Albisteak

Agintaldiko lehen Plenoa eta Tokiko Gobernu Batzarra egin ditu udalak jaien aurretik

Gai ugari jorratu ziren bi batzarretan, besteak beste, hainbat kontraturen esleipenak eta elkarteei dirulaguntzak.

2023·07·19


Agintaldiko ohiko lehen Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzarra egin zituen udalak, atzo, uztailaren 18an.

Hainbat kontraturen esleipenak

Hainbat kontraturen esleipen prozedura hasi eta beste batzuen esleipena ontzat eman zuen atzo Tokiko Gobernu Batzarrak:

Jolastokiak: ibai parkea eta sagardo plaza

Astigarragako jolas- eta aisialdi-eremuak egokitzeko kontratuak bi loteetan esleitu dira:

  • 1. lotea: Andre Gobadarien Parkeko jolas- eta aisialdi-eremuak egokitzeko elementuak hornitu eta instalatzea 185.225 eurotan Benito Urban S.L enpresari esleitu zaizkio.
  • 2. lotea: Sagardo plazako jolas-eremua eraldatzeko beharrezkoak diren jolas-elementuak hornitu eta instalatzea 48.887 eurotan Benito Urban S.L enpresari esleitu zaizkio.

Lanak uda amaitu baino lehen hasiko dira; ibai parkekoek 16 asteko iraupena izango dute eta Sagardo plazakoek 10 astekoa.

Brigadaren lokala

Construcciones Zubieder, S.L-ri esleitu zaizkio Brigadaren lokalaren obrak, 668.888,92 eurotan. Iraila-urria aldera hasiko dituzte obrak eta 10 hilabeteko iraupena izango dute.

Sagardotegi zeharrako saneamendua (Oialume-Martindegi)

Oialume-Martindegi eremuko ur beltzen saneamendu-sarea handitzeko obren 1. faseako kontratua Sasoi Eraikuntzak SL enpresari esleitu zaizkio, 318.900,00 eurotan. Iraila-urria aldera hasiko dituzte lanak eta 4 hilabeteko iraupena izango dute.

Gabonetako argiak

Ximenez Catalunya SLU enpresari esleitu zaio Gabonetako argiteriaren horniketa, muntaketa/desmuntaketa eta mantentze/konponketaren kontratua, 63.532,80 eurotan.Kontratuak bi urteko iraupena izango du eta bi luzapen egin ahal izango zaizkio, bakoitza urtebetekoa.

Argiak abenduaren 14aren hurrengo lanegunean piztuko dira eta urtarrilaren 6aren hurrengo lanegunean itzaliko dira.

Ibai parkea handitzeko proiektua

Andre Gobadarien ibai parkearen handitzean egingo diren lanak, ibilgua desbideratu, oinezkoen pasealekuak egin eta poligonoaren azpialdeko eremua berreskuratzea izango dira, besteak beste. Tokiko Gobernu Batzordeak proiektua ontzat eman eta obrak esleitzeko lehiaketa martxan jartzea onartu zuen. Lizitazioaren gehienezko aurrekontua 603.914,59 eurokoa izango da (Beza barne). Lanak irailaren amaieran esleitzea aurreikusten da, eta obrak hasten direnetik 4 hilabeteko epean gauzatuko dira.

Harreman osasuntsuak eta parekideak eraikitzeko aholkularitza eta sentsibilizazio jarduerak burutzeko zerbitzua

Jarduera hauek 5 loteetan zeuden banatuta. Bost horietatik bi lote esleitu dira eta beste hirurak hutsik gelditu dira.

  • 1. lotea: Herritarrentzako sexu eta harreman afektiboak, Xelebreak sexología, igualdad e interculturalidad enpresari esleitu zaio, 17.600 eurotan.
  • 3. lotea: Harreman osasuntsuak eta parekideak, Harremanak hezkuntza elkarteari esleitu zaio 65 euro/orduko prezioan.
  • 2. lotea, karpa morea; 4. lotea, ingurune digitala; eta 5. lotea, ikasleei zuzendutako kontsumo arduratsua eta droga-menpekotasuna prebenitzeko formakuntza-zerbitzua, hutsik gelditu dira.

Dirulaguntzak

Tokiko Gobernu Batzordeak hainbat dirulaguntza onartu zituen, horien artean izendunak eta lehia askekoak:

  • Astigar elkarteari, Astigarraga Aldizkaria argitaratu eta euskal dantza eskolak emateko, 21.800 euroko dirulaguntza izenduna.
  • Danak Bat Ergobiko elkarteari, Ergobiako jaiak antolatzeko, 13.500 euroko dirulaguntza. Horretaz gain, karpa zein eszenatokiko estalkia alokatzeko eta muntatzeko gastua Udalak hartuko du bere gain.
  • Astikat elkarteari, herriko katuen kolonien jarraipena eta kontrola egiteko, 5.000 euroko dirulaguntza izenduna.
  • Guztion, Astigarragako lokal huts batean merkataritza-jarduera bat jartzeko programaren baitan, 4.000 euroko laguntza eman zaio Amane Fisioterapia lokaleko arduradunari, lokal hori berritzeko eta hornitzeko erabilitako gastuaren zati bat kubritzeko.

Proiektuen onarpena

Bi proiektu onartu zituen atzo Osoko Bilkurak:

Kiroldegiaren oinarrizko proiektua

Kiroldegia handitzeko oinarrizko proiektua onartu zuen atzo Osoko Bilkurak, eta ejekuzio proiektua une honetan idazten ari dira. Udazkenerako amaituta egongo da ejekuzio proiektuaren idazketa, eta hori jasotakoan, Udalak lehiaketa bat abiatuko du lehen faseko obrak egingo dituen enpresa aukeratzeko.

Hilerria berritu eta beilatokia egiteko aurreproiektua

Hilerria zaharkituta gelditu dela ikusita eta hileta zibilak egiteko leku aproposik ez dagoela herrian, hilerria berritzeko aurreproiektua landu da eta atzoko Osoko Bilkuran eman zitzaion oniritzia aurreproiektuari. Momentuz, bere horretan utziko da, eta datozen urteetako inbertsioen arabera abiatuko da ejekuzio proiektua.