Albisteak

Atzealdea Abenduan egindako ebaluazioaren arabera, une honetan, Udalaren Legegintzaldiko Planaren betetze-maila %62koa da

Udalak sei hilero berrikusten du betetze-maila. 2025eko bigarren sei hilekoan izan diren lorpen eta urrats esanguratsuenak daude ondoren laburbilduta.

2026·02·04


Plana sei ardatzetan banatuta dago: aukera berdintasunak; zerbitzu, programazio eta ekipamenduak; garapen ekonomikoa; herri-ingurunea eta klima-krisialdia; herri bizi, aktibo eta kohesionatua eta udal antolamendua, baliabideak eta azpiegiturak. Atal bakoitzaren barruan proiektuak daude, eta egingo diren ekintzak eta gauzatzeko epeak ere ikus daitezke.

Une honetan (2025eko abenduko datuak dira), agintaldiaren epe edo denbora osoaren %64 igaro delarik, planean jasotako proiektuen gauzatze-maila % 62koa da.

Planaren betetze-mailaren xehetasunak ikusi nahi izanez gero, ikus hemen: Proiektuen jarraipen-taula (betetze-maila).

Hona hemen 2025eko bigarren seihilekoan gauzatutako edo egindako urratsik esanguratsuenak, ohiko zerbitzu eta lanez gain egin direnak:

Hirigintza, obrak, zerbitzuak eta irisgarritasuna

  • Osasun zentroa: plan orokorraren aldaketa puntualari behin betiko onarpena eman dio Udalak. Osakidetzak Udalari adierazi zion aldaketa hori egin arte, hau da, adostutako espazioa egokia dela ziurtatu arte, ez zuela proiektua martxan jarriko. Horregatik da hain garrantzitsua Udalak eman duen urrats hau.
  • Irisgarritasuna: Udaletxeko sarrera eta Emakumeon etxeko sarrera moldatzeko obrak egin ditu Udalak.
  • Apeztegiko igogailua amaitu eta martxan jarri dugu. Herrian dagoen bigarren igogailu publikoa da Apeztegikoa. Igogailu honekin udalerriko irisgarritasuna nabarmen hobetu da, ekialdean bizi diren herritarrei kota altuagoan dauden eraikin eta azpiegitura publiko nagusietara (udaletxea, kiroldegia, herri eskola, pilotalekua...) irisgarritasuna bermatu zaielako.
  • Hondakinen bilketa eta tratamendu zerbitzuen azterketa eta ordenantza fiskalaren egokitzapena burutu ditu Udalak, azken egokitzapenak eginez eta 2026ko ordenantzan txertatuz.
  • Añarbeko ur hodiaren obrak baliatuz, hainbat hobekuntza egin ditu udalak Kale Nagusian eta Iparralde bidean eta Oiarbide bidean (bazterguneak, saneamendua, bidea zabaldu...).
  • Hainbat obra burutzeko kontratazio espedienteak bideratu dira, hala nola: euskararen etxearen (euskaltegiaren) obra, Ergobiko plaza berritzeko obra, Umakoko azokagunea, Pelotari kaleko bidegorria...

Etxebizitza

  • Astigarraga hiri-tentsionatu gisa izendatuta geratuta behin betiko 2025eko azaroan. Horrek hanbat abantaila dakartza alokairu-kontratuak dituzten maizterrentzat (esaterako, kontratu berrietan alokairuaren prezioa mugatzea, kontratua urtero luzatzeko aukera egongo litzateke...).
  • Alokairuko laguntza sistema. Gazteak herrian errotzea eta emantzipatzea garrantzitsua da Udalarentzat. Horrela, jarraipena eman zaio 2025ean aurreko urtean jarritako laguntzen deialdiari.
  • Larrialdiko etxebizitzen ordenantza eguneratu du Udalak, etxebizitza gehiago gehituz.

Berdintasuna

  • Berdintasun planean aurreikusitako ekintzak burutu dira.
  • Emakumeon etxearen laguntza handitu da.
  • Udal barneko berdintasun plana landu eta onartu du udalak.
  • Indarkeria matxistaren aurreko erakunde arteko protokoloa eratzeko lanketa egin da.

Hezkuntza

  • Herri eskola handitzeko lanak amaitu ditu Hezkuntza Sailak.
  • DBHko ikastetxearen exekuzio proiektua idazten amaitu du Hezkuntza Sailak, eta ondoren lehiaketa egingo du obrak esleitzeko.
  • Nabarra Oñatz helbideko udal lokalak haur eskola gisa erabiltzeko izapideak eta obrak egin ditu Udalak, 2025-26 ikasturtean erabili ahal izateko.
  • Herri Eskolako galdara-sistema aldatzeko proiektua landu du udalak eta aurrekontuan beharrezko zuzkidura onartu du.
  • Udalaren euskararen plana landu eta onartu du Udalak 2025eko bigarren seihilekoan. Horrekin batera, euskara zerbitzua indartzeko programa berezia landu du eta beharrezko aurrekontu zuzkidura onartu du.

Kiroldegia

  • Kiroldegiaren obra-proiektua onartu eta lehiaketa martxan jarri du Udalak.
  • Transformagailu berria eraikitzeko obra zibila burutzen hasi da Udala.
  • Kiroldegiaren proiektua gauzatzeko bestelako hainbat lan egin ditu udalak: zuzendaritza, osasuna eta segurtasuna kontratatzeko lehiaketak landu dira.

Ongizate arloa

  • Eguneko arreta zerbitzua martxan jarri du Udalak.
  • Zerbitzu-proiektu berriaren arabera egindako lehiaketa burutu eta esleitu du Udalak.
  • Aurrekontu zuzkidura ziurtatu da 2026an Ongizateko Bulegoen obra egin ahal izateko.
  • Bertako komertzioa sustatzeko esku hartze programa eta sentsibilizazio kanpaina burutu dira.

Garraioa eta mugikortasuna

  • Taxia: Donostialdeko araubide bereziko eremua sortu eta gero, hiztarmena sustatu du Udalak Astigarragako taxi zerbitzuarekin eta Radio Taxi Donostirekin. Hitzarmen horrek hobekuntza nabarmena ekarri du taxi zerbitzuan 2025eko bigarren seihilekoan.
  • Bus zerbitzua. Hainbat ahalegin egin dira Aldundiarekin eta Lurraldebusekin. Lanketa horrek emaitza argiak ekarri ditu 2025eko bigarren seihilekoan, batetik, Aldundiak iragarri du 2026an linea berri bat jarriko duela (Astigarraga-Ospitalak-Unibertsitatea) eta, bestetik, hobekuntzak egingo dituela autobus artikulatuekin (Hernaniko Udalak bere aldetik hainbat egokitzapen egin ditu hori ahalbidetzeko).
  • Herri barruko autobus zerbitzua martxan jartzeko aurrekontu zuzkidura onartu du Udalak.
  • Pelotari kaleko bidegorria: Pelotari kaletik barrena Kale Nagusira eta hortik DBHko ikastetxearen partzelara doan bide gorriaren proiektuaren lehen zatiaren lehiaketa egin du Udalak (Pelotari kalea); obra horiek 2026ko urtarrilean hasi dira.
  • Aldiriko tren zerbitzuaren geltokia eta errio gaineko pasabidea eraikitzeko hitzarmena sinatu du Udalak eta obrak urte amaieran hasi dira.

Lehen sektorea

  • Ordezkapen zerbitzua indartu du Udalak, Behemendirekin elkarlanean.
  • Dirulaguntzak lehen sektorearentzat: 2024an sortutako deialdiari jarraipena eman zaio 2025ean (30.000 euroko deialdi irekia).

Partehartze prozesuak

  • Zaintza planaren prozesuari ekin zaio 2025eko udazkenean.
  • Aurrekontuak lantzeko auzoz auzoko bilera-saioak egin dira.
  • Arloz arloko saio eta bilerak egin ditu: elkarteekin 2026ko dirulaguntza izendunei buruz, plan orokorreko etxebizitza-unitateetako jabeekin eta abar.

Udalaren kudeaketa eta antolamendua

  • Arreta Zerbitzua onartu du Udalak, eta hurrengo urratsak finkatu ditu.
  • Giza baliabideen inguruko beste hainbat erabaki hartu ditu lanpostu zerrendari eta organigramari eraginten diotenak.
  • Ohiko prozesuak burutu ditugu 2026ko aurrekontua nahiz ordenantza fiskalak onartzeko.
  • Hainbat hautaketa prozesu bideratu dira: oposizio-lehiaketak, lanpoltsen bidez eta abar.

Beste ekimen batzuk

  • Zarkumendegiko industrialdea hiritartzeko proiektuaren obrak ia amaituta, obrak hartzeko behin behineko akta sinatu da.
  • Bidebitarteko enpresei laguntza eta babesa eman zaizkie, elkartea sortzeko.

Udal gobernuaren balorazioa bi hitzetan

2025ari buruzko balorazioa oro har ona da, egitasmo ugari amaitzearekin eta beste batzuk martxan jartzearekin batera, garrantzitsuak diren hainbat proiektutan urrats esanguratsuak egin direlako.