Albisteak

Atzealdea Agintaldiaren erdia bete da eta Udal Gobernuak balorazio positiboa egin du

3
2023-2025 urteetarako aurreikusitako proiektu eta zerbitzu garrantzitsuenak martxan edo bideratuta daude

2025·06·26


Bi urte bete dira udal gobernuak kargua hartu zuenetik, legegintzaldi erdia, eta, aukera paregabe hau aprobetxatu nahi izan du balorazio bat egiteko eta herritarrei aurreikusitako proiektuen egoeraren berri emateko.

Horretarako, Udalak batzar ireki bat egin zuen atzo herritarrekin, proiektuen egoeraren berri eman eta bi urte hauetan egindako lan nagusien laburpena eta balorazioa egiteko. Horrekin batera, herritarrek ekarpenak eta galderak egin zituzten eta hausnarketarako tartea ere zabaldu zen.

Hona hemen, agintaldiaren lehen bi urteetan izan diren lorpen nagusiak:

Astigarragak izan duen hazkundearekin txiki geratu diren zerbitzu batzuk egokitzeko eta beharrak asetzeko, hainbat azpiegitura eta obra behar dira herrian, eta bidean edo amaituta daude: 

  • Hezkuntzaren arloan Herri Eskolaren handitzea amaitu berri da eta DBH eraikinari dagokionez, Udalak egin beharrezko lanak egin zituen lursailean eta Eusko Jaurlaritzari laga zion. Orain Eusko Jaurlaritzatik exekuzio proiektua jasotzeko zain dago Udala.
  • Anbulatorioaren kasuan ere, Udalari zegokion Plan Orokorraren aldaketa puntuala egitea eta hori ere bideratu du.
  • Kiroldegiaren obrari dagokionez, 2025a amaitu aurretik hasiko da transformagailuaren obra, eta kiroldegiko lanak 2026ko lehen hilabeteetan.
  • Euskaltegiaren egoitza berria egiteko lanak ere urtea amaitu aurretik hasiko dira.
  • Udal brigadaren lokal berria amaituta dago eta horrekin batera, sail horretan, beste batzuetan bezala, Udalak pertsonala indartu du, herritarrei zerbitzu hobea eman ahal izateko.
  • Behin-behineko ludoteka Pagoaga etxearen lokalean egiteko, proiektua idatzi du Udalak.
  • Mugikortasunari dagokionez ere urrats garrantzitsuak eman dira: taxiaren araubide bereziko eremua sortu da; Aldiriko tren geltokia egiteko Udalak hitzarmena onartu zuen, obren lizitazioa martxan dago eta hitzarmena aurki sinatzea espero da, obrak 2026 urte hasieran martxan egotea espero da; eta herriko bidegorri-sarearen proiektuen idazketa egin du Udalak. Azkenik, autobusaren gaiarekin Udala lanean ari da, Aldundiak ospitaleetara doan autobusa jar dezan.
  • Irisgarritasunaren arloan ere hainbat lan egin dira, ikusgarriena, Apeztegiko igogailua izan da.
  • Ibai parkea adin guztietako herritarrentzat aisialdirako gune bilakatu da egindako lanekin: jolastokia, kalistenia, makina bio-osasungarriak, txakur eremua, parkearen handitzea...
  • Herriguneko argiteria guztia LED teknologiara pasa da.

Azpiegitura eta obrez gain ere hainbat proiektu garatu dira, hain ikusgarriak ez direnak, baina guztiz beharrezkoak, hauek dira horietako batzuk: HAPOaren berrikuspena, urtea amaitu aurretik emango zaio hasierako onarpena; Etxebizitzari dagokionez alokairurako dirulaguntzak jarri dira martxan lehenengo aldiz eta Astigarraga hiri tentsiodun izendatzeko eskaera egin zaio Eusko Jaurlaritzari; tokiko merkataritza sustatzeko kontsumo ohiturei buruzko ikerketa egin da eta herriko establezimenduei aholkularitza eta laguntza eskaini; Astigarragako memoria historikoa berreskuratzeko helburuarekin Orbanen Egia dokumentala ekoitzi da; menpekotasun arriskuan dauden pertsonentzako eguneko arreta zerbitzua jarriko da aurki martxan.

Horrekin batera, aipatu beharra dago, Udalak urtero egiten duen ahalegina herriko elkarteek eta herritarrek egiten duten lana sustatzeko dirulaguntza deialdiak eta hitzarmenak abian jartzen (lehia bidezko dirulaguntzak eta dirulaguntza izendunak); 2025ean, esaterako, 1.054.607,05 euro bideratuko dira dirulaguntzetan.

Egindako proiektu horiez gain, aipagarria da lehen bi urteetan ezustean beste proiektu eta lan batzuk sortu direla, aurreikusita ez zeudenak. Proiektu horiek denbora eta ekonomia aldetik dedikazio handia eskatu diote Udalari, eta, horren ondorioz, lehentasunak ezarri behar izan dira, beste proiektu batzuk bidean utzi edo atzeratuz. Hauek dira, besteak beste, horietako batzuk: Añarbeko bigarren kanaleko obra, uraren zikloa digitalizatzea, Astigarragako Herri Eskolako galdara, Kiroldegiko transformagailua, Astitxiki 2 lokala haurreskolari 2025-2026 ikasturterako uztea eta horretarako egokitzapen lanak egitea.

Legealdi erdia pasa da, bai, baina oraindik beste erdia geratzen da, eta udal gobernua gogotsu dago beste hainbat proiekturi ekiteko, hauek dira, besteak beste, 2026-2027 urteen buruan egitea aurreikusten direnak:

  • Harrera plana eta Hezkidetza plana sortu.
  • Auzo zaharkituenetan hobekuntzak: Batetik, Ergobiako auzoan Urumea ibaiko lanak, Ergobiako zubian, eta Ergobiako plazaren birgaitzea egitea. Bestetik, Anuska auzoan hiritartze lanak.
  • Umako azokagunea, baserritarrek postua jartzeko gune egokia izan dezaten.
  • Bidegorria Pelotari-Kale Nagusian (DBHra iritsiko dena).
  • Herriko gazteentzat: entsegu gelak egitea eta Kultur Etxe zaharra gazteen gune bilakatzeko egokitzea.
  • Herriko adineko pertsonentzat: +55 gunea.
  • Udal bulegoen antolaketari ekiteko ongizate saileko udal bulegoen lokala egokitzea.
  • Herritarrentzako informazioa eta arreta zerbitzua eratuko da.
  • Zarkumendegiko hiritartzea ia amaituta dago, eta datozen hilabeetan egingo dira sarrera eta aparkalekua.
  • Errekalden aparkalekua egingo da.

Balorazioa

Legegintzaldiko planaren %54,84 beteta, udal-gobernuak uste du erritmo egokian ari dela lanean, eta agintaldia amaitzeko geratzen diren bi urteetan ildo horretan jarraitzeko asmoa agertu du.

Agintaldi planaren jarraipena: agintaldi planaren jarraipena sei hilero eguneratzen du Udalak. Hemen ikus dezakezu azken eguneraketa. Une honetan denboraren %50 igaroi delarik, betetze-maila %54,84koa da.

1 2 3