Albisteak
Atzealdea Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Udalak eta herriko eragileek elkarlanean hainbat ekintza antolatu dituzte
2024·11·29
Asteartean, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da eta herrian hainbat ekitaldi antolatu dira. Baina, Euskararen Eguna ospatzearekin batera hausnarketarako tartea zabaltzea ere garrantzitsua da. Izan ere, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua moteldu egin da azken hamarkadetan. Hiztunen kopurua zenbaki absolutuetan handituz doan arren, hainbat gertakarik erakusten dute aurrerapen horren ahultasuna. Euskal Herri osoan gero eta gutxiago dira euskaraz erdaretan baino errazago moldatzen diren hiztunak. Zenbakietara etorrita, hiztunen % 17,5ek baino ez du euskara erdarak baino gehiago erabiltzen.
Astigarragako egoera antzekoa da, euskararen erabilerari buruz egindako diagnostikoan horri buruzko datu esanguratsuak atera ziren: Azken 20 urteetan euskararen ezagutzak 5 puntu egin du gora, baina azken bi neurketen artean 7 puntuko jaitsiera gertatu da kaleko erabileran eta % 30 ingurukoa da (10 elkarrizketatik 3 baino ez dira euskaraz). Azken neurketan haurren eta gazteen erabilerari buruzko inoizko daturik baxuenak bildu ziren. Etxeko hizkuntzaren bilakaerari dagokionez, familia euskaldunen etxeko hizkuntza gero eta gutxiagoetan da euskara (20 urtetan 12 puntu baino gehiago jaitsi da). Gaur egun, astigartarren laurden batek baino gutxiagok du euskara etxeko hizkuntza.
Udalak lanean dihardu euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko, eta horretan jarraituko du.
Euskararen Nazioarteko Eguneko jarduerak
Abenduaren 1etik 5era adin guztietako pertsonei zuzendutako jarduerak egingo dira Astigarragan. Ekintza hauek Udalak eta herriko hainbat eragilek antolatu dituzte elkarlanean: Astigarragako Euskaltegia, Xaguxar, Musika Eskola, Gazteleku eta Gure Izarra. Udalak eragileek egindako lana eskertu nahi du.
- Abenduak 1
- Mihiluze txapelketa: Telebista saioko lehiaketan oinarritutako txapelketa; taldeka, gaztelekuko erabileentzat, Gaztelekua, 17:30ean. •
- Abenduak 2tik 5era
- Irakurri euskaraz liburu bilduma: Euskararekin eta euskal literaturarekin zerikusia duten liburuekin osatutako interesgunea; haur, gazte nahiz helduentzat, liburutegian.
- Abenduak 3
- Herri-txokolatada haur eta helduentzat; horma-irudirako eskulan tailerra haurrentzat; 16:30etatik aurrera, Foru plazan.
- Kalejira 18:00etan, Foru plazatik Kontxa Etxeberria plazara.
- Irradaka soka dantza eta horma-irudi kolektiboa, 18:30ean, Kontxa Etxeberria plazan.
- Euskaldungak euskaldunzahar eta euskaldunberri baten abenturak, umorezko saioa, 19:30ean, Erribera kulturgunean.
Ikus egitarauaren kartela
Herri Eskolak, Kiriketa haurreskolak eta kiroldegiak ere hainbat ekintza antolatu dituzte Euskararen Eguna dela eta, euren komunitateari eskainita. Kiroldegiaren kasuan, haurrentzako zumba, jump fit eta bungee ikastaroetan bulego taldearen "Zurekin" kantua aukeratu dute eta ikastaro hauetako talde guztiek elkarrekin dantzatuko dute.
Udalak, bestalde, adierazpen instituzional bat onartu zuen azaroaren 26ko Osoko Bilkuran, alderdi guztiek aho batez onartuta. Ikus hemen adierazpena.