Albisteak
Atzealdea Abenduan egindako ebaluazioaren arabera, une honetan, Udalaren Legegintzaldiko Planaren betetze-maila %45,74koa da
2025·03·06
Plana 6 ardatzetan banatuta dago: aukera berdintasunak; zerbitzu, programazio eta ekipamenduak; garapen ekonomikoa; herri-ingurunea eta klima-krisialdia; herri bizi, aktibo eta kohesionatua eta udal antolamendua, baliabideak eta azpiegiturak. Atal bakoitzaren barruan proiektuak daude, eta egingo diren ekintzak eta gauzatzeko epeak ere ikus daitezke.
Une honetan (2024ko abenduko datuak dira), agintaldiaren epe edo denbora osoaren %38 igaro delarik, planean jasotako proiektuen gauzatze-maila % 45,74koa da.
Planaren betetze-mailaren xehetasunak ikusi esteka honetan: Proiektuen jarraipen-taula (betetze-maila)
Hona hemen 2024ko bigarren seihilekoan gauzatutako edo egindako urratsik esanguratsuenak:
Hirigintza, obrak, zerbitzuak eta irisgarritasuna
- Osasun zentroa: plan orokorraren aldaketa puntualari hasierako onarpena eman dio Udalak. Osakidetzak Udalari adierazi zion aldaketa hori egin arte, hau da, adostutako espazioa egokia dela ziurtatu arte, ez zuela proiektua martxan jarriko. Horregatik da hain garrantzitsua Udalak eman duen urrats hau.
- Irisgarritasuna: Udaletxeko sarrera eta Emakumeon etxeko sarrera moldatzeko proiektuak idatzi ditu udalak.
- Apeztegiko igogailuaren lanek aurrerapen handia izan dute epealdi horretan eta ia amaituta dago. Herrian dagoen bigarren igogailu publikoa da Apeztegikoa. Igogailu honekin udalerriko irisgarritasuna hobetuko da nabarmen eta ekialdean bizi diren herritarrei kota altuagoan dauden eraikin eta azpiegitura publiko nagusietara (udaletxea, kiroldegia, herri eskola, pilotalekua...) irisgarritasuna bermatuko die.
- Santiagomendiko hiritartzea: bigarren fasea idazten amaitu du Udalak.
- Hondakinen bilketa eta tratamendu zerbitzuen azterketa eta ordenantza fiskalaren egokitzapena burutu du Udalak.
Etxebizitza
- Astigarraga hiri-tentsionatu gisa izendatzea: hiri tentsionatuaren izendapanarekin hainbat abantaila izango dituzte alokairu-kontratuak dituzten maizterrek (esaterako, kontratu berrietan alokairuaren prezioa mugatzea, kontratua urtero luzatzeko aukera egongo litzateke...) eta Astigarragak hiri tentsionatu izateko bete beharreko baldintzak betetzen dituenez, abiatu du prozesua eta Eusko Jaurlaritzari egin dio eskaera.
- Alokairuko laguntza sistema. Gazteak herrian errotzea eta emantzipatzea garrantzitsua da Udalarentzat. Horrela, aurten lehen aldiz, Udalak atera dituen alokairurako laguntzak kolektibo horri bideratu zaizkio; dirulaguntzaren onuradunak 18 eta 35 urte bitarteko astigartarrak dira. Datozen urteetan dirulaguntzen deialdi honek beste ildo batzuk izatea du helburu Udalak, astigartarren beste adin-tarte eta familia-mota desberdinak integratzeko.)
- Etxebizitzaren inguruko datu eta azterketak egin ditu Udalak.
- Plan Orokorra berrikusteko prozesuan hainbat azterketa egin dira etxebizitzaren arloari buruz.
- Etxebizitza turistikoak mugatzeko ekimenak bideratu dira. Astigarragan gero eta interes handiagoa dago bizitegi-etxebizitzak erabilera turistikora bideratzeko. Udalak Plan Orokor berrian erabilera hori arautu eta mugatu nahi du. Bitartean, Udalak idatzi bat bidali die etxeetako komunitateei, jakin dezaten beraiek ere erabaki dezaketela pisu turistikoek jarduera bere komunitatean debekatzea.
Berdintasuna
- Berdintasun planean aurreikusitako ekintzak burutu dira.
- Emakumeon etxearen laguntza handitu da, bereziki bi faktorek eraginda; batetik, dinamitzailearen jornada handitzea, eta bestetik, lehen berdintasun sailetik bideratzen zen emakumeontzako aholkularitza juridikoaren zerbitzua errotu eta Emakumeon Etxeko hitzarmenean sartu delako.
- 2024ko azken lauhilekoan barneko berdintasun planaren diagnostikoa eta jazarpenen aurkako protokoloa burutu ditu Udalak.
Hezkuntza
- Herri eskola, 2. fasearen gaia landu: Hezkuntza Saila hasi da fase hori idatzeko urratsak egiten.
- DBH, obra baimena eman du Udalak: Udalaren aldetik azken urrats nagusia izan da Hezkuntza Sailari obra egiteko baimena ematea. Erabaki hori urriaren 29ko Tokiko Gobernu Batzarrean onartu du Udalak. Hemendik aurrera Hezkuntza Sailari dagokio, exekuzio-proiektua amaitzea eta, ondoren, obrak egiteko kontratua esleitzeko lehiaketa egitea.
Kiroldegia
- Kiroldegia berritu eta handitzeko proiektua onartu du Udalak 2024ko bigarre seihilekoan.
- Horrekin batera, hori gauzatzeko plan ekonomikoa onartu du, mailegua kontratatzeko lehiaketa egin du eta hiritartze lanen eta obra osagarrien idazketa burutu ditu.
Ongizate arloa
- Adintxikikoen arretarako zerbitzuak berantolatu eta indartzeko lanketa egin du Udalak.
- Erriberako ikasteko gelaren ordutegia zabaldu da.
- Ordenantza fiskaleko hobari sistema hobetu da.
- Kontsumitzaileen ohiturei buruzko ikerketa egiten hasi da Udala: helburua da jakitea Astigarragako establezimenduek zenbateraino betetzen duten 19 eta 44 urte bitarteko biztanleriaren segmentuak eskatzen duena.
Garraioa eta mugikortasuna
- Taxia: Donostialdeko araubide bereziko eremua sortzeko urratsak egin dira
- Bus zerbitzua. Hainbat ahalegin egin dira Aldundiarekin eta Lurraldebusekin. Oraingoz emaitza asegunetako lehen orduko zerbitzuak indartzea izan da.
Lehen sektorea
- Baserritarren mahaiari jarraipena: baserritarren mahaia 2014an eratu zuten Udalak Goldea elkartearekin batera, ondoren, hainbat urtez geldirik egon bazen ere, 2019an berriro martxan jarri zen. Mahai honetan, Astigarragako Udalaz gain, herriko baserritarrak, Goldea eta Baratze elkarteak eta hainbat eragile elkartzen dira lehen sektoreari eta baserritarrei bultzada emateko asmoz.
- Ordezkapen zerbitzua antolatu du Udalak, Behemendirekin elkarlanean.
- Dirulaguntzak lehen sektorearentzat, 2024ko deialdia kudeatu eta 2025ekoa aurreikusi da. 2025erako 30.000 euro aurreikusi dira baserritarrei proiektu eta jardueratan laguntzeko.
Partehartze prozesuak
- Parte hartze prozesua burutu da, adinekoen guneari buruz: prozesua 2024ko udazkenean hasi zen, 55 urtetik gorako herritarrentzat gune bateratu bat eskaintzeko helburuarekin. Gune hori definitu eta antolatzeko, hausnarketa-saio batzuk egin dira prozesuaren baitan herritarrekin eta Galtzaur elkartearekin. Horrekin batera, Aldundiaren eskumenekoa den eguneko zentroa ere bertan egongo dela aurreikusiz, hainbat bilera egin dira Aldundiarekin. Une honetan, prozesua daraman enpresa Aldundiarekin kontrastatzen ari da, eta datozen hilabeteetan aurkeztuko zaizkie herritarrei emaitzak eta prozesutik ateratako proposamena.
- Parte hartze prozesua burtu da, kultur etxe zaharra gazteen gune izateari buruz: prozesua 2024ko udazkenean hasi zen, eta herriko gazteen eta nerabeen partehartzearekin beharrak definitu, espazioa antolatu eta kudeaketa eredua zehaztu dira. Otsailean emaitzen berri eman zaie nerabeei eta gazteei, eta horrekin batera eraikinaren funtzionamendua adosteko gune bat sortuko da.
Udalaren kudeaketa eta antolamendua
- Udalaren berrantolaketa prozesua burutu da 2024an zehar, bereziki bigarren seihilekoan, kudeaketa eta koordinazioa hobetzeko.
- Arreta zerbitzu integralaren proiektuaren lanketarekin hasi da Udala.
- Brigadaren lokala amaitu, prestatu eta lekualdaketa amaitu da: Udalak lau lokal erosi zituen Troia ibilbidean brigadaren jarduna bertara eramateko. Udal brigadaren lan-espazio berriak eraikitako 907.89 m2 ditu guztira, eta horietatik 880.03m2 erabilgarriak dira. Lau lokaletatik hiru komunikatuta daude eta laugarrena udal tresneriaren biltegi gisa erabiliko da. Komunikatuta dauden hiru lokal horietatik bi guztiz lotuta geratu dira, horiek dira brigadak eguneroko jarduna bideratzeko erabiliko dituenak.
- Ongizateko zerbitzuen egoitza edo bulego berrien proiektuaren idazketa hasi eta aurreratu du Udalak. Nabarra Oinatz kaleko 3 eta 5 zenbakien behe solairuetan kokatuko da. Ongizate arloko udal zerbitzuak kokatuko dira bertan: Toki Garapena, Berdintasuna eta Gizarte Zerbitzuak. Helburua da ongizateari lotutako zerbitzuak gune atsegin eta bakarrean eskaintzeko espazio bat sortzea.
- Euskaltegiaren egoitza berriaren proiektuaren idazketa hasi eta aurreratu du Udalak. Nabarra Oinatz kaleko 11 zenbakian kokatuko da. Proiektu honi esker, euskaltegia gune bakarrean bateratuko da, euskararen etxea izango denari gune berritu eta egoki bat eskainiz.
- Bidebitarteko enpresen elkartea sortzea sustatzeko lanketa egin du Udalak. Udalak eta Bidebitarteko enpresek hainbat bilera egin ondoren, enpresek elkarte bat eratzea begi onez ikusi zuten. Lanketa horretan bidelagun izan da udala, aholkularitza eta bestelako laguntza eskainiz, eta elkartea eratzeko prozesua bide onetik doa.