Albisteak
Andre Gobararien parkea garbituko dute herritarrek ekainaren 5ean, Ingurugiroaren Nazioarteko Egunean.
2021·05·31
Udalak eta Gaea elkarteak elkarlanean antolatu duten ekimena da. Helburua, erreka ertzean, errekan eta parkean zehar dauden hondakinak bildu, sailkatu, eta ahal den neurrian, dagokion sailkatze plantara eramatea izango da.
Gaea elkartea
GAEA Elkartearen helburua itsas ingurunaren defentsa eta babesa sustatzea, eragin antropogenikoa murriztea eta itsas bizitzaren kontserbazioa bultzatzea da, gizartearen sentsibilizazioaren, kontzientziazioaren eta dibulgazioaren bidez. Ingurunearen babesean bakarkako ardura eta eguneroko ekintzek duten eragina handia dela helarazi nahi dio GAEAk gizarteari.
Zabor Harrapakariak ekimena
“Zabor Harrapakariak” da GAEA elkartearen azkeneko proiektua. Proiektuaren ardatzak sentsibilizazio eta garbiketa ekitaldi bat eta inguruneko zonalde zikinen berri emateko plataforma baten garapena dira.
Proiektu honek, herritarren partaidetza sustatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak 2020an emandako dirulaguntza jaso zuen, eta baita Astigarragako Udalaren onespena eta ekimena antolatzeko prestutasuna ere. Izan ere, ekimena Udalaren hondakinen kudeaketarekin bat dator, Udala, herriguneko hondakinetan ez ezik, parke, ibai, erreka, eta gainerako espazioetan ere, hondakinen kudeaketa egokia egiten saiatzen baita.
Garbiketa
Ekainaren 4ean Astigarragako Herri Eskolak lehen hezkuntzako ikasleekin ibaiadarren garbiketa egingo du, eta beraz, eurek ere proiektuan parte hartuko dute. Lehen Hezkuntzako ikasle guztiek hartuko dute parte garbiketan, LH1etik LH6ra. Guztira, 355 ikaslek. Petritegi, Oialume, Galtzaur, Mundarro eta Goiko Iturri errekak garbituko dituzte hain zuzen ere ikasleek.
Ekainaren 5ean, aldiz, adin guztietako pertsonek izango dute parte hartzeko aukera Andre Gobadarien Parkearen garbiketan. Garbiketaz gain, hitzaldia, musika eta hamaiketakoa ere egongo dira:
- 10:30-11:00: Ongietorria eta material banaketa
- 11:00-11:30: Informazioa eta hizketaldia
- 13:30-12:30: Hondakinak jaso eta sailkatu
- 12:30-13:00: Materiala itzuli eta sari zozketa
- 13:00-13:30: Hamaiketakoa eta amaiera