Albisteak

Atzealdea Alkateak agerraldia egin du Batzar Nagusietan Astigarragako autobusaren garraio publikoaren inguruan

1
Foru Aldundiari eskatu dio, Udalaren eta astigartarren izenean, autobus zerbitzuaren eta geltokien murrizketak alde batera utzi eta baliabideak gehitzeko.

2021·10·20


Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak agerraldia egin du Gipuzkoako Batzar Nagusietako Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Batzordean, uztailaren 1etik aurrera Foru Aldundiak eta Lurraldebusek martxan jarri duten autobus zerbitzu publiko berria dela eta.

Alkateak astigartarren ezinegona eta haserrea helarazi dizkie batzordekideei, adieraziz astigartarrek emakida berriarekin behingoz eta betiko autobus zerbitzu duin eta egoki bat edukitzeko itxaropena erabat zapuztuta geratu dela.

Astigarragari buruz hainbat datu eskaini ditu hasteko: biztanleriaren hazkundea, jaiotze tasa altua, garraio publikoaren egoera eta gabezia...

Ondoren, autobusaren zerbitzu berriarekin gertatu dena azaldu du, laburbilduz: biztanleria % 33 hazi den bitartean autobus zerbitzua % 4 murriztu du Foru Aldundiak eta BU12 linean Astigarragako erdiguneko geltoki guztiak kendu ditu (eta lineako geltokien erdiak).

Linea bakoitzarekin gertatu dena banan-banan aztertu du ondoren, adieraziz Foru Aldundiak BU13 linea indartu duela BU12 lineari baliabideak kenduz, ulertu gabe bi linea direla, behar ezberdinei erantzuten dietenak.

Horrekin batera, adierazi du Astigarraga dela une honetan Buruntzaldeko herri bakarra ospitaleetara eta unibertsitateetara joateko garraio publiko zuzenik ez duen Buruntzaldeko herri bakarra.

Azpimarratu du, udalaren kezka nagusia dela, egunero lanera, ikastera, osasun zerbitzuetara edo antzeko eginkizunetara joan behar duten herritarrei autobus zerbitzu duin bat eskaintzea, hala ere, aipamena egin dio Erreala ikustera joateko autobus zerbitzu bereziari, azken egunetan hainbat kexu eta dei jaso baititu udalak zerbitzua kendu dutelako.

Autobus zerbitzu duinaren aldeko herri plataforma ere aipatu du alkateak, gehituz inoiz Astigarragan bildu den sinadura kopururik handiena bildu dutela eta astigartarren iritzia hor dagoela, argi eta garbi adierazita.

Astigarragako Mugikortasun Planean landutako alternatibak ere azaldu ditu alkateak: hala nola, dBusen Martuteneko linea eta Antigua-Aiete-Ospitaleetako linea Astigarragara luzatzea.

Halaber, Astigarragako Udalak eta astigartarrek Foru Aldundiari zer eskatzen dioten azaldu du:

  • Orobat Astigarragako hiri arteko autobusaren garraio publikoko zerbitzuari baliabide gehiago eskaintzeko. 
  • BU13 linean behar diren errefortzuak ziurtatzeko, bereziki astegunetan lehen orduan Donostiara joateko eta eguerdian Astigarragara itzultzeko.
  • BU12 linea lehen bezala jartzeko, hau da, maiztasuna ordu erdiro eta geltoki guztiak berreskuratuta.
  • Astigarraga ospitaleekin, unibertsitateekin eta Donostiako ekialdearekin zuzenean lotuko duen autobus zerbitzu publikoa jartzeko, Udalak proposatutako alternatiben haritik edota hiriarteko linea berria jarriz.

Alkateak batzordekideei adierazi die badela garaia behingoz eta betiko Astigarragari autobus zerbitzu duin eta egoki bat eskaintzeko.

Eskura duzu hemen agerraldian egindako hitzaldia eta pantailan jarritako aurkezpena.

1