Albisteak

Atzealdea Abenduak 3: Euskararen Nazioarteko Eguna

1
Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, antolatu diren ekintzetan parte hartzera gonbidatzen ditugu herritarrak.

2024·12·03


Astigarragako Udaleko Osoko Bilkurak 2024ko azaroaren 26an onartutako adierazpena

EUSKARA LARRIALDI EGOERAN

Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian European Language Equality Network (ELEN) erakundean onartu berri duten adierazpenari heldu nahi diogu.

Euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren azken hamarkadetako susperraldia moteldu denaren zantzuak agerikoak dira azken urteetan. Hiztun kopurua zenbaki absolutuetan handitzen doan arren, hainbat dira aurrerapen horren ahultasuna agerian uzten duten gertakariak. Iaz plazaratutako VII. Inkesta Soziolinguistikoan jasotako batzuk aipatzearren, Ipar Euskal Herrian hiztun kopuru erlatiboa apalduz doa oraindik, Nafarroan hamar ikasletik seik ez du inolako harremanik euskararekin bere ikasketa prozesu guztian, Euskal Autonomi Erkidegoko gune euskaldunenetan atzera egiten ari da euskararen erabilera, eta Euskal Herri osoko joera da euskaraz erdaretan baino errazago moldatzen diren hiztunak gero eta gutxiago direla. Zenbakietara etorrita, hiztunen % 17,5 baino ez dira egunerokoan euskara erdarak baino gehiago erabiltzen dutenak. Hau da, hizkuntza baten osasunaren adierazgarri behinena den erabilera soziala ahula da, eta hizkuntza praktikak orokorrean hartuz are eta gehiago ahultzeko joeran da.

Ahultasun horrek lotura estua du euskararen eta euskararen hiztun komunitatearen estatusarekin. Jakina den bezala, bere lurraldeko eremu zabal batean ukatua dauka ofizialtasuna. Eta ofiziala den eremuan, euskararen aldeko hizkuntz politikak eraisten ari diren epai sorta gertatzen ari da, normalizazio eta biziberritzearen aurkako oldarraldi judizial gogorra.

Halaber, globalizazioaren egungo bilakaerak, mugikortasunak eta errealitate sozio-demografikoaren bilakaerak erronka berriak ezarri dizkio normalizazio eta biziberritze prozesuari, baita bizitzaren digitalizazio eta merkantilizazioak ere. Globalizazioaren eta bizitzaren digitalizazioaren eraginez hizkuntza hegemonikoak are eta hegemonikoago dira, eta hizkuntza minorizatuak are eta zaurgarriago.

Hori guztia aintzat harturik, ELEN erakundeak euskara eta euskal hiztunen komunitatea larrialdi linguistikoan dagoela ohartarazi du. Hau da, indarrean diren joera soziolinguistikoak eta egiturazko arazoak iraultzeko neurri egokiak epe laburrean hartu ezean, atzeraldia datorrela. Hizkuntz politikan jauzi bat egin ezean, bizigarritasun soziala irabazi ordez galtzen hasteko bidean direla. Nolanahi dela, larrialdi linguistikoan dagoela adieraztea ez da arrangurarako deia, baizik eta euskararen normalizazio eta biziberritzea onbideratzeko lehen urratsa emateko modua.

Badakigu egoera iraultzeko lehen eginkizuna auzi hau agenda politiko eta sozialaren ardatzean jartzea dela. Horrenbestez, euskararen normalizazio eta biziberritzeak lehentasunezko ekinbidea eskatzen du. Eta prozesu honek guztiok behar gaitu.

Hori guztia esanda, Astigarragako Udalak honakoa adierazten du:

  1. Konpromisoa hartzen du bere eremuan larrialdiari aurre egiteko eta euskararen normalizazioa azkartzeko ekinbideak garatzeko.
  2. Euskararen erabilera handitzeko hizkuntza ohituretan eragitea helburu duen Euskaraldia antolatzen hasiko garen honetan, konpromisoa hartzen du ariketa sozial horren bueltan elkarlanerako bideak sortu eta Astigarragan euskarak arnasgune berriak irabazteko lanean jarraitzeko.
  3. Gonbidea egiten die astigartarrei abenduaren 3an Astigarragan nahiz Euskal Herriaren luze zabalean antolatuko diren ekintzetan parte hartzeko.

Abenduak 3, Astigarragako jarduerak

  • 16:30ean Foru plazan: Herri-txokolatada eta horma-irudirako eskulan tailerra
  • 18:00etan Foru plazatik abiatuta: Kalejira.
  • 18:30ean Kontxa Etxeberria plaza: Irradaka soka dantza eta horma-irudi kolektiboa.
  • 19:30ean Erribera kulturgunean: Euskaldungak umorezko saioa.
1