalerrian aniztasun funtzionala duten 404 pertsonen egoerak eta datuak hartu dira abiapuntutzat. Aldizkarian jaso dira hezitzaileek Herri Eskolan egiten dituzten jarduerak, Elkartu Elkartearen helburuak (desgaitasun fisikoa duten pertsonak biltzen ditu), hiru familiak beren seme‑alabekin dituzten bizi-esperientziak eta Udaleko Gizarte Zerbitzuen ikuspegi profesionala. Gaian sakontzea erraza ez dela jakinda ere, erronkari heldu diote Astigarraga aldizkarikoek eta hurbildu dira gai honek dituen alderdi batzuetara.
Bestalde, argitalpenarek bestelako gaiak ere jasotzen ditu, gure herriaren historiarekin eta gizarte‑bizitzarekin zerikusia duten beste hainbat gaiekin. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, paperezko planotatik Google Maps-erako bideaz diharduen artikulua, herriko pilotarien eta pilota eskolaren ingurukoak, natura eta baserriari buruz idatzitakoak nahiz herriko gazteei eta Mainel Serrari egindako elkarrizketak, Ergobiako gabarra zentzuari buruz ari dena edo irakurketa taldeez arduratzen diren pertsonek idatzitakoak ahaztu gabe.
Betiko moduan, artikulu batzuk laguntzaileek ondu dituzte, eta beste batzuk aldizkariko erredakzio-taldeak prestatu ditu. Horrek islatzen du, hein handi batean, proiektuaren izaera komunikatibo, sozial eta herrikoia. Izan ere, gure urtekaria herriko pertsona askoren ekarpen altruistari esker gauzatzen da, eta Tximela eta Kutxabanken ekarpen ekonomikoa eta Astigarragako Udalaren laguntza jasotzen du, dagokion lankidetza hitzarmenaren bidez.
Aldizkaria uztailaren 10etik aurrera egongo da eskuragarri herriko hainbat tokitan: Goxua, Valella eta Ogi Berri okindegietan, Maika kafetegian eta Erribera kultur etxean. Ohi denez, aldizkaria jasotzean borondatezko ekarpen ekonomikoa egin daiteke, edizio honetako gastu guztiak ordaintzen laguntzeko.
Azkenik, Astigarraga aldizkariko kideek eskerrak eman nahi dizkiote Astigarragako herriari, urtez urte -dagoeneko 43 dira- izan duen interesarengatik, gure herriko bizitza, historia eta kultura ezagutzeko. Horrek egiten gaitu herri bateko kide aktibo. ESKERRIK ASKO, BIHOTZEZ!