Albisteak
Atzealdea Amaitu da aurrekontu partehartzaileetan proposamenak aurkezteko fasea
2022·10·28
Astelehenean amaitu zen aurrekontu parte-hartzaileetan proposamenak bidaltzeko fasea. Astigartarrek 120.000 euro zertarako erabiltzea nahi duten erantzun dute. Udalak 500 proposamen baino gehiago jaso ditu, 261 pertsonek egindakoak; horietatik, 168k webgunearen bidea erabili dute eta beste 93k eskuorriak utzi dituzte herrian jarritako postontzietan.
Orain bigarren faseari ekingo zaio, hau da, gaika sailkatuko dira eta proposamen guztiak aztertuko dira. Bideragarritasuna aztertzerakoan kontuan hartuko diren irizpideak dira, besteak beste, aurrekontuaren barruan dauden, teknikoki egingarriak diren eta udalaren eskumenekoak diren.
Behin bigarren fase hau amaituta, Udalak finalisten zerrenda argitaratuko du aukeratutako proposamenekin. Azkenik, herritarrek beren botoekin aukeratuko dute proposamen gogokoena.
Hirugarren fasea, bozketa
Botoa emateko epea azaroaren 21etik 28ra izango da. Kontsulta telematikoki egingo da eta 16 urtetik gorako herritarrek bozkatu ahal izango dute. Hala ere, telematikoki bozkatzeko zailtasunak dituztenei laguntza eskainiko zaie.