Albisteak

Atzealdea Adierazpen instituzionalak eta diru kontuak nagusi azaroko ohiko Osoko bilkuran

Azaroaren 26an ohiko Osoko Bilkura egin zen Astigarragako Udalean. Gai ugari proposatu eta onartu ziren. Lau adierazpen instituzional eta 2020ko ordenantza fiskalak, besteak beste.

2019·11·29


Adierazpen instituzionalak

Lau adierazpen instituzional onartu ziren Osoko Bilkuran, guztiak EH Bilduk proposatuta eta oposizioarekin adostu eta onartutakoak.

  • Emakumeenganako indarkeriaren kontrako nazioarteko egunaren ingurukoa, non Euskal Herria feminista, justu eta kalitatezko baten aldeko aldarrikapenarekin, bide horren eraikuntzan konpromiso zehatzak hartu zituen Udalak. Ikusi adierazpena hemen
  • Haurren eskubideen aldarrikapenaren egunaren ingurukoa, non Astigarragako Udalak konpromisoa hartu zuen, batetik, aldarrikapena bere egin eta ezagutzera emateko, eta, bestetik, bere eskumenen baitan lan gogotik egiteko, Astigarragako haur eta nerabeek beren autonomia garatzeko behar diren babes eta baliabideak izan ditzaten. Ikusi adierazpena hemen.
  • 2019ko euskararen nazioarteko egunaren ingurukoa, non Astigartar guztiak eta herriko eragileak gonbidatu zituzten instituzio publikoekin dituzten harreman guztietan, ahozkoetan zein idatzizkoetan, euskaraz jardutera; 2019ko Euskararen Nazioarteko Egunaren harira Astigarragan burutzen diren ekimenetan parte hartzera eta Euskaraldia lantzeko 2020ko urtarriletik aurrera burutuko diren jardueretan parte hartzera. Ikusi adierazpena hemen.
  • Boliviako estatu kolpea salatzeko adierazpena, non gogor salatu zen Bolivian ematen ari den estatu kolpea eta babesa adierazi zitzaien Evo Morales presidenteari eta Bolivia osoan kolpearen kontra mobilizatzen hasi diren herritarrei. Ikusi adierazpena hemen.

Zerga fiskalak

Zerga fiskalei onarpena eman zitzaien Osoko Bilkuran, Udalak %2ko igoera orokorra ezarriko du zerga gehienetan. 6 urte inguru dira tasa, zerga eta udal zerbitzuengatik ordaindu beharrekoari ez zaiola inolako igoerarik ezarri. Ondorioz, urte hauetan guztietan udalarentzat zerbitzuak %5 garestitu diren bitartean, urteroko ohiko diru-sarrerak izoztu egin dira, zerbitzuen defizita %5era igoaraziz. Defizit honen areagotzeak, udalak beste inbertsio eta gastuetara baliabide nahikorik eskaintzea ekidin du.

Aurreko udal gobernuaren politika eta oposizioko lehen taldeak babestutako posizioa mantenduz gero, oinarrizko zerbitzuen murrizketak aplikatzera behartuko luke Udala eta murrizketak ekiditeko %2eko igoera onartu zuten EH Bildu eta PSE-EEko kideak.

Hala ere, Udalak kontuan izan ditu ordaintzeko arazoak izan ditzaketen herritar eta familiak; horregatik, familiako kide kopurua eta errenta kontuan izango dituen hobari sistema martxan jarri du lehen aldiz: ura eta zaborraren tasetan, hilerria erabiltzeagatik ordaintzen den tasetan, gazte lekuko irteerako tasetan eta kultur ikastaroetako tasetan izango dira hobari berri hauek. Adibidez, 3 kideko familia batek 1.413 euro baino gutxiago kobratzen badu, zabor tasarengatik, urtean 104,54 euro ordaindu beharrean, 10,45 euro ordainduko ditu (%90eko hobaria).

Udal Gobernuaren apustua argia da: gehien duenak gehiago ordaintzea eta gutxiago duenak, gutxiago, hau da, zerga sistema justuagoa osatzea, guztion baliabideak guztion artean hobeto banatzeko. Bestetik, etxeen alokairu merkatua mugiarazteko, etxe hutsen errekargoa %35etik %50era igotzea erabaki zuen ere Udal Osoko bilkurak. Azkenik, etxe zaharren berritzea eta egokitzea errazteko, energia eraginkortasuna hobetzeko eta Etxebizitzen Azterketa Teknikoarengatik (EAT) obrak egin behar dituzten etxe jabeei hobariak aplikatzea era onartu zen.

Aipatutako neurri hauek guztiak EH Bilduk proposatutakoak izan ziren eta EH Bilduk eta PSE-EEko kideen babesa jaso zuten. EAJ, aldiz, aurka egin zuen.

Kreditu aldaketa

Arrobitxuloko igogailuak eta DBH proiektuek duten premia kontuan izanda, eta gastu partidetan ez dagoela nahiko krediturik aipatutako proiektuen gastuei aurre egiteko 784.185,44 euroko kreditu aldaketa egitea onartu zuen Osoko Bilkurak.

Kopuru horretatik 670.000,00 euro Arrobitxuloko igogailuarentzat erabiliko dira, eta 114.185,44 euro DBH proiektua egiteko. Udal Gobernuak Arrobitxuloko igogailuaren obren lizitazioa urtea amaitu aurretik hastea du helburua.

Alokairu sozialeko etxebizitzak

Alokairu sozialeko babes ofizialeko 7 etxebizitza zozkatuko dira, guztiak Aiotzategi 4 zenbakian daude kokatuta daude eta egun okupatuak egon arren, 2020ko martxoaren 31ean amaitzen zaie kontratua etxe hauetan guztietan bizi direnei.

Etxebizitza horien ezaugarriak hauek dira: 4 etxebizitza 3 logelakoak izango dira; beste 2 etxebizitza 2 logelakoak, eta bestea, 2 logelakoa ezindu edo desgaituentzat egokitutakoa. Urtean gutxienez 3.000 euroko eta gehienez 39.000 euroko diru-sarrera haztatuak izatea egiaztatu behar da zozketan parte hartzeko. Baina hala ere, lehentasuna 25.000 euro baino gutxiagoko diru sarrera haztatuak dituzten eskatzaileek izango dute.

Alokairu-kontratuek 7 urteko iraupena izango dute baina urtero errebisatuko dira hasierako baldintzak betetzen diren egiaztatzeko.