Albisteak

Atzealdea Alokairu sozialeko 5 etxebizitzen zozketan parte hartzeko izen-ematea zabalik

Etxebizitza horiek Aiotzategi kaleko 1. atarian, Urumea kaleko 6. atarian eta Kale Nagusia kaleko 28. atarian daude kokatuta. Eskaerak aurkezteko epea urtarrilaren 31n amaituko da.

2022·01·11


Astigarragako Udalak 5 etxebizitza alokairu sozialean 7 urterako emateko prozedura jarri du martxan. Etxebizitza horiek Aiotzategi kaleko 1. atarian, Urumea kaleko 6. atarian eta Kale Nagusia kaleko 28. atarian daude kokatuta.

2020an Udalak alokairu sozialeko 7 etxebizitza eman zituen, 2021ean 11 eta oraingoan beste 5. Guztira, beraz, 23 etxebizitza. Alokairu sozialeko etxebizitzen politika sustatzeko eta indartzeko, Udalak oraingoan babes ofizialeko etxebizitza bat lehentasunez erosteko eskubidea baliatu du, alokairu sozialerako etxebizitzen parkea handitzeko.

Deialdi berri honetako 5 etxebizitzek ezaugarri hauek dituzte:

  • Aiotzategi kaleko 1. atarian dauden 3 etxebizitzak 3 logelakoak dira eta garaje marra eta trastelekua dituzte.
  • Urumea kaleko 6. atariko etxebizitza 2 logelakoa da, garaje marra eta trastelekuarekin.
  • Kale Nagusia 28. atarian dagoen etxebizitza 55 m2koa da eta hiru logela ditu (ez du garajerik eta trastelekurik).

Kupoak

5 etxebizitza horiek bi multzo edo kupotan banatu dira. Eskatzaile batek kupo bakarrean parte har dezake. Hona hemen:

  • 1. kupoa: babes bereziko gizarte-egoeran dauden eskatzaileentzat. 2 etxebizitza gordeko dira multzo honetarako, Aiotzategi kalea 1, 1. B. eta Urumea kalea 6, 5.E, hain zuen ere. Multzo honetan sartzen dira eskatzaile mota hauek: 70 urtetik gorako pertsonak; Desgaitasun psikikoa duteln pertsonak; Guraso bakarreko bizikidetza-unitateak (adingabe 1ekin); Genero-indarkeriaren biktimak; Bananduta edo dibortziatuta dauden pertsonak, ezkongabeak eta alargunak.
  • 2. kupoa: gazteak. Eskatzaileetako batek gutxienez 35 urte edo gutxiago izan beharko ditu. 3 etxebizitza gordeko dira multzo honetarako, hirurak 3 logeletakoak: Aiotzategi kalea 1, 2.B eta 3.B eta Kale Nagusia 28, 4.

Iraupena

Alokairu-kontratuek 7 urteko iraupena izango dute, baina urtero berrikusiko dira hasierako baldintzak betetzen diren egiaztatzeko.

Parte hartzeko baldintzak

Hona hemen parte hartu ahal izateko baldintza nagusiak (ikus xehetasunak oinarrietan):

  • Onuradun izateko ezinbestekoa da Astigarragarekin lotura izatea, erroldatzearen bidez edota Astigarragan lan egitearen bidez.
  • Parte hartzeko ezin da etxebizitzarik jabetzan eduki.
  • Urtean gutxienez 3.000 euroko eta gehienez 39.000 euroko diru-sarrera haztatuak izatea egiaztatu behar da zozketan parte hartzeko. Baina hala ere, lehentasuna 25.000 euro baino gutxiagoko diru sarrera haztatuak dituzten eskatzaileek izango dute.

Eskabideak aurkezteko epea eta lekua

Parte hartu ahal izateko, eskabidea eta oinarrien 4. atalean zehaztutako dokumetuak aurkeztu behar dira.

Eskabideak aurkezteko epea amaituko da urtarrilaren 31n (egun hori barne).

Eskabideak aurkeztu behar dira Astigarragako Udaletxeko Erregistroan aurrez aurre edota modu telematikoan.

Oinarriak eta argibideak

Oinarriak argitaratuta daude Astigarragako udalaren webgunean. Halaber, eskabidea egiteko eredua eskura dago Udalaren webgunean. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean laster argitaratuko dira.

Ikus oinarriak esteka honetan: https://labur.eus/0jZg7

Argibideak jasotzeko jarri harremanetan Astigarragako Udaleko Hirigintza, Ingurumen eta Etxebitza Sailarekin:

Tel. 943335241

hirigintza@astigarraga.eus