Albisteak

Atzealdea Altxa Burua Astigarragak, Udalarekin eta Astiko elkartearekin elkarlanean, "Gurea erabil dezakezu" kanpaina jarri du abian, behar dutenean haur eta nerabeek herriko hainbat telefono eskura izan ditzaten

Kanpainan 21 establezimenduk eta hainbat eraikin eta zerbitzu publikok hartuko dute parte. Oraindik kanpainarekin bat egiteko aukera dago.

2024·06·14


Kanpaina 6 eta 16 urteko haur eta nerabeei zuzenduta dago eta urtebeteko iraupena izango du. Ondoren, balorazioa egingo da. Kanpainan parte hartzen duten zerbitzu publikoek eta saltokiek haurren eta nerabeen eskura jarriko dute telefonoa. Haurrek eta nerabeek nora jo erraz identifikatu ahal izateko, parte-hartzaileek agerian izango dute "Gurea erabil dezakezu" eranskailua.

Hauek dira kanpainak dituen helburu nagusiak:

  • Haurrei mugikorra erabiltzeko beharra murriztea.
  • Haurrek espazio publikoa berreskuratzea eta erabiltzea; kaleak eta auzoak ezagutzea eta seguru sentitzea.
  • Komunitateko kideen laguntza eta koordinazioa indartzea. Komunitatearen zaintza sustatzea.
  • Helduei buruzko erreferentzia gehiago izatea; gizarte-sarea indartzea.

Parte-hartzaileak

Astiko elkarteko 21 establezimenduk parte hartuko dute kanpainan:

  1. Mai family & Co.
  2. Beti Goxo
  3. Astigarraga Consultores
  4. Mon paperdenda
  5. Ezpela Naturdenda
  6. Triton
  7. Maple Tree
  8. Astigarraga hortz-klinika
  9. Pastain
  10. Kixkur ileapaindegia
  11. Mapfre Astigarraga
  12. Aguado farmazia
  13. More Kolore ileapaindegia
  14. Zubitxo
  15. Kris Auzmendi ileapaindegia
  16. Astigarraga Tattoo
  17. Yoss ileapaindegia
  18. Amalei Estetika Zentroa
  19. GaurkoTek
  20. Ikatza taberna
  21. Gnomos

Baita eraikin eta zerbitzu publikoek ere:

  1. Udala
  2. Erribera kulturgunea
  3. Kiroldegia
  4. Kultur Etxe zaharra: gaztelekua, udal zerbitzuak eta Sagardoetxea
  5. Emakumeon Etxea

Kanpainara gehitzeko aukera dago oraindik. Interesatuak harremanetan jar daitezke Altxa Burua Astigarragarekin, Astiko elkartearekin edo Astigarragako Udalarekin.

Zer da Altxa Burua Astigarraga eta nola sortu zen?

Astigarragako Herri Eskolako Guraso Elkarteko Batzarra Digitaletik sortutako ekimena da. Seme-alaben mugikorren erabilerari buruz hausnartu ondoren, adina atzeratzea eta haurren eta nerabeen artean mugikorren erabilera kontzientea eta osasungarria sustatzea nahi dute.

Udalak ere bere egiten du kezka eta ingurune digitalari erreparatzeko konpromisoa du. Honekin lotuta eta kanpainarekin bat egitearekin batera, beste ekintza bat ere du abian une honetan; liburutegiko eta Gaztelekuko ordenagailuetan aplikazio bat jarriko da, adingabeei gune jakin batzuetarako sarbidea mugatzeko.