Albisteak
Atzealdea Abian da aurtengo Arnasetik bideo-sormen lehiaketa, gazteen sormena sustatu eta gazteak hizkuntza ohituren inguruan kontzientziatzeko
2025·10·01

Arnasa Gara ekimenak ARNASETIK bideo-sormen lehiaketa antolatu du aurten ere, euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena eta euren hizkuntza ohituren eta herrien inguruan gogoeta pizteko. Arnasa Gara UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da, eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmenduz. Iaz 260 lan jaso zituen lehiaketak, eta 4.200 bozkatik gora publikoaren sariak.
Lehiaketan, euskararen arnasguneetako ikastetxeetako ikasleek, zein arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleek hartu dezakete parte, banaka edo taldeka. Haien egitekoa euskarari lotutako istorioak kontatzea izango da bi minutuko ikus-entzuneko lanen bidez, eskatutako erronkari erantzunez.
Hiru gai nagusi
Aurreko urteetan bezala, ARNASETIK lehiaketa aurten ere hiru kategoriatan banatzen da, adinaren arabera. Kategoria bakoitzean erronka zehatz bati erantzuna emateko bideoak aurkeztu beharko dituzte gazteek.
LH 5. eta 6. mailako ikasleek gurasoek eta aitona-amonek herrian esaten zituzten esamoldeak bilatu eta gaur egungo baliokideak aurkitu edo asmatu beharko dituzte.
DBH 1. eta 2. mailetako ikasleak arnasgune batean bizitzeko casting batera aurkeztuko dira, eta ia dena euskaraz egin daitekeen herri batean bizitzeko arrazoi nagusiak azaldu beharko dituzte.
Azkenik, DBH 3. eta 4. mailetako ikasleek pentsatu beharko dute beraien herria utzi behar izanez gero zeren falta sumatuko luketeen.
Kategoria bakoitzak 500 euroko bonua jasoko du, eta kopuru bera jasoko dute publikoaren sarian gailentzen direnek ere. Bonuak honakoetan erabili ahal izango dituzte, nahi duten moduan: IrisarriLand-en, Durangoko Azokan, Goazen! eta Irabazi arte! telesailen EITBren merchandisingean, Gure Zirkuan, eta abar. Gazteek beraien sormen lanak irailaren 15etik urriaren 31ra bidaltzeko aukera izango dute eta publikoak azaroaren 5etik 15era izango du epea bozka emateko arnasagara.eus webgunean.
Sari banaketa
ARNASETIK lehiaketaren sari banaketa Leitzako Herri Aretoan izango da, azaroaren 27an. Kategoria bakoitzeko irabazleen lanak proiektatu eta sariak banatuko dira ekitaldian.
