Albisteak
Atzealdea Angelun gertatutako hilketa gaitzesteko adierazpena
2020·05·08
Astigarragako Udalak gaitzespen gogorrena azaldu nahi du Angelun (Lapurdi) maiatzaren 6an gertatu den emakumeen kontrako indarkeria matxista kasuaren aurka, eta bere laguntza nahiz begikotasun osoa adierazi nahi die mota horretako erasoak pairatzen dituzten emakumeei eta bere ingurukoei. Udalak dituen informazio eta baliabide guztiak erasotutako emakumeen esku jarri ditu, bere onera etortzeko prozesuan behar dezaketen laguntza guztia barne; eta alarma-egoeran indartu ere egin du, berariazko Gertu arreta zerbitzuaren bidez.
Astigarragako Udalak 2019. urtean Astigarragako Udalaren eraso matxisten aurrean jokatzeko eta erantzuteko protokoloa sortu zuen. Hori dela eta, gorago aipatutako gertaera horien berri izan bezain laster, protokolo instituzionala aktibatu du ,kasu honetan jazoera gaitzestu eta Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren deialdiarekin bat egiteko.
Indarkeria matxistaren aurrean jarduteko eta erantzuteko protokoloa ezinbesteko tresna zaigu erantzun egoki, eraginkor eta bateratua emateko jendartean ikusezin eta normalizatua dugun emakumeen kontrako indarkeria matxisten eta bestelako indarkeria matxisten aurrean. Alde batetik, protokolo honek Astigarragako Udalak emakumeen kontrako indarkeria matxistarekin eta indarkeria matxista mota guztiekin amaitzeko duen konpromisoa berresten du. Bestetik, indarkeriaren prebentzioan eta arretan zuzenean lan egiten duten Udaleko sailen arteko koordinazioa eta lankidetza hobetzen ditu. Eta, azkenik, eta garrantzitsuena, emakumeen kontrako indarkeria matxistarekin eta zein bestelako indarkeria matxistekin amaitzeko egiten den lana hobetzen du, besteak beste, biktimei ematen zaien arreta hobetuta.
Udalaren jarrera irmoa da, argi eta garbi adierazi nahi dugu ez ditugula inola ere onartzen emakumeen eskubideak urratzen dituzten eraso makur hauek; eta, bestetik, herritar guztiei bide bat eskaini nahi diegu, gaitzespen argi bat agertu dezaten emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurka; indarkeria ez baita soilik erasoa edo hilketa pairatzen duten emakumeen arazoa, zein sexu/genero/sexualitate sistema eta horri lotutako botere harremanetatik ateratzen direnena, emakume guztiena baizik.
Emakumeen aurkako indarkeriak erasotzaile eta biktima banakakoak ditu beti, noski, baina arazo sakon bat dauka jatorrian: emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituen ideologia, alegia. Indarkeria sexista emakume guztiek emakume izateagatik edota emakume itxura izateagatik jasaten duten indarkeria da. Beraz, indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza.
Astigarragako Udalak ardura osoa du udalerrian bizi garen pertsona guztiok eskubide guzti-guztien jabe garela bermatzeko. Beraz, ez du atsedenik hartuko ahalegin honetan, gure bizikidetza demokratikoaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larri honen irtenbidea bilatu beharra baitago guztion artean. Langintza horren barruan, ezinbestekoa da adierazpide egokiak eskaintzea Astigarragako herritarrei, oro har, emakumeen aurkako eraso guztiak, zein bestelako eraso matxistak, irmotasunez gaitzetsi ditzaten. Erasoa jasan duten emakumeek edo heteroaraua jarraitzen ez dutenek, guztion laguntasuna sentitu behar dute, ikusi behar dute guztion erantzukizuna eta ardura dela haiei laguntzea, eta erasotzaileei argi eta garbi azaltzea guztion artean mugatu egingo dugula beldurra hedatzeko estrategia zital horren ahalmena, emakumeei, edo bestelako erasotuei, erantzun-tresna egokiak emanez, eta gizon erasotzaileei, berriz, ekintza makur horien ondorioak ordainaraziz.
Horrenbestez, Astigarragako Udalak dei egiten die herritar guztiei emakumeen kontrako eraso sexista edo indarkeria matxista kasuen aurrean aurka agertzera eta indarkeria horren biktimei bakarrik ez daudela adieraztera. Era berean, ezinbestekoa da Udalak behar bezalako erantzuna eman ahal izateko, gertatzen diren eraso sexista eta matxisten berri izatea. Denon artean indarkeria sexistarik eta matxistarik gabeko Astigarraga eta jendarte parekidea eratzea lortuko dugu.
Kezka isolamendu egoera dela eta
Halaber, Astigarragako Udalak bere kezka agertzen du COVID-19ko osasun-krisiaren ondorioz berrogeialdian eta isolamenduan gerta daitezkeen ekintza eta portaera matxisten gorakadaren aurrean. Hori dela eta, gogorarazten du indarkeria matxistari aurre egin behar dieten emakumeak artatzeko ohiko baliabideak eskura izateaz gain, Astigarragako Udalak bere arreta indartu duela Gertu zerbitzuaren bidez. Egunero 7:00-21:00 bitartean indarkeria matxistari aurre egin behar dieten astigartarrek erabilgarri dute, informazioa eta aholkularitza emateaz gain, behar duten edonolako laguntza emateko.Telefonoz, whatsappez edo bideo-deiaz jarri daiteke harremanetan 688 804 672 telefonoan.
Angeluko hilketaren aurrean gaitzespen ekimenak
Azkenik, Astigarragako Udalak herritar guztiei dei egiten die, koronabirusaren osasun-krisirako ezarritako protokoloa eta gomendioak jarraituz, bat egin dezaten Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak antolatu eta bultzatutako gaitzespen ekimenekin. Gaitzespen ekimen hori izango da gaur, maiatzak 8, 19:00etan balkoi eta leihoetatik kazerolada eta sirena hotsak, eta kalera ateratzean petoak soinean jantzi mezu hauekin: HILTZEN GAITUZTE / BESTE EMAKUME BAT ERAILA.
Tokiko Gobernu Batzordeak aho batez onartutako adierazpena, 2020-05-08.